Mikel ZUBIMENDI
ANDOAIN
Entrevue
AINARA MENDIOLA
«ZUTIK» FILMAREN ZUZENDARIA

«Rikardo Arregi beti zebilen presaka, harrigarria da hain denbora gutxian, hain gazte, hainbeste gauza egitea»

Bere bigarren filmean, zuzendari honek (Errenteria, 1978) Rikardo Arregiren idatziak eta esanak eskutik oratzen ditu hura «barrutik aztertzeko» eta bere ibilbidean sakontzeko.

Estreinaldi guztiek damaien urduritasuna eta kezka puntu hori ia ez zaio sumatzen Ainara Mendiolari. Bihar du, Andoainen bertan, Rikardo Arregiren jaioterrian zuzendu duen bigarren pelikularen estreinaldia, baina pozik antzematen zaio. Arregiren bizitzan arakatuz ikasi dituen kontuekin eta aurkitu dituen harribitxiekin bete-betea Bastero kulturgunean hartu du GARA, eta adeitsu, irribarrez beti, erantzun ditu gure galderak.

Nondik sortu zitzaizun ideia? Zerk pizten du zure barruan duela 50 urte hil zen Rikardo Arregiri buruzko filma sortzeko arra?

Udarregiren omenaldiko Rikardo Arregiren diskurtso hartan aurkitu nuen haria, hainbat komunikabidetan jasoa. Lehendik ezagutzen nuen Mikel Arregi (Rikardoren anaia txikia) eta harekin hizketan pentsatu genuen polita izango zela Udarregiren omenaldiko Rikardo Arregiren benetako grabazio harekin zerbait egitea. Lehen unetik argi nuen Rikardo pixka bat gehiago ezagutu nahi nuela, ze nire belaunaldikoek ez genuen asko ezagutu. Izena bai, bere izena daraman kazetaritza saria ere agian bai, baina bere lana eta ibilbidea ez. Hurbildu nahi nuen berarengana baina ez ordura arte egin zen bezala, alegia, bere lagunek eta bera ezagutu zutenek kontatuta, baizik eta gehiago sakonduz bere lanetan, bere hitz eta idatzietan. Nahi izan dut pixka bat barruragotik aztertu nor zen Rikardo Arregi.

Eta zer perla edo marabilla aurkitu dituzu prozesu sortzaile horretan zehar?

60ko hamarkadan kontzientzia handia zegoen, lan pila bat egin zuten Rikardok eta bere ingurukoek euskararen eta kulturaren alde. Politikan ere interes handia zeukan eta politikan jarduteko grina ere bai. Belaunaldi horrek lan asko egin eta konpromiso handia zuen. Ez nekien hainbeste proiektutan sartua zegoenik, hainbeste idatzi zuenik. Harritu nau hain denbora gutxian, hain gazte izanda, hainbeste gauza egitea, hainbeste proiektu martxan jartzea, jende pilo batekin zeukan harremana: Gabriel Aresti, Txillardegi, Karlos Santamaria… Batez ere, bere ekimena, ausardia, eta amak filmean esaten dion bezala, «beti presaka» zebilela. Etengabe zegoelako gauzak egiten, pentsatzen, jendearekin egoten, ez zekien geldirik egoten. Horregatik "Zutik" izena, altxatu eta beti aurrera egiten zuelako, eta bere lanak baduelako itzala, Rikardo Arregi nolabait ere zutik dagoelako oraindik.

Nola eman diozu osotasuna pelikulan hain pertsona poliedriko eta gazte bati?

Film labur batek ez du askotarako ematen baina saiatu naiz bere aurpegi guztiak biltzen, pertsonala, soziala, plaza gizon bezala, familia giroa… Zertzelada batzuk besterik ez dira, oinarritxo batzuk, jendearen arreta pizteko. Gustatuko litzaidake bai, jendeak gehiago ezagutzea Rikardo. Oso langilea zen, nekaezina, serioa ere bazen lanean, baina bazeukan alderdi ludikoa ere, bazen txantxazalea, gertukoa, lagunen laguna, eta hortik frontoiko eszena ludiko horiek, nahiz eta gero tragiko bihurtzen diren.

Giroa, jantziak, Rikardoren erretratua ez ezik, aro baten, 60ko hamarkadaren erretratua ere egin duzu.

Aipatzen duzun aroarena ondo ikusten da Rikardoren aitaren paperean. Aitari galdetzen dio filmean: «Nola doaz ikastolako lanak?». Keinu bat da bere aitari. Garai haietan lan pilo bat egin zuen Andoaingo ikastola sortzeko, errefuxiatuekin bazuen harremana, gudari ohia zen baina beti atzean geratzen zen, publikoki ez zen ezaguna jardunean. Rikardok etxean jaso zuen konpromiso eta euskaltzaletasuna plazara atera zuen.