Xole ARAMENDI
DONOSTIA
Entrevue
ITZIAR DIEZ DE ULTZURRUN
EIZIE ELKARTEAREN LEHENDAKARI BERRIA

«Aliantzak landu behar ditugu gurea bezalako hizkuntza gutxituak dituztenekin»

Sektoreak bizi duen egoera askotarikoaz, itzultzaile zein zuzentzaileek duten aitortza sozial eskasaz ari da elkarrizketa honetan Itziar Diez de Ultzurrun (Iruñea, 1967), EIZIE elkartearen lehendakari berria. Hizkuntza ez-hegemonikoak dauzkaten beste komunitateekin sareak josi beharra nabarmendu du. Baita ahal denean, gaztelaniaren eta frantsesaren zubietatik igaro gabe munduratzearen garrantzia ere.

EIZIE elkarteak asanblada egin berri du. Zer moduz joan zen?

Ederki joan zen. Iruñean egin genuen eta 25 bat EIZIE kide elkartu ginen Euskaltzaindiaren Nafarroako egoitzan. Azken urtean egindakoari begiratzeko baliatu genuen eta asmo berriez jarduteko. Gai asko jorratu genituen: webgune berritua, profesionalentzako ikastaroen eskaintza zabala datozen hilabeteetarako, Literatura Unibertsala eta Urrezko Biblioteka bildumetara etorriko diren izenburu berriak, “Senez” aldizkaria 50. zenbakira iritsiko dela udazkenean...

Itzulpengintzaren sektoreak zein egoera bizi du?

Zaila da egoera orokor batez mintzatzea. Itzulpengintzaren sektorea askotarikoa da, eta sektoreko arlo guztietan ez dago egoera bera. Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteok ere askotariko errealitateak bizi ditugu: batzuk administrazio arloan aritzen dira, beste batzuk literaturarenean edo ikus-entzunezko sektorean. Lan baldintzak ere ez ditugu denok berberak: batzuk beren kasa dihardutelako, autonomo moduan, beste batzuk langile publikoak dira, beste batzuk enpresa pribatuetako langileak... Zeozer nabarmentzekotan, esan dezakegu itzulpenaren beharra gero eta esparru gehiagora zabaldu dela, langileak gero eta profesionalagoak garela eta, langintza honetan jende asko ibili arren, ikusezin samarrak izaten segitzen dugula.

Zeintzuk dira indarguneak?

Euskal itzultzaileon oraingo indarguneetako bat gure langaia bera da, euskara bera. Gure hizkuntza, poetak amestu zuen legez, noranahikoa da. Beste indarguneetako bat azken urte luzeetan metaturiko eskarmentua da, guk geuk eta gure aurretik langintzan aritu direnek egin duten lan guztiari esker pilatu dugun ondarea. Ondare hori oinarri sendoa da, euskara malgutu, aberastu eta zabaldu duelako. Bestetik, teknologia berrien garapena oso lagungarria da gure jardunean. Itzulpen-tresna oso egokiak ditugu eta, bestetik, hiztegiak, corpusak eta abarrak eskura ditugu sarean. Azkenik, elkartea bera dugu: EIZIE da gure indarguneetako bat, bakarkako lanaz haratagoko sareak josteko eta ekimenak bideratzeko tresna funtsezkoa delako.

Zeintzuk ahulguneak?

Ikusezin samar izaten segitzea da ahulguneetako bat. Gure lanbidea ezinbestekoa da arlo aunitzetan eta funtsezkoa da hizkuntza komunitate ezberdinen arteko harremanetarako, baina aitortza sozial eskasa du, halere: ikusten ez dena ezin baita balioetsi eta balioesten ez denari ez baitzaio duen garrantzia ematen.

Hiru hamarkadatik gora joan dira EIZIE sortu zenetik. Zein izan da lorpen nagusiena?

