GARA
donostia

Hondarribiko «makro-outleta» gelditzeko eskatu diote alkateari

Zaldunborda Gelditu plataformak «makro-outlet» proiektuaren aurka atxikimenduak biltzen jarraituko duela argi utzi zuen atzo, EAJren gehiengoa duen Hondarribiko Udalak egitasmoari eusteko borondate irmoa agertu ondoren. Talde ekologistek irmo salatu dute Txomin Sagarzazu alkateak megaproiektu hori bultzatzea ez datorrela bat «bere alderdiak Madrilgo klimari buruzko goi bileran parte hartuz defendatzen duen politika berdearekin».

Zaldunbordan makro-ouleta egiteko plangintza bertan behera utzi zuen Hondarribiko Udalak, akats teknikoak argudiatuta, baina aurreko asteko osoko bilkuran egitasmoari eusteko borondate irmoa agertu zuen. Hori ikusita, Zaldunborda Gelditu plataformak proiektuaren aurka segituko duela berretsi zuen atzo, alkateari mezu zuzena helaraztearekin batera.

EAJkoak ez diren herritarrak baztertzea leporatzen dio plataformak Txomin Sagarzazu alkateari. «Gogoeta egin dezala eskatzen diogu, sentibera izan dadila sortzen ari den haserrearen aurrean, arduratsu aritu dadila, eta ez dadila historiara pasa Txingudi-Donostia korridorearen eraispen sozioekonomiko eta paisajistikoan aktiboki lagundu zuen alkate hura moduan», azpimarratu zuten.

Begirada atzera botaz, 2014. urtean Sagarzazuk Jaizkibel babestearen alde egin zuela ekarri zuten gogora: «Hauxe sinatu zuen: ‘...azpiegitura handiak eraikitzea, lurraren erabilera desegokiak eta balioak ez ezagutzea bertako aberastasun naturalerako mehatxuak dira. Hori dela eta, aldarrikatu behar dugu gizakiaren garapenak ondare oro zaintzea izan behar duela oinarri. Badakit Jaizkibel kontserbatzeko eta hurrengo belau- naldiei transmititzeko konpromisoa dugula...’». Zaldunborda Geldituk hitz horiekin bat egiten duela nabarmendu zuen.

Hondarribiko Udalaren erabakiaren berri jakin ostean, plataformak «kalteturik izan daitezkeen herritarren aurrean pedagogia egiten jarraituko duela» iragarri zuen, «herriz herri, auzoz auzo atxikimenduak jasotzen jarraituko dugu. Guk gizarte, ekonomia eta politika eragile ezberdinekin, edota erreferente instituzionalekin biltzen jarraituko dugu, eta ongi azalduko diegu Zaldunbordako makro-outletaren proiektua zergatik den lasterketa ero eta zentzugabea».

Talde ekogistek ere beren ahotsa entzunarazi zuten, hala nola Eguzki eta Bidasoaldeko Lagunek: «Hondarribiko alkateak mega proiektu hori bultzatzea ez dator bat bere alderdiak onartuko dituen aurrekontuekin eta Madrilgo klimari buruzko goi-bileran parte hartuz defendatzen duen politika berdearekin».