Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Friboloen ondarea

Joan zen astean Erdoganek iragarri zuenean Turkiak soldaduak bidaliko zituela Tripolira, Libiako gobernuaren izena –izana baino gehiago– darabilen alderdiari laguntzera, koska bat, edo bi, gorago igo zen seigarren urtean sartzen ari den gerrak.

Orain arte, bazirudien Khalifa Haftar jeneralaren indarren garaipena denbora kontua izan behar zela: herrialdearen gehiena, eta ia petrolio guztia, kontrolatzen du; eta arma eta babes islamiar nagusiak (Emirerriak, Egipto, Saudi Arabia) berekin ditu, islamismotik urruti samar badago ere bera. Baina egia hutsa da Haftar ez dela gai izan azken bederatzi hilabete hauetan Tripoli hartu eta gerra irabazteko.

Agian, horrek berak pentsarazi die beste batzuei Fayez al Sarraj-en «gobernuaren» akabera idazteke legokeela oraindik, eta merezi duela haren aldeko apustua egitea. Hori da, behintzat, itxuraz, pasa den abenduan gertatu dena. Alde batetik, aliantza politikoa eratu dute Aljeria, Tunisia eta Turkiak Tripoliko «gobernuaren» alde; eta ondoren, Erdoganen iragarpena etorri da, datorren astean Ankarako parlamentuak ziur onetsiko duena. Esan gabe doa horren atzean Qatarren bulkada finantzarioa dagoela, eta jopuntuan Libiako petrolioaren kontrola.

Hortik aurrera... gatazka militarra areagotu egingo dela esatea pellokeria baino asko gehiago ez da. Nola zertuko den hori da kontua. Erdoganen lehen urratsa izan da Errusia «neutralizatzeko» ahalegina egitea; baina batek daki hori ote den Putinen hautua.

Etorkizunaren zain, momentu aproposa izan daiteke iraganaz hausnarketatxoa egiteko. Gogora ekarriz nola hasi zuen, 2011ko udaberri hartan, Libiako anabasa hori Europa Mendebaldeko politikagintzak aspaldian eman duen alproja eta fribolo sorta garaikide izugarrienak: ordura arte Gaddafiren adiskide minak ziren Sarkozy eta Berlusconik; Erresuma Batuaren historian leku berezia izango duen David Cameronek, eta Rodriguez Zapatero eta Carme Chacon «bakezaleek» Espainiatik. Bejondeiela.

Aspaldi esan zuen norbaitek: gaiztoak baino askoz kaltegarriagoak dira friboloak eta ganoragabeak politikagintzan.