Elkarteak sendo irautea da lorpen nagusietako bat, eta lortu izana euskal itzulpengintzaren erreferentzia izatea Euskal Herrian eta atzerrian. Bestetik, lorpen handitzat jotzen dugu EIZIEk jakin izana elkartera biltzen adin askotako eta eskarmentu ezberdineko jendea, ikuspegi ezberdinek asko aberasten dutelako gure jarduna. Miren Ibarluzeak “Senez” aldizkariko artikulu batean zioen bezala, mundua ikusteko tresna bat izan da elkartea. EIZIEk jakin du gure eremuko kapitala gordetzen eta transmititzen, formazioa bultzatzen profesionalizazioa helburu. Ibarluzeak zioen legez, elkarteak, eta/edo elkartearen bitartez, teoria eta historia landu dira, artikuluak idatzi dira eta itzulpenak sortu, datu baseak egin, etab.

Nolako bilakaera izan du sektoreak?

Sektorea asko hedatu da, itzulpena gero eta funtsezkoago bihurtu da gero eta arlo gehiagotan. Horrez gain, langileen profesionalizazioa gertatu da. Euskal itzultzaileen prestakuntzarako lehen ikastaldiak egin ziren XX. mendearen 70eko hamarkadan, eta, orduz geroztik, prestakuntza akademikoak gora egin du etengabe: itzultzaile eskola, EHUko Itzulpengintza Masterra, unibertsitateko lizentzia eta gradua... Egun Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoa ere badugu. Gainera, oso zabala da ikastaro espezializatuak egiteko eskaintza eta esan dezakegu euskal itzultzaileak profesional gero eta prestatuagoak garela.

Bestetik, bilakaeran nabarmentzekoa da gaur egun euskal itzultzaileak gero eta hizkuntza gehiagotatik itzultzen ari direla zuzenean. Adibidez gaur egun badaude txineratik, japonieratik, arabieratik edo errusieratik zuzenean itzultzen duten itzultzaileak.

Zein dira zure erronkak lehendakari berri bezala?

Nire erronka nagusia da ahalik eta ongien laguntzea EIZIEren asmoak eta helburuak betetzen. Azken batzarrean nabarmendu genuen lanean segitu beharra dugula jendartean ikusgarriago izan daitezen bai gure lanbideak (elkartean itzultzaileak, zuzentzaileak eta interpreteak biltzen gara), bai elkartearen lan ildoak (ikastaroak, jarduerak, argitalpenak: Literatura Unibertsala, “Senez”). Orobat aipatu zen bide berriak urratu behar direla belaunaldi gazteei gure langintzaren berri emateko. Badugu Hezkuntzarako proposamen hagitz interesgarri bat, Zubigileak izenekoa, itzulpengintza ardatz harturik ondu dena eta ikasleek hezkuntza prozesuan eskuratu beharreko konpetentziekin lotuz prestatu dena. Itzultzeko gaitasuna gazteek egungo gizarteetan landu beharreko gaitasunetako bat dela iruditzen zaigu eta horretan lagundu nahiko genuke. Azkenik, batzarrean ere aipatu zen Nafarroari leku handiagoa egiteko nahia eta beharra daudela eta iruditzen zait horretan ere ahalegin berezia egin beharko nukeela.

Lanbideari prestigioa ematea da itzultzaile eta zuzentzaileon aldarrietako bat. Nola egin?

Nire ustez, gure lanaren ikusgaitasuna handitzea da bideetako bat. Itzulpenaren beharra izan duen edozein proiektu edo lanetan, itzultzaileen lan hori ere agerrarazi beharra dago, aipatu, balioetsi. Itzulpena beharko duen edozein egitasmotan, berriz, itzulpena prozesuaren barnean txertatu beharra dago hasieratik, itzulpena ez dadin izan azken unean arrapaladan egin beharreko garrantzi txikiko zerbait.

Bestetik, Euskal Herrian itzulpena funtsezkoa da euskararen garabideetarako eta euskal kultura aberastu eta zabaltzeko eta, gainera, gaur egun ezinbestekoa da hizkuntza normalizazioari begira. Ekarpen horiek aitortza behar dute gizartean.

