Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Patagoniako erpinetan izaniko mugimendua oparoa bilakatu da

Max Didier eta Siebe Vanheek Poincenot Orratzaren «Patagonicos desesperados» bidea era askean (7a+) igo dute. Leo Ghezak, berriz, bistan eskalatu du. Bitartean, Matteo Pasquetto eta Matteo Della Bordellak Cerro Torren eta El Mochon saio on bana egin dute.

Patagoniako ohiko denboraldia amaitzear dagoen honetan, oraindik jorratu gabe ditugun hainbat jarduera azpimarragarriren berri eman behar dizuegu. Lehena, adibidez, Max Didier eta Siebe Vanheek sinatutakoa da. Sokada honek izen handia duen marra bati puntu gorria jartzeko aukera izan du. “Patagonicos desesperados” da, 1989. urtean Daniel Anker eta Michel Piolak zabaldutakoa. 550 metro luze da, eta 6c eta A3 zailtasuna zuen. Eta diogu gradu hori zuela, Didier eta Vanheek, gehienez, era askean 7a+ gainditu dutelako.

Gogoratu behar dugu Poincenot Orratzean dagoen marra horren atzean goi mailako eskalatzaile ugari ibili dela, baina, aurreratu dugun bezala, puntu gorria Didier eta Vanheek lortu dute. Berezia bada ere, txiletarrak eta belgikarrak lehen aldiz sokada osatu dute. Eta “Patagonicos desesperados”-i ekin aurretik, beste hainbat eskalada egin zituzten. Vanheek honakoa adierazi du: «Gailurrak, saioak, baldintza arraroak... Patagonian egin dudan egonaldi labur horretan denetarik izan dut. Alabaina, ederra baino ederragoa izan da. Maxekin lau tontor zapaltzeko aukera izan dut, eta guztietan ala guztietan eguraldia ez dugu lagun izan. ‘Sangre en las pistas’ (7b), ‘Italiarra’ (7a)... horietako batzuk izan dira. 24 orduko leiho on batik ez dugu izan. ‘Patagonicos desesperados’-ekin gauza bera gertatu zitzaigun. 12 orduko leiho on bat iragarri, orratz horretan sartu eta helburua erdietsi genuen. Eskalada intentsoa eta emozioz beterikoa. Eguraldiarekin ez geunden batere lasai, eta erabakiak oso azkar hartu behar izan genituen».

Poincenoteko ekialdeko aurpegian jardun zutenez, protagonistek onartu dute haize erauntsietatik babestu samar zeudela. Arrokan eskalatu zituzten 14 luze horietan, halere, hotz handia izan zuten: «Eguraldi lainotsua izan genuen. Eskalada gogorra zen, baina oso emozionatuta igotzen ari ginen. Arrokaren kalitatea ez zen batere ona, eta, gainera, luze tekniko zailak gainditu behar izan genituen. Horrek guztiak erabat kontzentratuta egotea eskatu zigun».

“Patagonicos desesperados”-entzat egun bateko jarduna kalkulatu zuten. Lehen urratsak egin zituzten egun horretan tenperatura hotzek ez zuten asko lagundu: «Nahiz eta baldintzak oso egokiak ez izan, arazorik gabe bidearen lehen giltzara heldu ginen (6b, A2). Luze horretan, Max sokaburu joan zen. Diedro bat aurrean zuen, baina hura era askean igotzea ez zuen oso argi ikusten. Bat-batean, erorikoa izan zuen. Jarritako azken seguruak ez zuen gelditu eta erortzen jarraitu zuen. Zorionez, nire ondoan zegoen erlaitzaren kontra jotzea saihestu zuen. 18 metroko erorikoa izan zen! Shock egoera horretan, luze hori nik lideratzea erabaki genuen. Maxek bezala, nik ere erorikoa izan nuen. Helduleku bat puskatu eta erorikoan iltze bat atera nuen; zorionez, ez zen ezer gertatu. Luze horri berriro ekin nion eta azkenean askatu nuen. 7a+ bezala utzi dugu».

Egoera ez zen batere atsegina, baina eskalatzaileok ez zuten etsi. Beste giltza bat zuten askatzeko: A3. Luze horren zailtasun handiena diedro bat zeharkatzea izan zen: «Bi iltze zeuden eta ez zitzaigun hain gogorra iruditu. Nahiz eta aurreko giltza baino gogorragoa zirudien, geure uste apalean samurragoa izan da. 6c bezala utzi dugu. Ondoren, eskaladaren zailtasuna apaldu zen, eta hotz handiarekin tontorra jo genuen».

