Goi mailako saiakeraTengkangpoche mendian
Quentin Roberts kanadarrak eta Juho Knuuttila finlandiarrak seimilakoak igo gabe duen ipar zutoina helburu izan dute. Orain arteko kota altuena lortu dute; gainera, estilo alpinoan. Bi alpinistok zailtasun handiko sekzioak bost egunean gainditu zituzten.
Nazioarteko alpinista zaildu askori entzun diegu hobe dela zailtasun handia duen xede batean saiakera on bat egin gatzik gabeko bide berri bat zabaldu baino. Iritzi horrek, jakina, bere oinarria du, eta hurrengo lerrootan jorratuko dugun jarduerak norabide horri heltzen dio.
Lehenik eta behin, aurkezpen lanak egingo ditugu. Protagonistak Quentin Roberts kanadarra eta Juho Knuuttila finlandiarra dira. Aukeratutako helburua, berriz, Tengkangpoche mendiaren (6.487 m) ipar zutoina. Igo gabe dagoena. Estetikoa bezain zaila; hots, lehen lerroko alpinistek amesten duten proiektua.
Zutoin eder horrek hainbat ekinaldi jaso ditu, eta onena Mat Maddalonik eta John Furneauxek egin zuten 2006. urtean. Bederatzi eguneko eskaladaren ondoren, 5.600 metrora zirela, atzera egin zuten. Sokada horrek kapsula estiloan jardun zuen.
Lerrootako protagonistek, berriz, urriaren 11tik 16ra eginiko saioari plus bat eskaini diote. Estilo alpinoan eskalatu zutenez, hamaka zein zulagailua ez zituzten erabili. Oso-oso arin joan ziren: denda txiki bat, iltze batzuk, soka bakarra... Zalantzarik gabe, bikain aritu ziren, eta zutoina bukatzeko 100 metro baino gutxiago falta zirela, jaitsi ziren. 5.930 metroko kota erdietsi zuten, eta puntu horretara iristeko zailtasun tekniko oso handiak gainditu behar izan zituzten: M7, A3 eta 6c.
Tengkangpoche mendiaren ipar zutoina ez zen alpiniston lehen helburua. Kaxmirrera joan nahi zuten, baina bidaia arriskutsua iruditu zitzaien. Chamlang mendiaren ipar horma ere buruan zuten, baina udaberrian Marek Holecek eta Zdenek Zakek lehen igoera sinatu zuten. Azkenean, Nepalgo Khumbu eskualdera abiatu eta aipatu dugun seimilakoan geratu ziren.
Horiek horrela, lehen asteak girora egokitzen jardun zuten. Montzoia luzatu eta Knuuttila gaixorik jarri zenez, saiakera atzeratu egin behar izan zuten. Egoera horretan, Cholatse mendiaren ohiko bidera (hego-mendebaldeko ertza) joan ziren. Baina garaieraren eraginez zein finlandiarraren sukarraren ondorioz, 6.100 metroraino heldu ziren.
Ondoren, Thengpo herrixkara (4.350 m) jaitsi eta seimilakoaren ipar zutoina ondo baino hobeto aztertu zuten.
Zailtasun handiak
Urraren 11 esnatzen ari zela, bi alpinistok martxan jarri ziren. Lehen eskalada egunean 5.400 metrora iritsi ziren: «Bigarren egunean soilik 150 metro eskalatu genituen. Egunsentiarekin batera, oso tente zen pareta batean sartu ginen. Erritmo ona generaman, eta librean zein mistoan eskalada eraginkorra egiten ari ginen. 2006. urteko saiakeraren puntu gorena gainditu genuen. Hortik aurrera igo behar genuen den-dena ukitu gabe zegoen».
Artesi onak aurkitu zituzten, baina guztiek ala guztiek izotza zuten. Horren ondorioz, lan eskerga egin behar izan zuten beren buruak babestu ahal izateko. Gauarekin batera, baldintzak kaskartu ziren: «Bibak egoki bat aurkitzen saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen. Pareta oso tentea zen eta goitik spindrift gogor samarra jasan genuen. Hankak zintzilik genituela, gaua igaro genuen».
Eskaladarekin jarraitu zuten, eta egun horretan izotz mehean luze gogorrak gainditu zituzten: «Bide osoan eskalatu genituen luze onenak izan ziren; kalitate handikoak. 5.880 metrora ginela, elurrezko ertz txiki batean beste bibak bat egin genuen. Bosgarren eguna, atseden eguna izan zen. Biharamunean hotz handia egiten zuen. Lo-zakuak heze zeuden eta Juhoren sabela ez zegoen batera ondo. Gainera, aurrean genituen plakak izoztuta zeuden. Arroka trinkoa zen; artesirik gabe. Bidearen giltza hor zegoen. Azkenean, erretiratzea erabaki genuen».