Euskal korrikalariak nagusi Espainiako Kopan
Seniorren mailan, Maite Etxezarreta eta Oier Arriznabarreta gailendu ziren.
Kanpezu-Joar Mendi Maratoi Erdia Mendi Lasterketen Espainiako Koparentzat baliagarria izan zen. Joan den igandean, Kanpezuko hitzorduak hirugarren ekitaldia izan zuen, eta antolatzaileei onartu behar zaie lan bikaina egiten ari direla. Lasterketak, bederen, ospea hartu du. Lehen edizioa Euskal Herriko Txapelketa izan zen. Bigarrena, berriz, Skyrunner National Series zirkuituko proba. Eta hirugarrena, Espainiako Koparen hirugarren proba.
Eta Fedme-ren erregulartasunaren zirkuituko lasterkari sasoikoenetariko asko Arabako hitzorduan izan ziren. Nagusiak zein gazte mailako korrikalariak lehiatu zirenez, antolatzaileek ibilbide ezberdinak prestatu zituzten. Seniorretan, adibidez, 26,5 kilometro eta 1.930 metroko goranzko desnibelekoa. Denera, Kanpezukoak 330 korrikalari jaso zituen. Tartean, jakina, euskal ordezkariak. Bai, etxean jokatzen zuten, baina emandako maila bikaina izan zen oso. Jasotako uzta horren isla da: seniorretan bi garaipen, beste bat juniorretan, bi promesetan eta bat beterano B mailan.
Baldintzei dagokienez, korrikalariek kexatzeko aitzakiarik ez zuten izan; izan ere, giro freskoa eta zeru urdina izan zituzten.
Garaipenak
Nagusien mailan, nesketan, emozio handia egon zen. Maite Etxezarretak goi mailako lasterketa egin zuen, eta, bigarren sailkatuari minutu eta erdiko aldea atera bazion ere, nagusitasunez irabazi zuela esan daiteke: «Garaipen honekin arantza bat kendu dut, eta pozarren nago eginiko lasterketarekin. Sentsazio oso onak izan ditut, eta oso azkar korritu dut». Hiru proba jokatu eta gero, azpeitiarra behin-behineko sailkapenean liderra da.
Mutiletan, bestalde, nahiz eta Espainiako Kopan ez den jarraitutasunez lehiatzen, Oier Ariznabarretak erakutsi zuen indartsu dagoela. Irteera puntutik irten bezain laster, durangarrak lasterketa hautsi zuen: «Nire filosofia hori da, hasieratik erritmo oso bizia jarri. Hori egin dut, eta ondo atera da». Helmugan, ia arazorik gabe, lehena izan zen. Asier Larruzea, berriz, hirugarren postuan sailkatu zen.
Gazte mailakoak 13 kilometro eta 800 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidean gogor borrokatu ziren. Juniorretan, adibidez, Ane Iturria tolosarrak garaipena lortu zuen: «Primeran jardun dut, eta, oro har, lasterketa bikaina egin dut. Heldu den igandeko Espainiako Txapelketarako gogo handiz nago». Anartz Artola hernaniarrak, berriz, bigarren postua sinatu zuen.
Kadeteetan, euskal korrikalariek bi bigarren postu lortu zituzten. Irene Iturria eta Aitor Ugarte izan ziren protagonistak.
Aitor Ajuria eta Ainara Uribarrik ere emaitza bikainak lortu zituzten; biek ala biek irabazi zuten promesetan.
Amaitzeko, beste garaipen baten berri eman behar dugu; Bautis Zabalak beterano B mailan erdietsi zuena.