Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Kapitala hausten

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera lan munduan ezarri den prekaritateak hil egiten du. Mundu osoan beharginen %36k gehiegizko lanaldiak egiten ditu (48 ordu astean). Hego Euskal Herrian iaz 105.127 lan istripu jazo ziren, horietatik 283 larriak eta azken bost urteetan 268 langile hil dira. Beasaingo CAF lantegian 37 langile hil dira dagoeneko amiantoa arnastearen ondorioz. Iaz jakin genuen Bilboko Barcelo eta NH hoteletan logelak 2,5 euroren truke garbitzen zituztela langileek, hilean doi-doi 800 euro irabazteko. Menpekotasuna duten zaharren zaintzan ari direnak ere lan baldintza jasanezinetan ari dira lanean, gero eta bitarteko gutxiagorekin, autonomiarik ez duten zaharrak zaintzen eta garbitzen, «ahal duguna egiten dugu, ez gara makinak» dute salatzen. Etxetik kanporatzeko arriskuan bizi den Ainhoa Txokarro lur jota bere buruaz beste egitekotan egon da. Frantzian emakumeek gizonezkoek baino %24 gutxiago irabazten dute eta, aitzitik, etxeko lanetan asteko 10 edo 12 ordu gehiago egiten dituzte. «Emakume eta langile izaeraren zapalkuntza bikoitzean Martxoaren 8a beti izango da langile mugimenduari lotutako eguna, greba feminista greba da, baina greba produktibotik greba erreproduktibora heltzen den greba da», dio Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak.

Egitate bat da. Kapitalismoaren deshumanizazioak jendea hiltzen du, jendearen bizi baldintzak okertu eta jendea desjabetu, eskubide gabetu egiten du. Lan merkatua gure bizitzen erdigunean ezarri eta gure bizitzak merkantilizatzen ditu. Hortaz, zenbat eta burujabeago izan, geure bizitzen jabeago izango gara eta, beraz, gure bizitzak duinduko dituen burujabetza ezberdinez ahalduntzen joateko garaia dugu honakoa. Eraldaketa sozialaren bidetik nazio ikuspegia izango duen herri harresi sozial, ekonomiko, kultural eta ekofeminista bat osatzeko garaia da. Behetik gorakoa eta edukiz betea.

Kapitala praktika antikapitalisten bidez baino ezingo baita hautsi.