Bide berrien ekoizpena emaitza bikainak ematen ari da
Euskal eskalatzaileek lau marra sortu dituzte Europako Mendietan, Pirinioetan eta Gredoseko zirkuan.
Hormetan bide berriak sortzen jarduten duten euskal eskalatzaileek proposamen berriak aurkeztu dizkigute. Lan horietan ez dira asko murgiltzen, baina, bederen, eskertzekoa izaten da eskalatzaileen kolektiboari egiten dioten ekarpena.
Denera, lau marra berri dira; laurak ala laurak Euskal Herritik kanpo zabaldutakoak: Europako Mendietan, Pirinioetan eta Gredosen. Horietako bat zailtasunean gogorra da. Beste hirurak, ordea, momentuz ez hainbeste. Eta azken hori esaten dugu artifizialeko luzeren bat edo beste askatzeke falta delako. Alabaina, abenturak berezko tokia du.
Eta pareta ezberdinetan irekitako bideen zerrendaren kronikarekin hasteko, lehenik eta behin Europako Mendietara abiatuko gara. Lehen ekoizpen horren erdigunea Tiro Pedabejon izan da. Monolito horretan jardun dutenak Kiko Cerda, Iker Pou eta Ion Gurutz Lazkoz izan dira. Hirukote honek proposatu duen marra berriak “Dardara” du izena. Ez da oso luzea, 200 metro ditu, baina zailtasunari begiratzen badiogu luze gogorrena 7c+/8a dugu. Halabeharrez, 7b eskalatu behar da.
Protagonistek aurreratu duten bezala, lan eskerga behar izan dute egin, besteak beste, “Dardara” sortzeko bi egun behar izan zituztelako, eta beste bat luze guztiak era askean eskalatzeko. Hots, puntu gorria jartzeko.
Marra hori zabaldu eta librean eskalatzeko prozesua joan den udan izan zen. Pouk adierazi du pareta hori ezagutzen zuela: «Neus Colomekin zailtasun handia duen ‘Big Bang’ bidea (7c, 200 m) igo ondoren, jabetu nintzen horma horrek aukera bikainak zituela proposamen berriak sortzeko. Kiko eta Ion Gurutzekin astebetera itzuli eta Tiro Pedabejon gure sinadura, ‘Dardara’, utzi dugu».
Behetik sortutako proposamena da, eta paraboltak jarri badituzte ere, friendak eta fisureroak eraman behar dira: «Oro har, esan daiteke ‘Dardara’ ederra baino ederragoa dela. 200 metro horiek kalitate bikaineko kareharri bertikalean dute ibilbidea. Geure buruak babesteko lekurik aurkitu ez dugunean, paraboltak jarri ditugu. Krokisean ikusten den bezala, bide zuzena da, eta murruaren erdi-erditik doa. Pozarren gaude bide berri honekin. Inolako zalantzarik gabe, marra ederra eta kalitate handikoa atera zaigu. Hitz gutxitan esanda, Europako Mendietan zabaldu dugun bitxi txiki bat da».
Beste hiru
Hurrengo proposamenetan Alberto Urtasunek protagonismo berezia izan du; izan ere, hiruretan ala hiruretan hartu du parte. Hauek aurkezterakoan zera adierazi digu: «Udan zabaldutakoak dira; den-denak, bisita oso gutxi jasotzen duten txokoetan zabaldutakoak dira; hau da, sekretu txikiak. Guztiek filosofia bera dute: hornikuntza gutxi. Beraz, bidea ondo jarraitzeko ‘bista’ ona behar da izan».
Pirinioetako Rincon de Alanoseko ipar horman, Marco Huertarekin batera, nafarrak “Argia” sortu du: 6c/A1, 400 m. Horretarako bi bisita egin dituzte: duela bi urte eta iragan udan. Urtasunek dioenez, Alanos mendi multzoan dagoen espoloi batean ireki dute: «Agian, mendilerro horretan agerikoena den espoloian dago. Orain arte, ez zuen biderik. Arrokaren kalitatea hala moduzkoa da, eta parabolt gutxi ditu. ‘Argia’-k hamar luze ditu eta arroka onena bilatzen du; uste dugu ondo garbitu dugula».
Lehen bi luzeetan soilik parabolt bat dago, eta horrek bidearen sarrera markatzen du. Urtasunek gehitu nahi du laugarren luzeak eroria duen tarte bat eskuinetik saihesten duela: «A1 da, eta irteera librean egiten da. Zazpigarrenak, berriz, artesi tekniko zein zabal bat du; horretarako, 4 eta 5 zenbakietako friendak eraman behar dira. Ez genuen era askean igo, baina uste dugu 7b inguruan egongo dela. Eta goialdeko sekzioak bi luze ditu (6a/b), eta espoloi eder bat eskalatu behar da».
Bestalde, Foratatako ekialdeko aurpegian Iñigo Antonek eta Urtasunek “Siempre somos el plan B” bidea zabaldu dute. Joan den ekainean izan zen. Proposamen berriak, berez, 200 metro (lau luze) ditu. Hor kokatzen dira zailtasun nagusiak: 6c/A0 (pauso bat). Eta ondoren, beste 100 metro errazagoak (III/IV). Bidearen ezaugarriei buruz, Urtasunek honako hau azaldu digu: «Oso agerikoa ez den espoloi eder batean egin genuen lan. Lehen bi luzeek arroka trinkoa dute eta parabolt gutxi. Bigarren luzea oso teknikoa da, eta goialdean oso leuna den plaka bat gainditu behar da. Sekzio horrek bi luze (60 m) ditu, arroka ona da eta ez du paraboltik. Totem sorta oso bat eta mikroak eraman behar dira. Ondoren, jaitsierari ekin aurretik, errazak diren beste ehun metro eskalatu behar dira. Ekialdeko aurpegitik jaisten da».
Urtasunen hirugarren eta azken sormen lana Pirinioetatik at izan da; hain zuzen ere, Gredoseko zirkuan dagoen Ameal de Pablo hormaren hego aurpegian. Nafarrak berriro Huertarekin jardun du, eta uztailaren 9an sokada honek “Fosiles en accion” (6b/A1, 230 m) zabaldu zuen.
Beste bi proposamen berrietan ez bezala, oraingo honetan granitoa izan da protagonista: «Kalitate ona du, eta aukera eman digu irekitako zortzi luzeak garbi-garbi eskalatzeko. Hots, luze horiek guztiak friend eta fisureroekin babestu behar dira. Paretaren erdian dagoen sabai bat era artifizialean igo genuen; irteera, berriz, era askean egiten da».