«Change to change»
Gipuzkoan hondakinen afera erabat politizatua dagoela esatearekin ez dut ezer berririk esango. Batzuen esanetan Zubietako errauste plantak gauzak behin betiko konponduko dituen arren, oraindik talka politikoan oso presente dago (igual hobe mendeku politikoan esatea).
Azken adibidea nire herrian bertan gertatu da. Hiri hondakinak jasotzeko atez ateko sistema jarri zuen lehen herria izan zen Usurbil orain hamar urte. Geroztik murrizketa eta birziklatze saiaketan ahalegin eredugarriak egin ditugu. Bide horretan sakontzen segitzen dugu nahiz eta errauste planta, momentuz bederen, geratzerik ez dugun lortu. Hala, Ekonomia Zirkularraren norabidean, gure hondakin organikoen zati bat herriko bi baserritarrekin eta Behemendi elkartearekin elkarlanean konpostatzeko proiektua martxan jartzekotan zen Udala. Gainera, egitasmoak Ingurumen Ministerioaren dirulaguntza lortu du eta Eusko Jaurlaritzak berak ere begi onez ikusten du.
Hilabeteetako lanaren ostean, dena prest zegoela, hara non GHK-k Udalari debekatu egin dion halakorik egitea (duela gutxi Hernanikoari egin bezala). Hiri hondakinak kudeatzeko onartu berri den planaren arabera, Gipuzkoan ezin omen da hondakinen tratamendua «azpiegitura handietatik» at egin, hots, beren «negoziotik» kanpo. Ez gara burujabe ezta gure zaborraren kontuetan ere!
Martxoan klima aldaketari buruz Donostian egin zen “Change to Change” jardunaldiaren harira, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua entzun nuen irratian, nire sukaldeko leihotik aurrez aurre ikusten dudan errauste plantari so egiten nion bitartean. Botalarria eragin zidan halako hipokrisiak. Lotsagaldukoen isipua astinduz, ingurumenaren defentsan punta-puntako aitzindaria zirudien, natura zaintzeko aholkuak emanez eta 0 Km helburua goraipatuz.
Oraindik hauteskunde kanpaina ez da ofizialki abiatu baina EAJk eta PSOEk aspaldi ekin zioten bereari. Zergatik hasi dira bestela aurreikusi baino lehenago erraustegira zabor kamioiak ekartzen beren «eraginkortasuna» saltzeko ez bada? Bada, gurea erakusteko aukera dugu M26an: «Change to change!!!»