Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Bi esloveniarrek uzta oparoa erdietsi dute Alaskako mendietan

Miha Zupin eta Janez Svoljsakek bost bide berri eta hiru lehen igoera sinatu dituzte Revelation glaziarraren ingurumarian martxoan eta apirilean. Zailtasun tekniko handiko jarduera horietan guztietan igoera oso azkarrak egin dituzte.

Miha Zupin eta Janez Svoljsak esloveniarrak mediatikoki ez dira ezagunak, baina erakutsi dute etxetik kanpoko mendietan ere bikain moldatzen direla. Alaskan izan berri dira, eta hango mendietatik ekarritako emaitza benetan azpimarragarria da. Denera, bost bide berri eta hiru lehen igoera egin dituzte.

Jardun duten eremua nahiko ezaguna da: Revelation izeneko glaziarra. Alabaina, aukeratutako mendiek, oro har, ez dute izen “handirik”. 31 eguneko espedizioan uzta oparoa lortu zuten.

Batetik, Four Horsemen East-en (2.600 m) ekialdeko ertza (M6/M4, 50º-70º, A1, 600 m) zazpi ordutan igo zuten; mendi hori igo gabe zegoen. Bigarrenik, Golgotha mendian “Father” bidea (AI5, 50º-70º, 900 m) sei ordutan zabaldu zuten. Wailing Wallen (2.450 m), berriz, “Secret” marra (AI6/AI4+, 750 m) zazpi ordu eta erdian sortu zuten. Hori ere aurretik igo gabe zegoen mendia da. Bestalde, Apocalypse North mendian (2.750 m), “Esloveniar bidea” (AI4+, R, 50º-80º, 1.300 m) zortzi ordu eta erdian ireki zuten. Hori ere aurretik igo gabe zegoen. Eta, azkenik, Seraphen (2.650 m), beste marra bat sortu zuten zazpi ordutan: “The last supper for snow strugglers” (M7/M4-5, 50º-80º, 700 m).

Horretaz guztiaz gain, Pyramid Peak mendiko mendebaldeko aurpegian zein Golgothako ekialdeko isurian ekinaldi bana egin zituzten. Jakina, espero zuten emaitza ez zuten erdietsi.

Irakurtzen den bezala, Zupin eta Svoljsak gustura geratu dira Alaskako mendi horietan eginiko lanarekin. Bide teknikoak zabaldu dituzte, eta, gainera, igoera benetan azkarrak eginez. Hurrengo lerroetan, protagonistetako batek, Svoljsakek, espedizioaren nondik norakoak azalduko dizkigu.

Revelation glaziarra

«Hegazkina hartu aurretik, denbora luzea egin genuen mahai-tenisean gure trebetasunak indartzen. Baina, azkenean, entzun nahi genuen mezua iritsi zitzaigun: ‘Eguraldia ona dugu eta hegaldia prest dago’. Onartu behar dut Alaskako mendien ikuspegi ederrak izan genituela: Denali, Kichatna... Lehen geldialdia Fish glaziarrean egin genuen. Holandarrak jaitsi ziren hegazkinetik. Harritu gintuen glaziarrean ikusitakoak: ia metro bat elur hautsa zuen! Horrek kezka eragin zigun; izan ere, antzeko baldintzak espero zitezkeen guk aukeratutako Revelation glaziarrean ere.

Glaziarrera iritsi bezain pronto, ezusteko ederra hartu genuen: elur hautsik ez zegoen. Pozarren ginen, eta oinarrizko kanpalekua altxatzeari ekin genion. Geure ‘etxea’ ondo antolatu ondoren, biharamunean Pyramid Peak igotzea erabaki genuen. Iratzarri bezain laster, ohartu ginen agian ez zela egun aproposena izango. Haize handia egiten zuen. Irteera bertan behera utzi genuen.

Dendatik irteterakoan berri desatsegin batekin egin genuen topo: sukaldea zegoen denda elurrez estalita zegoen. Egun guztian denda hori egokitzen jardun genuen.

Nahiz eta eguraldi baldintzak kaskarrak izan, oso motibatuta geunden. Haizea baretu ez bazen ere, hurrengo egunean Piramid Peak mendira abiatu ginen. Lehen luzean ohartu ginen haizeak indar handia zuela, eta saio hori bertan behera uztea erabaki genuen.

