Konformismoaren prezioa
Europar Komisioak EHUko Enpresa Zuzendaritza, Berrikuntza eta Jakintza doktorego programako «focus group»-etan genekiena esan du azkenik: euskal ekonomiak globalki konpetitzeko zeukan abantaila nagusia galdu du.
Azpimarratu beharreko lehen gauza da kultur ekosistemen ikerkuntzan «Holdenen printzipioa» deitzen duguna bete dela: erakunde eta elkarteek euren lan eremuari buruz argitaratzen dituzten ikerkuntza txostenak ez dira fidagarriak, marketina egiteko erabili ohi baitira. Frogarako hemerotekak; berrikuntza lantzeko ardura duten euskal erakunde publikoek mezu triunfalista eta konformistak (estrategia ‘hunkigarriya’ deitzen diot nik) plazaratu dituzte, kasualitatez, hauteskundeen aurreko hilabeteetan.
Berrikuntza arloan Europako erreferentzia nagusia den Dominique Foray suitzarraren lanak aztertuta, arin ikus daiteke euskal gizartearen berrikuntza-gaitasuna garatzeko dugun trabarik handiena gure idiosinkrasia dela. Sekula ez gara herri berritzailea izan, baina beti jakin izan dugu berrikuntzak besteek baino arinago kopiatu eta egokitzen; adituek «euskal-danimarkar paradoxa» deitzen dutena. Musika adibide ona da. Aitzitik, truko zaharrak ez du egungo kontesturako balio.
Berrikuntzaren oinarrian pentsamendu indibidual kritiko eta dibergentea dago. Zein da gure herriko botereguneek (Jaurlaritzatik kultur elkarteetaraino) horren aurrean eman ohi duten erantzuna? Jazarpen korporatiboa. Icebergaren puntan daude Onintzaren aurkako pintadak edo orain hamabi urte artikulu bategatik jaso nuen jipoi fisikoa. Baina jazarpen ohiko eta bortitzena isiltasun korporatiboaren bidezkoa izan ohi da.
Lehengoan boteredun batek hala esan zion gure anaiari: «Payatarrok noizbait pentsatu al duzue zuen kritikotasunagatik ordaintzen ari zareten prezioan?».
Askatasuna garesti ordaintzen da. Baina Europar Komisioak argi esan du belaunaldi berriek euskal konformismo korporatiboagatik ordaindu beharko duten prezioa askoz garestiagoa dela.