Aginte makila
Agintzen dizuet puzka batean ez ditudala hauteskunde kontuak aipatuko. Saiatu, saiatuko naiz behintzat, ze, lagunok, hau ez da oraindik bukatu. Azken bozaldiaren ondotik udal gobernuen osaketak amaitu berri dira, baina beste erakunde batzuenak oraindik ere bueltaka izango ditugu tarte batean.
Apirileko eta maiatzeko bozetan ordu batzuetan hauteskunde bulegoko mahai batean egotea egokitu zitzaidan. Ez zen esperientzia berria niretzat, baina, aspaldi ikusi gabeko herritarrak topatzeaz gain, beti izaten dira bitxikeriak. Esaterako, oraindik bizirik zenik pentsatzen ez zenuen emakume hura, nolatan 101 urte beteta boza ontzian sartzera azaldu zen. Edota nolatan mahaian zegoen bokaletako batek, 40 urte luze izanik, lehen aldiz eman zuen boza herrikideenak zientoka erregistratu ostean. Horiek ikustea egokitu zitzaidan zuzenean.
Halere, gertuko herri bateko pasadizo batek bereziki txunditu nau. Andoaingo bizilagun batez ari naiz. Erietxetik espresuki atera zen boza ematera. Oso gaixo zegoen eta bazekien bere azken orduak zirela. Are, tratamendu leungarri bat hartzera zihoan eta jakitun zen handik aurrera ez zela esnatuko. Baina bere azken eginbehartzat zuena burutzeko adina grina atera eta hauteslekuraino eramatea eskatu zion familiari. Baita boza eman ere. Mahaikoak agurtu, bere azken zigarroa erre eta erietxera itzuli zen. Bozen emaitzak ezagutu baino lehen itzali zen betiko. Aitortu behar dut harritu eta hunkitu egin nintzela bere hurko batek pasadizo hori kontatu zidanean. Eman zuen boza noren aldekoa izan zen ere esan zidan. Bere herrian boto gehien erdietsi zituen alderdiaren aldekoa, hain zuzen. Horregatik bereziki jarraitu dut, azkenean, nork hartu duen bertan aginte makila.
Joxe Mari, tamalez zure desioa (eta beste 2.822 andoaindarrena) ez dute errespetatu. Baina ziur nago, orain artean bezala, zurekin bat egin dutenek lanean segituko dutela herrigintza eredu aurrerakoia, eraldatzailea eta herrikoia egia bihurtzeko. Bide hori egiteko, zu bezalako makila sendoek edozein aginte makilak baino gehiago balio du.