Iraun duten horiei
Galerak etsipena baldin badira, itzulerak baldin badira, natur ingurumaria baldin bada, maitasuna baldin bada, plazera baldin bada, desira baldin bada, ez dago zertan haiez guztiez idatzi, galeraz beraz izkiriatzean, aipaturiko elementu funtsezko oro azaleratzen baita. Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) bere buruaren iraupenari eta, zergatik ez, galera jakin baten ostean berreraiki, berrasmatu eta berpiztu diren eta irauten jarraitu duten horiei merezitako omenaldia egin die, “Irautera” (Elkar, 2019) deituriko azken lan honekin.
Idazle nafarrak kontraesanetan eta naturako berezko elementuetan oinarrituriko atrezzo edo agerleku poetikoa eraiki du, bere barneko sinbolismoen nahiz kontraesan guztien agertokia izan dadin: autoreak nozitzen dituen sentipen zein pentsamendu kontrajarri oro jatorri zinez ezberdinez osaturiko zuhaitzen basoetan errotua dago. Badaude, batetik, tokikoak edo autoktonoak, baina, bestetik, kanpotik ekarriek ere beraien lekua dute. Iraupenaren bidaia honek lau geltoki ditu bere ibilbidean zehar: “Txertoak”, “Krainer hormak”, “Eraitsitako presak” eta “Artzain elektrikoak”. Halaber, iraupen-nahi horretan, egileak ez du inongo damurik, etsipenik edo doako minik pairatzen, errealitateari heltzeko beste heldutasun bat baino. Irauten duenak bere ekina eta hartatik ikasitakoa ditu sari, beraz.
Dena dela, Suarez ez dabil norbere buruarekiko edo gainontzekoekiko sentitzen dugun iraupenaz soilik; izan ere, bakardadearekiko ikuspuntua ere azpimarratzen du. Bakardadearekiko dugun ikusmoldearekin apurtzea lan honen sasi-jomugetako bat delakoan nago: bakardadea subjektu poetiko legez plazaratzen digu, pertsona bat bailitzan. Gauzak horrela, lanak barnebiltzen dituen hiru subjektu poetikoak ni-a, zu-a eta bakardadea dira.
Proiekzio horren ildotik dator, hortaz, bakardadearen aurrean hartu ohi ditugun jarreren nolabaiteko azterketa eta kritika. Bakardadea, bidenabar, ez darabil irudi edo afera negatibotzat poetak: «Nire poemak ez dira egundaino errendizio-ikur izan».
Bakardadeaz harago, hastapenean aipatutakoari atzera helduz, maitasunaren eta galeren glosario edo lorategi partikularra eratu du Suarezek: “Irautera” bere osotasunean zentzua duen baina atalka banatua dagoen parke botanikoa da. Hala eduki aldetik, nola estiloari dagokionez, begi bistakoa da egile eskarmentatua dela: pasarte luzeetan zelanbaiteko efektu pisutsuak bilatzen ditu; laburrenetan, ostera, bat-batekotasuna eta irakurleagan momentuko sugarra piztea ditu xede. Gris denak argitara dakartza, miseria oro plazaratuta, zoritxar guztiak azaleraturik, horrela, oraindik bizi garela ospatzeko.
Gorputza, sexualitatea eta amodioa bat eginda edo elkarri loturik ageri zaizkigu, baina, zelan edo halan, bada amodioari buruzko interpretazio edo bidezidor bat: maitasunak, bere horretan, beronen amaiera ere adierazten du; horrenbestez, maitasunak leihotik alde egitean eta gomuta huts bihurtzean, bere zikloa bukatu egiten da eta, hain zuzen ere, orduantxe ailegatzen da bere osotasun totalera.
Gizakia bakarrik egotera kondenaturiko izakia izatekotan, maitasun-etapak bere bizitzaren ibaiaren meandroak baino ez dira, alegia, gure existentziaren ibilbideko eremu bihurgunetsuak. Amodioa bakardadearekin uztartuz eta basoa elurrarekin irabiatuz, inongo arazorik gabe irakur daitekeen poesia sakon bezain zorrotza dakarkigu, beste behin, Castillo Suarezek. Sakona eta zorrotza ez ezik, norberarengan urradurak, lorratzak eta orbainak uzten dituzten horietakoa.