GARA
WASHINGTON

Trump kukurrukuka, Errusiarekin azpilanean aritzeaz libratu dutela eta

Garaile, pozarren, desafioka, mendeku gosez azaldu da Donald Trump Muellerren txostenak Errusiarekin ez zuela konspiratu esan ondoren. Beste delitu batzuetatik, ordea, ez da erabat libratu Trump, eta Kongresuan abiatu diren eta bere aurka hainbat estatutan martxan dauden dozena bat ikerketaren itzalak luzaz mehatxatuko du oraindik.

Garaipen politiko argia; ezin da bestelakorik esan azken 22 hilabeteetan Donald Trumpen presidentetza markatu duen ikerketaren ondorioez. Ez, 2016. urteko hauteskundeetan Trumpek ez zuen Errusiarekin konspiratu, bozketak irabazi ahal izateko. Azpijokoen frogen faltan, Mueller fiskal bereziak justiziari oztopoak jartzearen akusazioei ateak irekita utzi dizkie. Itzal mehatxagarri horrek hor dirauen arren, Trump borrokalari eta pozarren agertu da, Twitter bidez, jakina: «Erabat libratu naute», adierazi du eta ikerketa «guztiz lotsagarria» izan dela gaineratu du.

Muellerren ikerketa «sorgin ehiza» zela maiz aipatu du Trumpek eta, orain, ez berak ez bere taldeko inork ez zuela Errusiarekin konspiratu edo elkarlanik izan egia judizial gisa finkatuta, hori kontraerasora pasatzeko arma gisa baliatuko du. 2020. urteko hauteskundeei begirako oparia da, eta, dudarik gabe, ondoren etortzen dena etortzen dela, impeachmenta, hots, kargutik kentzeko prozesua bistatik kentzea lortu du.

Kongresuan gehiengoa duten demokratek Muellerren txosten osoa publiko egin dadila eskatzen ari dira. Oraingoz, William Barr fiskal nagusiak igorri dien txostenaren laburpen bat baino ez dute. Alabaina, Trumpek justiziari trabak jarri izanaren atea irekita uzten du txostenak, eta presidentea kargutik kentzeko delituen artean hori dagoenez, soka horretatik tiraka jarraituko dute, daukaten gehiengoa baliatuz.

Barrek berak, ordea, Muellerren hitzak erabiliz esan duenez, «txostenak presidenteak krimenik ez zuela egin dioen bezala, ez duela hura libratzen ere badio».

Dozena bat ikerketa gehiago

Kongresuak eta bereziki New York estatuko fiskalek, baina, ez dute azken hitza esan. Ez baita ahaztu behar beste dozena bat ikerketa martxan daudela Donald Trumpen ekintza eta jokabideen inguruan. Hala nola, porno izar bati egindako ordainketak eta Trumpen familiaren negozioen edo kanpainarako jaso zituen kanpoko dirulaguntzen ingurukoak.

Beste hitz batzuetan esanda, justiziari oztopoak jartzeagatik errudun izan edo ez, horrek bakarrik ez dio hurrengo hauteskundeei begira legaltasunaren begietara irudi garbi bat emango. Ez ditu bere baitan presidentetza ilundu dioten hodei mehatxagarriak aldenduko.

Alegia, datozen hilabeteetan gutxiago hitz egingo da Trumpek eta bere taldeak Errusiarekin konspiratu izanaz eta gehiago Trumpen ustelkeriaz, bere negozioak eta familia zipriztintzen dituzten kasuez.

Gainditzea ia ezinezkoa zen impeachmenta, Trump kargutik kentzeko aukera, apur bat lausotuta, eztabaida beste bat izango da: presidente kargurako aproposa eta garbia den ala ez.