Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Katuak mar-mar

Hamar, katuak mar-mar», esan ohi da. Bada, hamar urte igaro dira Mikel eta Maite Gurrutxagak “Alex nire laguna” album ilustratua sortu eta 2009an Etxepare saria jaso zutenetik. Orain, hamarkada bat igarota, berriro elkartu dira katu bat tarteko.

Lehoi usteko katu bat da liburu honetako protagonista. Handikiro bizi den etxekotutako animalia, hain zuzen. Bere jabeen arreta guztia bereganatzera ohitua dagoen katuari, ordea, lehiakide bat sortuko zaio (ume jaioberria) eta bere eginda zuen territorio horretan kokaleku berria aurkitu beharko du.

Oso burutsua da narrazioa. Hain justu, katua etzanda dagoen telebistan ematen ari diren dokumentalaren off ahotsera mugatzen da testua: «Afrikako sabanan, indartsuenaren legea araudi den lurraldean…». Horrekin, lehen planora ekartzen ditu Maitek dokumentaleko lehoia eta haren postura berean etzanda dagoen katua. Bi felidoen arteko paralelismoa da hortik aurrerakoa. Lehoia sabanan nola, katua ere jaun eta jabe da bere etxean. Baina Afrikako lautadan bezala, hemen ere «erregearen agintaritza mehatxatzera» datorren norbait agertu da: haur txikia. Zertarako gai izango ote da katua bere lekuari eutsi ahal izateko?

Anaiarekin “Alex nire laguna” argitaratu zutenean, 26 urte zituen Maite Gurrutxagak eta bere ilustratzaile ibilbidearen hasiera baino ez zela esan daiteke. Harrezkero, hamaika liburu ilustratu ditu Euskal Herriko nahiz atzerriko idazle eta argitaletxeekin eta hainbat sari eskuratu ditu; besteak beste, Ilustrazioaren Euskadi saria 2014an “Habiak” (Txalaparta, 2013) lanarekin. Bidean bere estiloa finkatzen joan da eta nabarmen ikusten da lan bakoitzerako hautatzen duen koloreen paleta mugatuetan, bere pertsonaien espresioetan, irakurleari eskaintzen dion begiradan, eta bere lanek transmititzen duten erritmo pausatu eta ia letargikoan.

Ezaugarri horiek oso bistakoak dira “Leo, sabanako errege” liburuan, hamar urteren ostean berriro anaiarekin sortu duen album zoragarri honetan. Esango nuke, gainera, kontakizunaren neurrira egindakoa dela: txikia bezain apetatsua. Izan ere, ilustrazio ederrak izanagatik ere, ez dira albumen egungo joeretara makurtu; txikira jokatu eta 16x16 cm-ko liburua argitaratu dute, eskuko hamar hatzen neurrikoa. Nahikoa. Horrek, gainera, altxor txiki preziatua balitz bezala irakurtzera eramango gaitu, ia postura jakin bat hartzera behartuz, sorbaldak eta lepoa gorputzera bilduz (nahita egindakoa ez bada ere, bere pertsonaiei egindako keinua dirudi, horietako askorengan ikus daitekeen jarrera baita sorbaldak jasotzearena).

Koloreen paleta ere mugatua eta ondo hautatua da: horia, gorria, urdina eta berdea. Horiek, gainera, lekuz aldatzen dira kontakizuna lasaitasunetik aztoramendura igarotzen denean: horia zena urdin edo gorri bilakatzen da, urdina zena gorri… Begiradari dagokionez, berriz, hori ere ondo neurtutakoa da, katuaren ikuspegia baita Maitek irudien bidez ematen diguna, horregatik mozten ditu beti etxekoen aurpegiak begien parean. Amaieran baino ez ditugu osorik ikusiko, pertsonaia guztiengan sentimendu bera azaleratzen den une horretan, hain zuzen.

Egia esan, modu askotara konta daitezke anai-arreba berriek zaharragoengan eragin ditzaketen zeloen ingurukoak, eta, asko dira gaiari buruzko liburuak, baina gurrutxagatarrek beste buelta bat eman diote gaiari, eta maskota baten ikuspuntutik kontatu dute bizipen hori. Istorioa, gainera, anekdotatxo batera mugatzen da. Ez da sufrimendu edo minik sumatzen, ez dago batere dramarik. Gaia umore handiz hartu dute eta modu argitsuan uztartu dituzte testua eta ilustrazioa.