Idoia ERASO
BAIONA

Gatazkaren ondoko hitzarmena Seaska eta Hezkuntza Nazionalaren artean

Urtebetez hitzarmenik gabe egon ondoren, eta mobilizazio jendetsu, sostengu publiko eta negoziazio politikoen ostean, atzo lau urterako ituna sinatu zuten Seaskak, Hezkuntza Nazionalak eta EEPk. Heldu den ikasturterako 19,5 irakasle postu lortu ditu federazioak.

Azken hilabeteetan tentsio iturri eta agenda politikoko gai nagusietakoa izan ondoren, atzo Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko presidente Paxkal Indok, Hezkuntza Nazionaleko errektore Olivier Dugripek eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabitek hitzarmenaren inguruko gatazkari bukaera eman zioten, 2019- 2022 eperako akordioa sinatuz. Batzuen eta besteen aldetik eskertze hitzak entzun ziren.

Horretara heltzeko izan den negoziazio tekniko eta politikoaren zailtasuna nabarmendu zuten parte hartzaileek, baita egindako lan horrek, oraingoz, ekarri duen lasaitasuna. Errektoreak «urduritasun handiko hilabeteak» izan direla azpimarratu zuen. Indok, berriz, denen ekarpenak eskertu zituen, eta hitz bereziak izan zituen Dugripentzat, baita laguntza eman dieten hautetsientzat ere.

Laugarren itun hau sinatzeko negoziazio zailetan parte hartu duten hautetsiak bildu ziren: Frederique Espagnac senataria, Max Brisson senatari eta EEPko lehen presidentea, Vincent Bru diputatua, Benedicte Luberriaga departamendu kontseilaria eta Mathieu Berge eskualde kontseilari eta EEPko hirugarren lehendakaria.

Hemendik goiti izanen diren bilkurak baketsuagoak izanen direla baieztatu bazuen ere, Indok argiki erran zion Peio Jorajuriari –abuztuan bere postua hartuko duenari eta bertan zenari– hemendik goiti ere «lan handia» izanen duela.

Ezagutza pedagogikoa

Hitzarmenean dauden bederatzi artikuluetan adostuak izan diren zehaztapen teknikoei garrantzirik kendu gabe, Bernadette Soulek, EEPko zuzendariak, aitzinsolasean ezarri zuen arreta: «Seaska eta bere eredu pedagogikoa aurkezteaz gain, errekonozimendua ere egiten dio». Dugripek ere hitza hartu zuenean eredu pedagogikoaren kalitatea azpimarratu zuen.

Hirugarren eta laugarren artikuluek gatazka-iturri nagusia izan ohi den gaia arautzen dute; hau da, irakasle postuak zehazten dituen ikasle kopurua. Erreferentziazko metodoa adostuta agertzen da hitzarmenaren hiru sinatzaileen artean. 22 ikasle Haur Hezkuntzan eta 25 Lehen Hezkuntzan. Bigarren hezkuntzari dagokionez, eredu publikokoak bezainbeste, gehi lau orduko lana kontuan hartuko da banaketa egiterakoan.

Bosgarren artikuluan ikastetxe berriak aipatzen dira. Bigarren Hezkuntzako kolegio berri baten beharra zehazten da, baita heldu den ikasturtean irekiko den Arbona-Ahetzeko ikastola; Indo horren aitorpenarekin bereziki pozik agertu zen.

Zazpigarren artikuluan frantsesezko eta euskarazko gaitasunen ebaluazioa aurreikusten da. Dugripek agirien garrantzia nabarmendu zuen. Aldi berean, lizeoko azken urteetan Seaskako ikasleek EGA azterketa egiten ahalko dute; hobeki erranda, orain horren partez sortzen ari den egiaztagiri berezi bat.

Postuak dantzan

Hurrengo urterako lanpostuak eskatzeko garaian Seaskak 30 postu eskatu zituen, eta Hezkuntza Nazionalak 5 emanen zituela erran zuen. Negoziazio denboran federazioa 12 postu bere gain hartzeko prest agertu zen, baina Gobernuak 14,5eraino soilik helduko zela erran zuen. Atzo jakinarazi zen azkenean 19,5 postu erakunde publikoek finantzatuak izango direla.