G7ko eragozpenak
Munduko zazpi estatu «boteretsuenen» gailurra gurera ekarri dute oraingoan. Handi-mandien batzarra hurbiltzen ari den heinean ari gara jabetzen zenbat traba, eragozpen eta debeku eragingo dizkigun… lauzpabost egunetan. Gogaikarriak izango dira, jakina, baina zer da egun batzuetako enbarazua agintari trebe eta eskuzabalok «gure onerako» taxutuko dituzten neurrien aurrean?
Ez, ezazue pentsa erotu naizenik. G7aren webgune ofizialean arakatzen baduzue (eta han dioten gauzak sinesten badituzue, noski) ezin da beste ondoriorik atera. Hasteko, izenburua bera: “Desberdinkerien aurkako gailurra”. Besteak beste, munduan miseria gorrian bizi diren milioika pertsonaren, hezkuntzarako biderik ez duten haur eta gazteen, lege babesik gabe bortizkeria jasaten duten emakumeen egoerari «erantzun berritzaile, eraginkor eta zehatzak» ekartzea omen da goi mailako biltzarraren helburua.
ISO 2021 labela ere eskuratu du, ekitaldi jasangarrien kudeaketa sistema ziurtatzen duena, alegia. Hala, ekoarduratsuak izango omen dira sortzen diren hondakinen tratamenduan eta berotegi efektua duten gasak murrizteko ahaleginean. Ez hori bakarrik, gizon-emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko Afnor erakundearen labela lortu duen lehen nazioarteko ekitaldia omen da, bai gailurra bera, baita aurretik G7ko ministroek egin dituzten bilkurak ere.
Horiek horrela, Lapurdi aldean bizi edo ibiliko direnen egunerokotasuna lau egunez trakestea ezer gutxi izango litzateke agintzaile argitsuok ekarriko dituzten irtenbideekin alderatuta, ezta? Alabaina, ezin dut ekidin hitz polit horien atzean faltsukeria galanta sumatzea. 1975etik inolako izaera juridiko edo aitortutako eskubidedun kiderik ez duen (bai boterea, ordea) talde elitistak egin dituen bilkuren emaitzek ez didate eszeptizismoa eta sinesgogortasuna besterik sortzen. Ez niri bakarrik, globalizazioak eta kapitalismo basatiak areagotutako desberdinkeriak oinarritik desegitea xede duten talde eta elkarte andanari ere bai. Haiek antolatutako kontragailurrak sor ditzakeen eragozpenak gogo onez jasango ditut.