Ane URKIRI ANSOLA
Kazetaria

Alavesi indarra ematen dion garaipen garrantzitsua Eibarren

Ipuruan lortutako garaipenak indar izugarria ematen dio Asier Garitanoren Alavesi. Etxean sendo ikusi dugu azken neurketetan, baina, Mendizorrotzan garaipena lortu bezain laster, bai bergararrak bai jokalari gasteiztarrek behin eta berriro errepikatu izan dute etxetik kanpo taldearen irudia hobetzea ezinbestekoa zela. «Helduko da etxeko neurketa denak irabaziko ez ditugun garaia, eta, orduan, kanpoan irabazi beharko dugu». Horixe adierazi zuen Pere Ponsek Valladoliden aurka 3-0 irabazi ostean. Bada, atzo lortu zuen Alavesek hainbeste desiratutako etxetik kanpoko garaipena. Non eta Ipuruan, euskal derbian, sailkapenean Alavesen puntu kopuru bera zuen Eibarren aurka.

Denboraldiko laugarren derbia zen Alavesentzat. Laurak etxetik at jokatu ditu lehen itzuli honetan eta, gainera, aurreko hiru partidetan (San Mamesen, Anoetan eta Sadarren), oso makal aritu zen. Oroitzapen txarrok gori-gorian zituztela zelairatu ziren atzo Ipuruan arabarrak. Joseluk azken minutuetan sartutako bi golek, baina, indarra eman diote Alavesi, bai jada 18 puntu pilatu dituelako, bai agerian geratu zelako jokalariek elkar gero eta hobeto ulertzen dutela.

Ez zen erraza Laguardiaren hutsunea betetzea eta serio aritu ziren Navarro eta Ely −hilabete egon da min hartuta−. Dena den, aldaketa nabarienak erasoan egin zituen Garitanok. Burke eta Sainz aritu ziren hasieratik, eta Aleix Vidal aurrelariaren atzetik aritu zen, askatasun gehiagorekin. Eskoziarrak, aldizka, ihes egiten zion De Blasisi; erdiraketa on bat egitea bakarrik falta zitzaion. Erdiraketa onenak, baina, Orellanak ipini zituen, Alavesen arean. Txiletarrarekin batera, Cotek eta Kike Garciak ere lanak eman zizkioten Pachecori. Baina ezin golik egin.

Mendilibarren taldea hobeto aritu zen oro har. 75. minutuan, 0-0ko emaitza baino, 1-0ekoa gertuago ikusten zen. Guztira, hamazazpi erremate egin zituzten armaginek; gasteiztarrek, lau −horietatik bi, golak−. Garitanok Pere Pons atera zuen zelai erdian freskotasuna lortzeko; Lucas Perezek ez zuen aukerarik izan neurketa guztian eta, aurrelariaren lana hobetze aldera, Joselu ere zelairatu zuen. Burkeren lehen abisua jaso arren, Mendilibar tematu egin zen garaipenarekin eta Eibar defentsan espazioak uzten hasi zen. Bada, Vidal fin ibili zen espazio horiek baliatzeko. Joselurekin bat egin zuen kataluniarrak, eta, Ipuruako zaleen harridurarako, 0-1ekoa egin zuen aurrelariak. Ez sinestekoa; are gehiago neurketako jokalari onena izan zen Orellanarentzat.

Behin markagailuan atzean, Mendilibarren mutilek aurrera egin zuten berdinketaren bila. Alavesek, baina, ez zuen alferrik galdu 0-2koa egiteko aukera. Joseluk berriro gainditu zuen Dmitrovic eta jada sei gol daramatza Ligan. Lucas Perezen bolada aparta atzo bukatu bazen ere, Joseluk hartu zion lekukoa; pozik egoteko arrazoiak badituzte, beraz, zale gasteiztarrek.

Hamalau neurketa jokatu dira jada eta hemezortzi puntu lortu ditu Alavesek. Lehen itzulia amaitzeko bost neurketaren faltan, lan erdiak kasik eginda ditu. Datu hori nabarmendu zuen prentsaren aurrean Asier Garitanok. Ez da lorpen makala. Zalantzaz betetako Liga hasiera batek utzitako sentsazioak itzaltzen ari da gutxika; pentsa, Osasunatik puntu bakarrera dago Alaves eta inork ez du zalantzan jartzen nafarrak denboraldi bikaina egiten ari direnik. Amaitzeko, beste datu bat: kanpoan irabaztetik harago, Eibarren hiru puntu batzeak ezinbesteko garrantzia zuen atzokoan Alavesentzat hurrengo larunbatean Real Madrilen aurka lasaiago jokatu ahal izateko. Lasaitasunaren eskutik etor daiteke ezustekoa emateko aukera.