Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Tradizioak

Herri guztiek beren ohiturak eta usadioak gorde eta ondorengo belaunaldiei transmititu izan dizkiete. Hala da gurean ere. Gainera, zeinen harro gauden euskal tradizioez! Nola puzten garen kanpokoei jatortasunez atxiki ditugula erakusterakoan!

Hausnartzeko beta hartuko bagenu, ohartuko ginateke, neurri handian, gure burua engainatzen dugula. Gabon garai honetan argi asko geratzen da hori, San Tomas egunetik hasita. Jatorriz herri baserritarra garela ospatzen dugu, azoketara joaten gara aspaldiko jantziak (dotoreak, hori bai) soinean, eta, taloa eta txorizoa janez konplitzen dugu, atsegin handiz, arbasoen ohitura, ahazturik egun hori baserritarrentzat ez zela, preseski, oso atsegina izaten. Izan ere, ez oso aspaldi arte haientzat egun hori jauntxoei urteko errenta kitatzeko eguna izaten zen. Taloa ere, berez, arto irinez egindakoa zen, gari irina ezin zutelako erosi.

Antzeko zerbait gertatzen da Olentzerorekin. Neguko solstizioa ospatzeko ohituran jatorria duen pertsonaia mitologikoa kristautasunak bereganatu ostean, Errege Mago edo Papa Noel pareko bihurtu dugu. Aitortu behar da, halere, soilik Bidasoa aldean mantentzen zen ikazkin mozkorti eta zikinaren tradizioaren susperraldia frankismoak euskal kultura itotzeko ahaleginaren kontrako erreakzioari zor diogula. Euskal nortasuna berreskuratzeko 1970eko hamarkadako oldarraldi herritar haren muina, ordea, asko aldatu da geroztik.

Ohiturak aldatzen diren heinean, tradizioak ere transformatzea guztiz naturala da. Gogaitzen nauena da gure garai hauetan indar transformatzaile nagusia kontsumismoa izatea. Herri zaharra eta ohitura zaharrak izanagatik, ez gara uste dugun bezainbeste “autentiko”. Gainerako herrialde “aurreratuak” bezala, sinbolo, sentimendu eta baita zilborkeriari ere zukua ateratzen primeran dakien kapitalismoaren atzaparretan hartuak gaude. Munduan zehar Che Guevararen irudia milioika elastiko edo katilutan estanpatuta, mauka komertzial ederra bilakatu zuen justu iraultzailea erail zuen inperialismo yankiak berak. Olentzerok horrela bukatzea ez nuke nahi.