Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Nirmal Purja: hamaika zortzimilako hiru hilabetean

Alpinista nepaldarrak hamalauen zerrenda zazpi hilabetean bukatu nahi du. Azken asteotan, Nanga Parbat,G1, G2, K2 eta Broad Peak igo ditu. Hurrengoak udazkenean egin nahi ditu.

Reinhold Messner-ek “14 zortzimilakoen” egitasmoa lehen aldiz biribildu zuenetik hamarkada batzuk igaro dira. Alabaina, Himalaia eta Karakorumeko erraldoietan errekorrak bilatzen dituztenen asmoak ez dira itzali. Nirmal Purjari hori gertatzen ari zaio. Iragan apirilaren 23an “Project Possible-14/7” xedeari ekin zion. Egun horretan Annapurnaren tontorra zapaldu zuen. Proiektuaren lehen urratsa egin zuen, baina bere asmoa beste hamahiruak zazpi hilabeteren barruan sinatzea zen.

Hasieran, ez zirudien Purjak bide luzea egingo zuenik. Baina den-denak ahoa bete hortz utzi ditu. Montzoi aurreko denboraldian sei egin zituen: aipatutako Annapurna, Dhaulagiri, Kangchenjunga, Everest, Lhotse eta Makalu. Eta denboraldi hori bukatu bezain pronto, “udako” zortzimilakoei begira jarri zen. Pakistanen dauden mendi garai horietara espero baino beranduago iritsi zen; izan ere, egitasmoa aurrera eramateko behar adina dirurik ez zuen.

Baina, antza denez, arazo horiek gainditu eta Pakistanen dauden bost zortzimilakoak eskalatzera abiatu zen. Nanga Parbat izan da lehena. Errekorren poltsa betetzen hasi zen, baina harrigarriena ondoren iritsi da. Soilik hamaika egunen buruan gai izan da beste lau patrikara eramateko. Hilaren 15ean Gasherbrum 1 mendiaren gailurrean zen: «Mendi hau igotzea ez da batere erraza izan. Are gehiago esango nuke: baldintza epikoetan eskalatu dut. Nanga Parbat sinatu eta gero, zortzi eguneko trekkinga egin eta azken zortzimilako honen kanpaleku nagusian nengoen».

Hiru egun beranduago, Gasherbrum 2 mendia ere kolkoratu zen. Purjak ez du xehetasunik eman, baina harekin igo direnek baieztatu dute inolako arazorik gabe eta oso azkar igo zuela. “Udako” beste bi geratzen zitzaizkion: Broad Peak eta K2. Bazirudien lehenbizikora joango zela, besteak beste, soka finkoekin ekipatuta zegoelako eta hainbat igoera jaso zituelako. Baina Broad Peak-era joan beharrean, apustu sendoa egin eta K2ra abiatu zen.

Are zailagoa

Munduko bigarren mendirik garaienari buruz aurreratu behar dugu denboraldi gaiztoa izaten ari dela. Nahiz eta espedizio komertzialentzat mendia goitik behera soka finkoekin ekipatu den, K2 mendiak eta batez ere “Botilaren lepoa” bezala ezagutzen den sekzioak arazo ugari ekarri ditu. Mendi horretan ekipatzen lan egiten dutenak behin baino gehiagotan atzera egitera behartuta egon dira. Hain justu, K2 mendia igotzeko giltza den sekzio horretan izotz puska erraldoiak erori dira.

Alabaina, joan den asteazkenean langile batzuk eta Purja bera 8.611 metro dituen mendi horretara igo ziren. Gainera, lerrootako protagonistak laguntzen jardun zuen. Beraz, hiru zortzimilako bederatzi egunean igo zituen. Tartean, K2; bazirudien denboraldi honetan igoerarik ez zuela izango.

Eskalada horren inguruan Purjak adierazi du kanpaleku nagusitik 22an irten zela: «Goizeko lauretan egin genituen lehen urratsak, eta handik hamaika ordura hirugarren kanpalekura (7.350 m) heldu nintzen. Biharamunean, 15.00etan laugarren kanpalekura iritsi, eta 23.00etan gailurrera abiatu ginen. Goizeko zortzietan nire hamargarren zortzimilakoaren gailurrean nintzen».

Eta lana borobiltzeko, handik bi egunera, uztailaren 26an, Broad Peak igotzea lortu zuen, Mingma Sherpa eta Halung Dorchhi lagun zituela. Hamaika egunean lau zortzimilako.

Irakurtzen den bezala, alpinista hori errekor guztiak birrintzen ari da. Kritika asko jaso ditu erabiltzen ari den estiloari buruz, baina ezin zaio ukatu oso indartsua dela. Udazkenean, berriz, egitasmoaren azken hiru zortzimilakoak igotzen saiatuko da: Manaslu, Cho Oyu eta Shisha Pangma.