Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Sugea

Goizeko 8etan ailegatu zait bideoa. Oholtza xume bat, harmaila batzuk burdinazkoak, ferietakoak bezalakoak. Eta harmailetan, haurrak eta gurasoak. Mutil beltzaran mehar bat irten da oholtza erdira, eskuetan suge handi eta likitsa dakarrela. Bizkar gainean jarri du piztia, eta hura kiribiltzen hasi da. Olagarroa dirudi, toki guztietatik erortzen zaio, hain da luzea ofidioa. Nola edo hala lepoan txukun biltzea lortu duenean, besoak altxatu ditu, ikusleei txaloak eskatuz edo. Bernizatutako bufanda bat dirudi. Txaloak hasi orduko, mutila oholtzaren erdian erori da supituki. Zerbaitek emango zion. Edo akaso ez, akaso ikuskizunaren parte da. Umore printza bat balentriaren ostean. Eternalak diren bizpahiru segundoren ostean, lurrean sugearekin katramilatuta dagoen mutilak, besoa altxatu du berriz, nekez. Laguntza eskatzen ari da. Beste bost segundo amaiezin, norbait oholtzara igo eta sugea deslotzen hasi den arte. Ez da denbora asko joan sugeak gaztearen lepoa intxaur bat bezala puskatzeko delibero irrazional eta ustekabekoa hartu duenetik. Baina gaztearenak, dagoeneko, egin du. Oholtzatik atera dute, eta Whatsapp bidez ailegatzen diren bideo guztiak bezala, ondoriorik gabe amaitu da. Ez dakigu bizirik edota hilik dagoen. Ez dakizu barre edo negar egin. Oso gaur egungo gizartearen isla dela esango nuke: zer axola dio nor, nork, noiz, zein, zertarako? Axola du ikuskizunak.