Mikel Ibarguren
Idazlea
JOPUNTUA

G7 ostea

Miarritzeko zazpi herrialde aberatsenen gailurra igaro berritan eta G7 EZ plataformaren aurkako kritikak direla-eta, garbi dago egun analisi eta balorazioen unea heldu dela.

Kontragailurrean tentsioak eta eztabaidak ez dira falta izan, ez baita erraza horrelako plataforma batean zein erantzun mota edota zein borroka molde praktikan jarri behar den zehaztea.

Ez da erraza guztien iritzi eta ideiak bateratzea, ez eta nazioarte mailako dimentsioa duen antolamendu baterako azpiegiturak bermatu eta egunerokoak kudeatzea ere. Baina zailtasunak zailtasun, gauza on eta ez hain onen artean (kanpalekuko sexu erasoa, esaterako) kontragailur honek eman ditu eman beharrekoak eta plataformari dagokio bere balorazioa egitea.

Kontragailur honek zerbait agerian utzi badu honakoa da: borroka molde ezberdinen arteko osagarritasunari buruzko hausnarketa kolektibo baten beharra.

Kritikak kritika, esango nuke, laburrean esanda, alternatiba plural, herrikoi eta egituratua antola daitekeela erakutsi duela kontragailur honek. Izango zituen ekinbide kritikagarriak edo hobetu beharreko ertzak, baina guztiaren gainetik Ficoban eta Les Varietes zine-aretoan antolatu diren mintzaldien bidez zein Hendaiako manifestazio jendetsuaren bitartez erantzun antolatu eta politiko bat emateko gaitasuna ere izan du kontragailurrak. Eta hori ere azpimarratzekoa da. Are gehiago, jasan dugun setio egoera itogarria kontuan hartuta.

Hortaz, akatsak akats, ikuspegi orokor batetik ez nuke esango, batzuek dioten bezala, Miarritzeko kontragailur hau porrota izan denik; aitzitik, esperientziaz betetako laborategi bat izan dela iruditzen zait. Etorkizunera begira okerrak zuzentzen saiatu eta asmatu den horietan sakontzen joateko parada eskaintzen digulako. Borroka molde ezberdinen arteko artikulazioei buruz hausnarketa kolektibo baten abiapuntua izan litekeena.

Baiki, ondorioak ateratzeko garaia da, beraz, eta ondorioetatik ikasiz bidea egiten jarraitzeko garaia.