Hiri biziak
Gero eta turista gehiago ikusi ahal ditugu gure kaleetan; udan zehar bati baino gehiagori lagundu diot tranbiarako txartela erosten, edo Alde Zaharrera nola joan azaldu diot. Pixkanaka-pixkanaka ohitzen hasiak gara, baina oraindik bilbotarrok harritzen gara agertzen hasten direnean. Gureak sortzen duen interesa atsegina bazaigu ere, turismo eredua gero eta jasangaitzagoa suertatzen zaigula esango nuke. Egia da Donostian tarteka bizi duten «inbasiotik» oraindik urrun gaudela, baina, hala ere, ondorioak nabaritzen hasiak gara. Galdu dut kontua Bilboko erdialdean zenbat hotel zabaldu berri dituzten... eta zenbat zabalduko dituzte laster? Zer gertatzen ari da pisu turistikoekin?
Besteak beste, Bizilagun elkarteen federazioak salatu izan du auzo periferikoetan gabeziak nabariak direla; hiriaren garapenak ez duela eragin auzo guztietan modu berean. Ostera, zalantzarik ez dago hirigunea ikaragarri zaindu dutela; dotoretzeko ahaleginak nabarmenak dira. Horregatik ere turista eta bisitari gehiago antzeman ahal ditugu ingurune atsegin horiez gozatzen. Baina, hori nahikoa al da? Bilbotar bati nongoa den galdetzen diozunean ohikoa da auzo baten izena lortzea erantzun bezala. Eta hirigunean bizi den bati galdera bera egiten badiogu?
Sarri hirigunea auzo bat ere badela ahazten dugun susmoa dut, ez dugu gogoratzen eguneroko bizitza egiten duten auzotarrak bizi direla bertan. Erosketak, izapideak edo jatetxe batera joateko lekua da, baina zerbait gehiago ere bai. Gertatzen ari dena ez da kontu isolatua, Europako hainbat hirigune egoera berdinean edo okerragoan daude.
Hiriguneak auzoak izatetik ikuskizun turistikoak izatera igarotzean dator arazoa: ederrak baina auzokideentzako ekipamendu faltarekin; nortasun galera nabarmenarekin; bertako denden desagertzea; edo espazioaren pribatizazioa, esaterako, mugagabeko terraza baimenekin. Benetan zonalde bizigarriak izatea nahi baldin badugu, ezinbestean auzotarren iritzia kontuan hartu behar da. Hiri biziak lortu nahi baditugu, ezin gara gure hirietan turista sentitu.