Bilbao Athleticeko bost jokalari Clementeren deialdian
Euskadiko Futbol Federazioak atzo jakinarazi zuenez, 17 jokalarik osatuko dute datorren maiatzaren 29an Panaman bertako selekzioaren aurka jokatuko duen Euskal Selekzioaren deialdia. Javier Clemente hautatzailearen esanetara bidaiatuko duen jokalari zerrenda nahiko bitxia da, data ere berezia delako, segur aski. Athleticeko hamar jokalari ageri dira zerrendan, Realeko hiru, Leganeseko bi eta Alaves eta Levanteko bana.
Hauxe da zerrenda: Aritz Aduriz, Jesus Areso, Mikel Balenziaga, Iago Herrerin, Gaizka Larrazabal, Iñigo Martinez, Mikel San Jose, Iñigo Vicente, Asier Villalibre eta Daniel Vivian (Athletic); Manu Garcia (Alaves); Unai Bustinza eta Javier Eraso (Leganes); Aitor Fernandez (Levante); Aritz Elustondo, Asier Illarramendi eta Aihen Muñoz (Reala).
Deigarria da, batez ere, Bigarren B Mailan jokatzen duen Bilbao Athleticeko bost jokalari zerrendan sartu izana: Areso, Larrazabal, Vicente, Villalibre eta Vivian. Kontuan izan behar da jokalari batzuk Espainiako selekzio desberdinetatik deituta daudela. Kepa, Oyarzabal eta Iñigo Martinez, esaterako, selekzio absolutuak deituak izan dira, eta Oyarzabal bera, Unai Simon, Unai Nuñez, Martin Agirregabiria, Zubeldia eta Mikel Merino, 21 urtez azpikoak. Eta min hartuta ere badira beste zenbait jokalari.
Egoera ez da samurra, are gehiago Panamako partida Euskadiko Futbol Federazioak iazko abenduan eman zuen pauso garrantzitsuaren osteko lehena delako. Federazioak UEFAri eta FIFAri bere ofizialtasuna eskatzeko erabakia hartu zuen, eta bide hori jorratzeko behar-beharrezkoa izango da jokalarien konpromisoa ere.
Hori bai, deialdian sartu diren jokalariekin Clementek goi-mailako hamaikako bat atondu dezakeela argi dago, eta komeniko da, Panamako selekzioa ere Urrezko Kopa prestatzen ari delako eta bere jarraitzaileen aurrean itxura ona eman nahiko duelako.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
