Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Hitzak

Urteari egun gutxi falta zaizkio eta guri, berriz, hamaika promesa bururatzen zaizkigu datorrenari begira. Paper zati txiki batean izkiriatu ditzakegu ametsak, desioak, egiteko ditugunak edo urte osorako planak, eta notario batek sinatutako berbak bailiran gordeko ditugu promesak gordetzen diren kutxan.

Baina zentzazioa daukat hitzek gero eta balio gutxiago dutela. Sentsazioa daukat hitzen esanahia lapurtu digutela. Urtetik urtera gero eta hitz gutxiago ditugun susmoa, baina, okerra dela sinestarazi nahi digute, eta, akaso, gela propioa eman ziotenean, Virginia Wolf ere horrela sentitu ote zen pentsatu dut.

Ehun eta berrogei karaktere eta gure mezuak mundu zabalean zabaltzeko aukera eman dizkigute, eta mugarik gabeko askatasuna oparitu izan baligute bezala sentiarazi gaituzte. Baina bien bitartean “filosofia” bezalako berbak ezabatu egin dira eta ez gara ohartu galdutakoaren balioaz. Soilik horrela uler daiteke, besteak beste, “De Miguel auziarekin” jazotakoa. Barkamena eskatzea eta jarraian erantzukizuna gainetik kentzea tranpa egitea bezain iruzur handia da. Ez bada ardurarik sentitzen, ez litzateke barkamenik eskatu behar. Zintzoa ez den barkamenak ez dio barkamenaren esanahiari erantzuten, eta, beraz, iruzur egitea bezain larria izan beharko luke. Baina hitzek ez dute jada baliorik sistema judeokristauaren jokabideak barneratuak dituen jendartean.