Hala ere, Four Horsemen East mendian korridore bat ikusi nuen. Lepo batera eramaten zuen, eta ertz bat zuen gailurrera eramaten zuena. Lehen luzeak, M6 gradukoak, ondo baino hobeto ‘berotu’ gintuen. Gainera, bloke solte batzuk zituen. Hurrengo metroak samurragoak izan ziren. Une oro eskuin-ezker ibili ginen; hots, tontorrera eramango gintuen ibilbide agerikoena bilatzen. Ertza, berriz, teknikoki ez zen zaila, baina haize bolada indartsuek astintzen zuten. Une batzuetan erauntsi horiek belaunikatzera behartu gintuzten. Ertzean rappel motz bat egin eta ia arazorik gabe gailurrera heldu ginen.

Jardun horren ondoren, egun bateko atsedena hartu genuen. Golgotha zen hurrengo helburua. Ekialdeko aurpegia ondo aztertu ondoren, ohartu ginen tximinia sistema batek aukera emango zigula bide berri bat sortzeko. Gainera, eskalada tente eta erakargarria eskaintzen zuen. Lehen bederatzi luzeek izotz mehea zuten, eta haren gainean haizeak astindutako elurrarekin estalita zeuden. Elurrarekin izan genuen borroka ondo joan zen, baina azken sekzioa ez zen batere atsegina aurrera jarraitzeko. Rappelatzen hastean eguraldia okertu zen. Haizea indartu eta jaitsiera osoa nahiko zaila bihurtu zen. Hiru eguneko atsedena hartu ondoren, itzuli egin ginen.

Hormaren eskuinaldean zegoen marra errazago batek erakarri gintuen. 900 metro ziren, den-dena elurretan. Lehen zatia, eskalatu ordez, oinez igo genuen. Bigarrena, berriz, askoz ere tenteagoa zen, eta elurraren baldintzak perfektuak ziren. Hiru luze aseguratu genituen. Tontorra zapaldu ondoren, zabaldutako bidetik jaitsi ginen.

Beste pare bat egun atseden hartzen igaro ondoren, berriro martxan jarri ginen. Revelation glaziarraren hasieran dagoen izenik gabeko mendi batera abiatu ginen. Aukeratutako hormak 700 metroko garaiera zuen; oinarrizko kanpalekutik txikiagoa zirudien. Diedroan aurkitutako baldintzak perfektuak ziren, eta lehen 350 metroak zehatza ez zen norabidean egin genituen. Bidearen giltzara heldu eta izotz mehea zuen. Tximinia bat gainditu, ertzean sartu eta tontorrean zegoen arrokan bide berria amaitu genuen.

Eguraldia egonkorra zenez, geure hurrengo helburura abiatu ginen: Apocalyse North. Lehen 300 metroetan 80º-ko aldatsak eskalatu eta ertz batera heldu ginen. Lehen luzean izotz gutxi zegoen, eta, gainera, babesteko apenas aurkitu genuen leku aproposik. Hurrengo luzeetan, berriz, baldintza perfektuak zeuden, eta 85º eta M6 zailtasuneko sekzioetan gustura jardun genuen. 3oo metroko korridore batean sartu ginen. Lainoen eraginez goialdea ez zen ikusten. Gainera, tarte horretan izotz mehea eta elur ezegonkorra aurkitu genituen. Ertzera heltzeko arrokan beste 200 metro eskalatu ondoren, gailurrera iristeko igarobide erraz bat aurkitu genuen. Elurraren zein arrokaren baldintzak ezegonkorrak zirenez, jaitsiera beste leku batetik egitea erabaki genuen. Ipar-ekialdean zeuden erlaitzek eragozpenak jarri zizkiguten, eta, azkenean, ekialdeko aurpegitik jaitsi ginen.

Espedizioa amaitzeko egun bakan batzuk baino ez genituen. Oinarrizko kanpalekua utzi aurretik, Seraph mendian marra bat eskalatzera joan ginen. Aukeratutako korridorea agerikoa zen; iaz, alpinista frantziar talde batek zabaldutakoaren ezkerretara dago. Lehen 300 metroak errazak izan ziren. Tximiniara iristean, soka gerrira lotu genuen. Sokaburuak elurra garbitzen zuenez, eskalada nahiko deserosoa bihurtu zen. Bidearen giltzan izotz mehearekin egin genuen topo. Zailtasunak bukatzean, soka bizkar-zakuan sartu eta tontorrera abiatu ginen.

Gure xede gehienak biribildu genituen. Espedizioaren emaitza bikaina baino bikainagoa izan da».