Aurreratu dugu, Anker eta Piolak 1989. urtean bide hori zabaldu zutela. Baina gehitu behar dugu lehenik eta behin goiko aldea ireki zutela. Sekzio horretara heltzeko, “Whillans-Cochrane” bidetik igo ziren. Bi egun beranduago beheko zatian jardun zuten. “Patagonicos desesperados”-en lehen igoera jarraia Oriol Baro katalanak eta Ramiro Calvo argentinarrak 2010ean lortu zuten. Puntu gorria Didier eta Vanheek urtarrilaren 13an jarri zioten. Bost egun beranduago, Leo Gheza italiarrak, era askean lehen errepikapena egiteaz gain, bistan eskalatu zuen.

Saioak ere bai

Bien bitartean, Matteo Pascuetto eta Matteo Della Bordella italiarrei Patagoniako erpinetara eginiko bisitan zapore “gazia” geratu zaie. Eta hori diogu Cerro Torreren ekialdeko aurpegian zuten helburu nagusia zein El Mochon bide berri bat sortzeko zuten xedea ez zituztelako biribildu.

Ragni di Lecco taldeko bi ordezkari hauek hiru eguneko leiho on bat aprobetxatu zuten esku artean zuten xede nagusian sartzeko. Horrela azaldu digu Della Bordellak berak: «Otsailaren lehen egunetan geure proiektura itzuli ginen. Saiatu gara, baina atzera behar izan genuen egin. Xede hori isilean genuen, eta, azkenean, haren berri eman behar izan dugu. Cerro Torreren ekialdeko aurpegia estilo alpinoan eskalatu nahi izan dugu. Aukeratutako bidea ederra, dotorea eta zaila zen: paretaren eskuinaldean dagoen diedro handia, ‘ingelesen diedroa’ izenarekin ezagutzen dena. Philip Burke eta Tom Proctor britainiarrek jardun horretan parte hartu zuten. 1980. urtea zen. Soka finkoak erabili eta oraindik han zintzilik dagoen bibak kaxa bat jarri zuten. Bi saio egin zituzten, eta onartu behar zaie lan ederra egin zutela; izan ere, mendebal ertzetik 40 metrora geratu ziren».

Hiru eguneko eguraldi ona iragarri zieten, eta italiarrak aukeratutako bidean sartu ziren. Eguraldi ona bai, baina aurreko egunetako elurteek ez zieten batere lagundu: «Mendiak ezarritako erritmora egokitu behar izan ginen. Batez ere arrisku objektiboak saihestu nahi genituen. Gaueko 10etan hasi eta biharamuneko 7etan diedro handi horren oinarrian ginen. Une jakin batean eskalatzen ari ginen bidean okertu nintzen. Jaitsi eta nire kideak jarraitzeko ardura hartu zuen. Ia egun oso bat eskalatzen jardun genuen. Bibak kaxa horren ondoan, dendak antolatu genituen. Biharamunean, tximinia luze zein tentean sartu ginen. Hura eskalatzen ari ginela, goitik izotz puska handiak erortzen hasi ziren. Egoera beldurgarria zen. Diedroa bukatzeko 80 metro falta zirenean, gaueko 10etan, saioa bertan behera utzi genuen».

Bi italiarrok ez dute zorte handirik izan, El Mochon ere esku hutsik geratu direlako. Eskalada horretara, Brette Harrington eskalatzaile kanadar indartsua batu zitzaien. Della Bordellak dio bide berri gogor bati ekiteko prest zeudela: «Zaila zirudien, eta, gainera, Cerro Torreren arrisku objektiboetatik babestuta zegoen. Denera, sei luze igo genituen, bertikalak eta erori pixka bat zutenak. Baina ohartu ginen gaua gainera etorri baino lehen hura bukatzea ezinekoa izango zela. Metro asko falta ziren, eta zailak ziruditen. 13 orduko jarduna izan zen, eta, gehienez, 7b zailtasuneko tarteak gainditu genituen. Horretaz gain, Brettek era artifizialean beste luze bat egin zuen; eta bai era dotorean gainditu ere. Nahiz eta soilik sei luze zabaldu, hirurok ondorio bera atera dugu: luze zailak izan dira, ederrak eta arriskutsuak. Bi erpin ezberdinetan bi saio on egin ditugu; hori da emaitza».