Mikel Ibarguren
Idazlea
JOPUNTUA

Borroka egunak

Frantziako jaka horien erreboltak urtebete egin duen honetan inoiz baino ageriago gelditu da kapitalismo birrintzailearen aurka klase borrokak hartu duen tornuia. Langile klaseak pairatzen duen itomena eta ezin bizia gero eta agerikoagoak dira alde guztietan. Baina baita greba eta borroka egun desberdinen bidezko erantzuna ere. Erretreten erreformaren aurka egunotan ikusten ari garen legez.

Macronen politika suntsitzaileak ez du etenik. Medefeko ugazabak dibidenduz hanpatzen ari diren bitartean Lyoneko «Lumière» unibertsitateko ikasle gazte bat bere buruaz beste egiten saiatu da. Gorputzaren %90 erreta gelditu zaio. Macron, Hollande, Sarkozy eta Europar Batasuna akusatzen ditu, ekintza egin aurretik idatzita utzi duen gutun batean. «Ezin dut horrela bizi».

Neoliberalismoak ez du mugarik, ez du lurralde finkorik, ez du ideologiarik. Edo bai, kapitalarena. Langileok ez gara beraien etekin milioidunak erdiesteko eskulan merkea baino. Eta egoerak gordintzera egingo du, aurreikuspen guztien arabera. Horrela, ordu txikietan herritarren zergekin ordaindutako Ertzaintzaren laguntzaz enpresak ixten jarraituko dute Araluce-n bezala, 141 langile kale gorrian utziz. Edo Bizkaiko metalgintzan bezala akordioa sinatuko dute, Urkulluren esanetan negoziatzeko borondaterik ez zuten sindikatuen eta zuen guztia egin ahal izan zuen patronalaren artean. Hori bai, hamar eguneko greba eta borroken ostean. Erandioko La Auxiliar Naval ontziolako langileek ere bi hilabete kobratu gabe daramatzatela egin dute oihu. Bidarteko MR. Bricolage-ko hamabi langile ere greban dira kaleratuak izango direla jakin dutelarik...

Hamaika borroka hamaika erasori erantzuteko. Justizia soziala aldarri dela. Kapitalismoari hortzak erakutsiz. Eta urtarrileko greba orokorrak ere zentzu horretan duinduko du langile eta herritar xumeen haserrea. Biziraupen kontua denez, aldez edo moldez, bizitza duin baten aldeko borrokak direlako guztiak.