MAIA ETA EUSKARA ELKARREKIN XXI. MENDEKO GLOBALIZAZIOAREN AITZINEAN
MAIEK EUSKALDUNEKIN EGIN ZUTEN BAT ATZO BIARRITZEN «WAYE. HEMEN. AQUÍ» FILMAREN AURKEZPENEAN. YUCATAN PENINTSULAN MAIA HIZKUNTZAREN ERREALITATEA AURKEZTEN DUEN DOKUMENTALAREN EGILEAK, GARABIDEKO KIDE BAT ETA FILMEAN PARTE HARTU DUTEN BI MAIA ELKARTU ZIREN.
Hamarnaka pertsona bildu ziren atzo Biarritzeko Royal aretoan, Mexikoko Yucatango maia edo maayat'aan hizkuntza eta horri loturik doan errealitate soziala agerian jartzen duen obra ikustera. Latinoamerikako Zinemen eta Kulturen Festibalean ohikoa den legez, filma ikusteaz gain egitasmoarekin lotura duten pertsonekin mintzatzeko parada ere izan zen, ordubetez luzatu zen hizketaldian.
Filmaren aurkezpena festibalak Garabide elkartearekin eta Mintzalasai dinamikarekin iaz abiatutako elkarlanaren emaitza da. Aurreko edizioko dokumentalean maputxeen errealitatea ezagutarazi zen, eta aurten maiengana hurbildu da hizkuntza kooperazioan lan egiten duen elkarteak sustatuta Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako filma.
Antoine Sebire jaialdiko zuzendariak egin zuen aurkezpena eta elkarlanarekin pozik, hurrengo urterako bidea irekita utzi zuen, «ohitura» bilakatu litekeela aditzera emanez. Argiak itzali ziren ondoren, 20 minutuz testigantzak aurkezten dituen dokumentalari atea irekiz.
Pantailan, espainolen karabelak heldu zirenean «desagertu zen maia kulturak» oraindik hor dirauela erakusten dute irakasle eta ekintzaileen hitzek. Filmaren izenburuari zentzua ematen dioten hitzekin bukatzen da obra: «Hemen maiak bizi gara. Gutxi garela eta gure hizkuntza galtzen ari garela diote, existitzen ez garela ere badiote. Ez da egia, hemen gaude».
Maia, gaztelania, euskara...
Maiar horien bi ordezkari hurbildu dira Euskal Herrira, dokumentalean agertzen diren Maria del Socorro Sokyto Cavich Caamal eta Oscar Chan Dzul, hain zuzen ere. Lehena, Yuuym irratiko eta izen bereko elkarte zibileko kidea da, eta bigarrena, Uyich Lu’um (Lurreko fruituak) elkartekoa. Beraiekin batera egitasmoan parte hartu duten pertsonak ikusleen aurrean agertu ziren argiak berriz piztu zirenean, eta batzuen eta besteen ahotik euskara, gaztelania, frantsesa eta maia entzun ahal izan ziren galdera zein erantzunetan.
Indigenak gonbidatu dituen Garabideko Txema Abarrategik hartu zuen hitza lehenik. Azaldu zuenez, euskaldunok XXI. mendeko mundu globalizatu honetan egiten ari garen ariketa bera egiten ari dira haiek Yucatanen, eta elkarlanak eta ezagutzak zer-nolako garrantzia daukaten azpimarratu zuen.
Chan Dzulek, filmean nabarmentzen den existentziaren garrantzia agertu zuen, baina norberak bere burua izendatzeko momentuan maia anitzek ez dutela beren burua ezagutzera ematen azaldu zuen, eta kultura horretako kide izatearen eta hizkuntza mintzatzearen harrotasuna oraindik jorratu behar den gaia dela agerian utzi zuen.
Cavich Caamalek «estereotipatuta» daudela salatu zuen, eta Gobernu mexikarrak terminoa turistikoki erabiltzen duela salatu zuen. «Gure baitatik gure balioa berretsi behar dugu, gure ahaleginak bateratu behar ditugu, hizkuntzak aurrera egin dezan». Maia izatearen estigmak oraindik indar handia duela gaineratu zuen.
Egoitz D. Ibargoitiak hitza hartu zuen hiru egileen izenean, ondoan zeuzkala Irati Briñas Gaston eta Andoni Marquinez Otaegui kideak. Hizkuntza hain ezberdin batekin lan egitearen zailtasuna nabarmendu zuen: «Hitz asko ezin dira itzuli, parte bat galtzen da itzultzean, mundua beste ikuspegi batetik ikusten dutelako».