Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Izen propioaz

Helena Maleno du izena, eta giza eskubideen babesle nekaezina da. Biziak salbatzen ditu, egunero; milaka bizi, hain zuzen, eta horrexegatik jazarri eta auzipetu zuen Espainiako Estatuak. Ez zuenez lortu ez kartzelatzea, ez kikiltzea, ez egiten duena egiteari uztea, “anaia” marokoarrari eskatu zion egitate berengatik epaitzeko, alegia, Mediterraneoan bizitzak salbatzeagatik.

Berriki, Tangerreko Apelazio Auzitegiak ere bukatutzat jo du Malenoren kontrako auzia pertsonen trafikoa egikaritzeagatik. Poz itzela, Espainiako Gobernuaren temaz injustizia nabarmen hutsa izan dena ezerezean gelditu izana; bai, baina inork ez dizkio ordainduko giza eskubideen babesle honi, nazioartean hala aitortua denari, iaz Bakearen Gernika saria jaso zuenari, jasanarazi dizkioten mina eta oinazea.

Espero dezagun Helena Maleno bakean utziko dutela. Aldi berean, izan dezagun garbi beste kasu askotan (Hego Amerikan edo Mendebaldeko Saharan, kasu) gauza bera gertatzen ari dela. Nazio Batuen Erakundeak berak salatu duen bezala, Europako Batasunean benetan jazartzen eta kriminalizatzen ari dira errefuxiatu eta migratzaileen eskubideen aldeko aktibistak, «aurrekaririk gabeko jazarpenak pairaraziz, mehatxuak eta erasoak barne, hala nola salaketak diskurtso publikoan eta kriminalizazio gordina».

Arrazista izan ezean, edo “besteekiko” beldurra sustatzeko politikek berenganaturiko horietako bat, inork ez du zalantzan jartzen norbanakook eta erakunde sozialek pertsona ororen bizitza eta duintasuna defendatzeko eskubide eta betebehar osoak ditugula, eskakizun etiko saihetsezina delako. Are gehiago, premia duenari laguntza ematea, bere egoera administratiboaz harago, zeharo bat dator Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Zuzenbidearen filosofiarekin.

Erakundeak arauak behin eta berriro hausten ari diren honetan, nekropolitikak gero eta ugariagoak diren honetan, pertsonei Mediterraneoa zeharkatzen laguntzea ezin legitimoagoa da. Aberrira berriz bidaltzea eta heldu bezain prontoko kanporaketa lehenesten dituen erkidego- eta estatu-mailako legeriaz harago, laguntza humanitarioa eta gizakion arteko elkartasuna inola ere ezin dira izan legez kanpokoak. Mugimendu sufragistaren buruzagi Emmeline Pankhurstek bera epaitzen ari zen epaimahaiari esan zion bezala, «Hemen ez gaude legeak hausteagatik, baizik eta bestelako legeak sortzeko gure ahaleginagatik». Helena Maleno horren erakusgarri.