Fredi Paia
Bertsolaria
JOPUNTUA

Beldurra nagusi

Beldurrak irabazi zituen domekako espainiar Estatuko hauteskundeak; ondorioz, lehenik eta behin, zorionak beldurrari. Beldurra inboluzio demokratikoari, eskubideak galtzeari, Estatuaren birzentralizazio basatiari, zakartasun ezjakinean oinarritutako argudiaketari, konfrontazioari, neofrankismoari, iraganeko diskurtsoei... Beldurrak, borreroa denez lanbidez, hamaika aurpegi ditu. Horietako milioika lerratu ziren hautetsontzietan.

Estatuko auteskundeen emaitzaren mapak 1936ko uztailaren 18ko panorama berbera adierazten du, altxamenduak Marokon eta Nafarroan baino ez baitzuen izan arrakastarik egun hartan. Nafarroa Garaian, oro har, eta EH Bilduk jesarlekua ferekatu arren lortu ez badu ere, emaitzak onak dira. Eskuinak batuta indarra galdu du eta autodeterminazioaren aldeko ezkerreko indarrei botoa ematen dien herritar kopurua hegemonikoa izan liteke, tresna politiko eraginkorrak artikulatuz gero.

D'Honten legeak, batasuna saritu eta zatiketa zigortzeko ezarritako arauak, eskuma zigortu du.

Ibaizabalek Kantaurirekin bat egiten duen ertz honetan Voxek 1.898 boto lortu ditu. Datu poetikoa, espainiar itsasoz haraindiko inperioaren amaiera urtea eta espainiar nazionalismoaren depresio historiko handienaren urtearen zenbakia izanik. Aitzitik, gertakizunik esanguratsuena orain hilabeteak herriko zenbait tabernarik iragartzen zuena zen. PPko gurasoen seme-alabak EAJ bozkatzen hasi dira. 1.600 boto inguruko trasbasea hauteskunde hauetan. Ia Voxera joan zaizkien beste. Pozgarria PPren desagerpen politikoa baina digestio horrek bihotzerrea eragin lezake, literalki.

Ez litzateke oso zuhurra gure emaitzak ospatzen hastea galdera bati erantzun aurretik: zein gaitasun daukagu gure hautesleria potentziala otsoaren laguntzarik gabe mugiarazteko? Hau da, gai gara jendea eramateko erresistentzia jarrera batetik eraikuntza fase batera? Izan ere, beldurrak babeserako balio lezake, baina bere gainean, isiltasunaren gainean legez, ezin liteke ezer eraiki.