Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Kilometro bertikalean Sestaoko taldea erabat nagusi

Asturiaseko Arredondon jokatutako Espainiako Taldekako Txapelketan, bizkaitarrek gizonezkoetan irabazi zuten, eta emakumezkoetan bigarrenak izan ziren. Indibidualean, bestalde, euskal garaipen ugari izan ziren.

Euskal trail arloko taldeak aipatzen hasten bagara, ez dago zalantzarik Sestao Alpino-Grafsestao lehen lerroan jarri behar dugula. Emakumezkoetan zein gizonezkoetan aspalditik maila handia erakusten ari dira. Mutiletan, adibidez, azken urteotako lineako lasterketetan Sestaoko taldea erabat nagusi izan da.

Orain, berriz, argi utzi du nagusitasun hori bertikaletan ere baduela. Duela pare bat aste Arrendondon (Asturias) jokatutako Espainiako Txapelketan bizkaitarrek mutiletan irabazi zuten eta neskak bigarren postuan sailkatu ziren.

Fedme-ren hitzordu nagusi honi dagokionez, esan behar dugu egoitza berezia hartu zuela. Arredondokoak sona handia du. Berez, korrikalariek 2,7 kilometroko eta 1.006 metroko ibilbideari egin behar diote aurre. Baina aurtengo ekitaldian, eguraldi kaskarra zela-eta, ibilbidea aldatu eta 1,7 kilometro eta 700 metroko goranzko desnibelari aurre egin behar izan diote. Helmuga, berriz, Mosquiteru mendian izan ordez, 300 metro beherago jarri behar izan zuten.

Lokatza, euria, lainoa... ez zen giro. Hala ere, 235 korrikalari kokatu ziren irteera puntuan. Mutiletan, Joseba Diezek, Walter Becerrak eta Ander Barrenetxeak lortutako denborei esker, Sestaoko taldeak garaipena bereganatu zuen. Nafarroako Txurregikoak, berriz, bosgarren postuan sailkatu ziren. Eta nesketan, Marta Antoñanak, Natalia Gomezek eta Nerea Iturriagak eginiko lanari esker, talde bizkaitarra bigarrena izan zen.

Garaipen gehiago

Horiek izan ziren, beraz, Espainiako Txapelketan euskal taldeek lortu zituzten emaitzak. Baina nota bikain horiek ez zuten etenik izan; izan ere, Arredondoko lasterketa Espainiako Koparako baliagarria zen.

Nagusien mailan, mutiletan, Diazek irabazi zuen 20 minutu eta 32 segundoko denborarekin. Bigarrena Mikel Beunza izan zen; irabazleak hiru segundoko aldea atera zion. Aitor Ugartek ezusteko handia eman zuen. Kadeteen mailan lehiatzen da, eta hirugarren postuan iritsi zen, irabazlearengandik 9 segundora. Nesketan, Ainhoa Lendinez hirugarrena izan zen.

Kadeteetan, bestalde, Ugarteren garaipenari Irene Iturriarena gehitu behar zaio. Ane Iturriak juniorretan irabazi zuen, Nerea Iturriagak bezala, baina honek promesetan. Beteranoen A mailan: Nerea Amilibia hirugarren eta Beunza lehena. Eta amaitzeko, beteranoen B mailan, Jexux Zelaiak Arredondoko lasterketa irabazi zuen.