Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Erresistentzia

Amaren Eguna omen –horrela, singularrean–. Inon ez baita ikusten Amen Eguna denik, askotariko horiena… izan daitezkeenak lesbianak edota ama bakarrak edota transexualak edota adoptatzaileak edota batek daki zer-nolakoak, edota are pobre baino pobreagoak ere (ai, ama!), edota, litekeena da ekuazioan sartzea, aizue, amarik beldurgarriena, munduko pertsonarik txarrena, bizitza izorratu dizuna, egundoko kaka pila eragin izan eta oraindik eragiten dizuna (ai, ama!)… Baina amak denak, azken finean, ezta? Ala?

Eta bai, noski, izan daiteke ama zoragarria, maitagarria, entregatua, ama-ama, zuretzako tuperra eta txekeak beti prest dituzten horietakoa; janaria edota dirua ez ezik, bere bizitzako egun ordu, minutu eta segundo oro ere, dena ondorengoentzat, erditu zenez geroztik, eta hori datu ezinbestekoa da, beti izan baita horrela, nola bestela!, senak agintzen duelako, horrela behar duelako per se, bai hemen bai munduko beste puntan bai beste edozein planetatan bizitza egongo balitz ere, zein garaitan bizi garen onartu ezin dutenen arabera: % 97 familiari eskainia + % 3 berekoikeria + % 0 kexa = % 100 ama. By El Corte Inglés.

Ole!!! (ezin dut ekidin). Hemen dugu erresistentzia, orain inolako mozorrorik gabe, Espainia bat eta handi inoiz zendu horretako erresistentzia “jaioberriaren” arrastoan ekuazioaren keinutxo hori eginez, Ama Birjinaren kanpainan, “jaioberri” horiei guztiei… denek elkar hartuta, zenbait jendek, zenbait figurak, gehi enpresa ugaritxok ere (hemen-hor-han), askatasuna eta justizia maite ditugunon erresistentzia berbaren esangura irauliena, perbertsoena, gauzatuko dutelakoan, pixkanaka benetan gauzatu ere. Hori, publizitate-kanpaina estrategiko iraingarri baino iraingarriagoa bera, edo bestela aukera bakarra: halako enpresa sendo bateko komunikazio-taldearen ergelkeria maximoa amatasuna emakumeon esklabotzarekin parekatzea, denak batera kalera botatzeko modukoa… Baina keba, ezta?