Euskara «gertu» izateko xedez, jendetza bildu da Arabako ikastolen festan
Gasteizko Armentia ikastolak antolatutako Araba Euskaraz jaia ospatu zen atzo. Bertan bildutako dirua beka-sistema bat sortzera bideratuko dute, «familia guztiek, euren egoera ekonomikoa edozein izanda ere, euren seme-alabak ikastolan matrikulatzeko aukera» izan dezaten.
“Gertu” lelopean, Araba Euskaraz jaia ospatu zen atzo Gasteizen, Armentia Ikastolaren eskutik. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, bildutako dirua beka-sistema bat sortzera bideratuko dute. «Gasteizko familia guztiek, euren egoera ekonomikoa edozein izanda ere, euren seme-alabak ikastolan matrikulatzeko aukera izan behar dute», azpimarratu zuten.
Era berean, kirol instalazioak hobetzeko eta Armentia Ikastolaren hezkuntza proiektua garatzen jarraitzeko ere erabiliko dute lortutako dirua. Amurrioko Aresketa ikastolak jaso zuen lekukoa, 2020. urtean Araba Euskaraz jaia antolatzeko.