Ramon SOLA
DONOSTIA
«EUSKAL DISIDENTZIA, ERREPRESIOA ETA ESPETXEA»

Askotariko euskal preso politikoen 35 urte bildu ditu Euskal Memoriak

1960ko hamarkadatik hona 7.000 bat euskal herritarrek kartzelatze politikoa jasan (eta jasaten) duela egiaztatua du Euskal Memoria Fundazioak. Eta ibilbide hori eta bere ezaugarriak marraztu ditu, milaka preso horietako baten lumaz: Carlos Trenor. Erakunde armatuenaz harago doan istorioa da... Historia, iraganean gelditu arte ez da izango.

Euskal Herria aspaldidanik astintzen duten kartzelatze politikoei buruzko lan hau Joseba Sarrionandiak maisutasunez eginiko definizioarekin hasten da: «Euskal presoak egin dutena eta egin ez dutena ari dira ordaintzen. Egin dutenagatik preso arruntek egin balute baino askozaz zigortuago daudenez gero, konprenitzen da egin ez dutenagatik daudela batez ere zigortuta. Egin ez dutena independentzia, sozialismoa eta demokrazia lortzea izan da. Delitu saioa, frustrazio graduan. Ez dute lortu, baina lortu balute bezala mendekatzen dira Espainiako juezak».

Mendekua jasan duten horietako dozenaka batzuk hurbildu ziren atzo Euskal Memoriaren azken lanaren aurkezpenera. Eta mendekua jasan duen horietako batek idatzi du, Carlos Trenorrek, hain zuzen.

«Itsaso» baten aurrean sentitu zen Trenor, espetxetik atera berri zela Euskal Memoriak erronka helarazi zionean. Eta ez zen gutxiagorako, Fundazioko presidente Iñaki Egañak atzo gogora ekarri zuenez, 7.000 inguru baitira 1960ko hamarkadatik hona kartzelatze politikoa sufritu duten euskal herritarrak.

Aurretik, gai honetara hurbiltze saio batzuk baziren (esaterako, EPPKren historia bildu zuen ‘‘Burdinen arteko herria’’), baina ez ikuspegi osoa hartzen duen lanik. Eta erronka ondo asko gainditu dela erakusten du Donostian aurkeztutako “Euskal disidentzia, errepresioa eta espetxea (1978-2011)” liburuak, jakinik –Carlos Trenorrek berak nabarmendu baitzuen agerraldian– historia osoa idazteko eguna urruti dagoela, gaur egun ere oraindik preso politikoak existitzen diren heinean.

Euskal Herrian pilatua den zigor politikoaren neurriari erreparatu zion Egañak. Zenbakiek argi adierazten dute: 80.000 preso politiko inguru zenbatu dira 1936ko gerratik hona eta 7.000 gutxienez azken bost hamarkadetan. «Zenbaki beldurgarriak dira –nabarmendu zuen historialariak– baina aldi berean bizirik dagoen herri baten seinalea ematen dute».

Hurrengo urterako, 7.000 lagun horien fitxa osoak argitaratzeko lanean ari dira Euskal Memorian: bakoitzaren espetxealdiaren datak, argazkiak, jaioterriak eta abar ari dira jasotzen, inurri lanean. Atzo aurkeztutako liburu honetan espetxeratzeak baino ez dituzte aztertu, atxiloketak oinarri hartu izan balituzte kopurua are ikaragarriagoa izango zelako –«40.000 inguru , Jon Mirena Landaren lanaren arabera», oroitarazi zuen Egañak–.

Sei multzo

Baina preso politikoei buruz ari garela, zertaz ari gara? Bere jardunean, sei multzo bereiztera heldu dela aipatu zuen Trenorrek: «Erakunde armatuekin harremana izan dutenek» osatzen dute kopuru handiena, jakina; «‘Dena ETA da’ teoriaren biktimak» ere badira (Trenor bera barne); gazte borrokengatik zigortuak; intsumisoak –«legea aldatu nahi izateagatik zigortu zituztelako», nabarmendu zuen egileak–; COPEL koordinakundearen ingurukoak, preso sozialtzat hartuak izan arren borroka guztiz politikoa egin dutelako; eta azkenik, «langile klasearen aldarrikapenak defendatzeagatik kartzelatuak izan direnak», erantsi zuen Trenorrek.

«Ni ez naiz ez idazle ez historialaria», zehaztu zuen. «Eta ez naiz objektiboa, presoen aldekoa naiz», aitortu zuen jarraian. Hala ere, zorrotza eta orekatua izaten ahalegindu dela adierazi zuen egileak.

Erabili dituen iturriak zehaztean, ezer baino lehen «beharko genituzkeen dokumentuak sekretupean daudela» salatu zuen Carlos Trenorrek, eta erakunde armatuetako paperak ere hainbatetan poliziek desagerrarazi edo desitxuratu dituztela erantsi zuen.

Itsasoan barrenako bidaia horretan, hemerotekan ere igeri egin behar izan du Trenorrek, nahiz hedabide espainoletan 1989tik aurrera hutsune nabaria sentitu duen –«hortik aurrera, presoak soilik zikintzeko edo zatiketak eragiteko agertzen dira», eman zuen aditzera–. Eta azkenik, testigantzak izan ditu oinarri eta osagarri, baita Angel Rekalderen ‘‘Herrera prisión de guerra’’ eta Jokin Urainen ‘‘Gatibu sortu nintzen’’ liburu estimatuak ere. Ezinbesteko laguntzaile batzuentzat esker ona erantsi zuen: Joxean Agirre, Jabier Salutregi, Teresa Toda, Mikel Korta... preso politiko izandakoak horiexek ere.

1978tik 2011ra arte (nonbait jarri behar zela azken puntua esan zuen Trenorrek) gertatutako pasarte garrantzitsuenak hartzen ditu bere baitan ‘‘Euskal disidentzia, errepresioa eta espetxea’’ liburuak. Baina gertaerekin batera, testu motzagoen bitartez, espetxea zer den azaltzeko ahalegina antzematen da. «Jendeak ez baitu ezagutzen zer den ‘kunda’ bat, edo isolamendua zer den... eta ez du zertan ezagutu», justifikatu zuen Trenorrek.

Sakontzeko aukera

Azkenik liburuan milioi bat karaktere inguru argitaratu den arren (dezente gehiago idatzia zuen preso ohi eta abokatuak), bai eta ehunka argazki ere, itsasoa liburu bakar batean kabitzea ezinezkoa dela bistan da.

Proposamena mahaigaineratu zuen, beraz, Carlos Trenorrek, errealitate zabal-zabal honetan lan monografikoen bitartez sakontzeko aukera ikusten baitu. Esaterako, emakumea eta espetxeari buruz zer bildu badela ikusi du, edota preso intsumisoen inguruan… espetxeratze politikoak benetan Historia, alegia iragan hutsa, bilakatu arte.