Prekariotasuna da zuen lanbidearen arazoetako bat. EIZIEk zer babes ematen dizue bertako kideoi?

Arazo hori, tamalez, egun oso hedatua dago lan esparru aunitzetan, gurean ere bai, eta horregatik ezinbestekoak ditugu baldintza eta ordainsari duinak bermatuko dituzten legeak eta hitzarmenak. Halakoak aldarrikatzea eta zaintza-lana da EIZIEren egiteko nagusia. Erne ibili eta egoera zertan den ikusi, baita lan pedagogikoa egin ere, eta praktika susmagarrien berri baldin badu, haien berri eman itzultzaileei, ohartarazi.

Zer egin gurea bezalako hizkuntza ez-hegemonikoa munduaren aurrean aurkezteko?

Nire ustez, zintzo eta harro agertu beharra dugu. Gure hizkuntzan harro egoteko moduko lanak ekoizten dira, Euskal Herritik at ere interesgarriak izan daitezkeenak. Horretarako, sareak josten segitu behar dugu hizkuntza ez-hegemonikoak dauzkaten beste komunitate batzuekin. Ahal dugunean, gaztelaniaren eta frantsesaren zubietatik igaro gabe munduratu beharko genuke, hizkuntza horiek erabiliz komeni zaigunean, ateak zabaltzeko bada, baina hala egin beharra dagoela derrigorrezkotzat jo gabe. Aliantzak landu behar ditugu gurea bezalako hizkuntza gutxituak dituztenekin ere, indarrak bildu munduan ez dadin gailendu hegemonia kultural kolorebakarra. Euskara da Euskal Herriaren bereizgarri nagusienetako bat, gure indarguneetako bat munduaren plazan. Munduratzeko zeregin horretan, euskal sortzaileek instituzioen sostengu handiagoa beharko lukete, nire irudikoz. Euskaratik ari diren itzultzaileek ere laguntza handiagoak beharko lituzkete euskarazko lanak atzerriko beste hizkuntzetara eramateko. Estrategia orokor bat landu beharko litzateke egiteko hori zer-nola bideratu behar den taxutzeko.

Belaunaldi gazteen erreleborik eman da zuen sektorean?

Bai, itzultzaile gazteak sendo sartzen ari dira lanbidean. Maila handiko gazteak ditugu gurekin lanean, elkartean ere nabaria da hori. Itzulpengintza gradua egindakoak dira asko, prestakuntza bikaina jasotakoak eta euskara aurreiritzirik gabe lantzeko trebezia eta gogoa sumatzen zaie. Haiengan ere igartzen da euskararen azken urteotako garapena, eta haien lanetan ikusten da zer kalitate handiko testuak ontzen ahal diren egungo euskara batu malgu eta aberatsaren aukerez baliaturik. Oso pozgarria da ikustea nolako itzulpen zoragarriak egiten dituzten itzultzaile gazte askok.

Maila pertsonalean zenbat urte daramatzazu itzultzaile/zuzentzaile moduan?

25 bat urte. Euskal Filologia amaitu ondoren oraindik ez nuen oso garbi zer izan nahi nuen “handitan”, beraz, urtebetez joan nintzen atzerrira, Ingalaterrara, bi haur txiki zaintzera, eta, bidenabar, ingelesa hobetzera. Han ohartu nintzen asko gustatzen zitzaidala hizkuntzekin jolastea eta hizkuntza batetik bestera jauzika ibiltzea. Handik itzuli eta jakin nuen Itzulpengintza Masterra egiteko aukera zabaldua zutela EHUn eta izena eman nuen. Lanbide honetan aritu naiz orduz geroztik.

Zer eman dizu zure lanbideak?

Lanbideak hizkuntzekin jolasteko eta euskararen geruzetan barrena murgiltzeko aukera eman dit, baita erronka interesgarriei heltzeko parada ere, adibidez, literatura lanak itzultzekoa. Horrez gain, adiskide handiak ere eman dizkit.