Joseba SARRIONANDIA

Joxe Azurmendi, bestearena ulertzen duena

Joxe Azurmendi Kongresua atzo bukatu zen Donostiako San Telmo museoan, hiru egunez filosofo zegamarraren pentsamenduaren inguruan eztabaidatu eta hausnartu ostean. Jardunaldiak eguerdian bukatu ziren, Joseba Sarrionandiak propio bidalitako testu baten irakurketarekin. Hemen jasotzen dugu idazleak bidalitako lerroen lagin bat, Azurmendi entzule eta aditzaileari buruz. “Jakin” aldizkariak osorik argitaratuko du hurrengo asteetan iurretarraren idatzia.

Esan dut Joxe Azurmendi estimatzen dudala, eta orain artekoarekin esplikatu dudala uste dut zergatik, lankide sentitzen dudala Euskal Herria den espazio horren eraikuntzan. Uste dut bera erreferentzia ezinbestekoa izango dela luzaroan komunikazio espazio horretan. Estimatzen dut baita ere, askatasun eta balio elemental batzuen defentsan jardun delako beti. Baina aipatu nahi dut motibo tekniko bat ere bai. Filosofo, politiko, kritiko gutxi ezagutzen dut interlokutoreen pentsamendua hain ondo konprenitzeko gauza dena.

Mutikotan nik Formación del Espíritu Nacional deitzen zen asignatura bat izan nuen eta han erakusten ziguten komunistek dirua eta semealabak kentzen zizkietela gurasoei, eta abertzaleek abertzaleak ez zirenak Euskal Herritik bota nahi zituztela. Gezurrak dira, baina besteen hitzak desitxuratzea ohikoa da eta ia derrigorrezkoa bihurtu da harrezkeroko ariketa intelektualean. Ariketa politikoan, zer esan. Ignacio Sánchez-Cuencak salatu zuen Espainian nagusi den lotsagabekeria intelektual hori…

Gezurkeria zaharra da, lastozko interlokutorearen falazia deitzen da, besteak dioena itxuraldatu edo asmatu eta, omen dioen horren kontra argumentatu nahieran. Ez dago okerragorik, eztabaida batean, bestearen arrazoia okertu eta itxuraldatzea baino. Gerra baliabide intelektuala da. Hala ere, ohikoena bihurtu da alor askotan. Bestearen argudioa, gainditu ezin denean, saihestu edo desitxuratzea. Internetek ematen duen moduko urruntasunarekin, gainera, nagusitasun intelektualaren froga erosoena insultoa izaten da.

Besteak dioena ondo ulertu gabe ez dago elkarrizketarik, ez dago komunikazio espaziorik. Antzinako Indiako eztabaida filosofikoetan, metodologia bat zegoen ulermen hori ziurtatzeko. Batek argudio bat esan eta besteak, bere kontra-argudioa azaldu orduko, entzundako argudioa argi laburbildu behar zuen.

Zentzu honetan, kontrako adibidea da Joxe Azurmendi. Haren irakurleok uste dut pribilegio ederra dugula. Iraultza sobietikoan erabili ziren argudioak modu paregabean jaso zituen, gai horri eskaini zizkion hiru liburuetan. Gero, Zer dugu Orixeren kontra? eta Zer dugu Orixeren alde? Horixe dira, dialogo ireki bat Orixerekin. Ez dakit Kolakowskiren kasuan, Kolakowskiren liburuak ez nituen ondo ulertu, susmoa dut Kolakowskik berak ere ez zituela Kolakowskiren liburuak ulertzen. Igual, Joxe Azurmendiren liburuak irakurrita enteratuko zen Kolakowki Kolakowskik esaten zuenaz…

Jon Mirande, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler… Nork analizatu eta kontestualizatu du Jon Miranderen pentsamendua hari buruz errepikatzen diren sinplekeriez aparte? Eta Etienne Salaberry, José María Arizmendiarrieta, Bitoriano Gandiaga. Eta Ilustrazio alemana, Goethe, Herder, Humboldt, eta, bide batez, Ilustrazio frantsesa. Zenbat topiko oker behin eta berriz erabiliak geratzen diren begibistan. Renan, adibidez, zenbat babokeria irakurri dugu eta idatzi dugu Renanen esaldi bat edo beste kontestutik aterata, harik eta Joxe Azurmendi heldu arte argitzera Renanek zer esan zuen, zergatik eta zertarako…

Ostera, ikusia dut Joxe Azurmendiren pentsamendua guztiz distortsionatua harrokeria intelektual espainolaren aldetik, intelektual etnizista muturreko moduan presentatua. Pentsatzen dut egunen batean lasaituko dela Espainiako histeria nazionalista hori. Konturatuko dira Joxe Azurmendi euskaldun arrazionalista bat baizik ez dela. Eta pentsatzaile ona dela, baina batez ere ulertzaile fina. Entzuten jakitea mintzatzen jakitea baino inportanteagoa da. Antzinako Indiar filosoek ondo zekiten hori, kasta horretakoa da Joxe Azurmendi. Naturak berak ere ondo daki hori: bina belarri eman dizkigu denei mihi bana eskaini orduko.

Ez zaizue iruditzen, idazlea izatea baino, irakurle ona izatea inportanteagoa eta zailagoa dela?

Horixe ba, baditut Joxe Azurmendiren liburu batzuk irakurri gabe oraindik, irakurrita ditudan Joxe Azurmendiren liburuetan zentzu berriak aurkitzen ditut berrirakurtzean. Irakurtzea onuragarria da. Zuei berdin gertatzen bazaizue, ez da gure meritua bakarrik, baizik eta Joxe Azurmendiren obraren balioa. Eskerrik asko.