I. AZPARREN-I. OIARZABAL
DONOSTIA
Entrevue
IZAR HERNANDO, MADDI ISASI ETA IRATXE DELGADO
ERNAIKO BOZERAMAILEAK

«Militantzia berriak ekarri du Ernain azken urtean gertatu den egonkortzea»

Ernai gazte antolakundeak azken urteotan bizi izan duen aldaketaren lekuko zuzenak izan dira Izar Hernando, Iratxe Delgado eta Maddi Isasi. Gazte belaunaldi berriak batu dira militantziara, kezka berriak mugituta, eta horrek ere mugimenduak ekarri ditu antolakundera.

Prozesu luze baten ondoren, nolako osasuna du Ernaik?

Izar Hernando: Sei urteren ondoren esan dezakegu Ernaik baduela gorputz bat eta gihar indartsu bat. Hasierako urteak oso gorabeheratsuak izan dira. Militanteok bizi izan genituen urte batzuk antsietate puntu batean, antolakundea egonkortuko zen esperoan. Ezker abertzalearen egoerak ere eragina izan zuen antolakundearen osasunean. Antolakunde berri bat zen eta dena izan zen saiakera-errorea.

Esango nuke azken urtea erabakigarria izan dela, eta ibilbide hori ikusten da. Asko daukagu zehazteko eta hobetzeko, baina azken urtean definitu dugu ildo desberdinetatik egin beharreko lana. Hasieratik jarri zen presio handia guregan, estrategia aldaketa berehala gertatu behar zela eta berehala gorpuztu behar zuela Ernaik. Orain ikusi da ez dela horrela izan. Azken urteko aldaketa eta egonkortzea modu naturalean gertatu da benetan militantzia berriak ekarri duelako aldaketa beregan.

Iratxe Delgado: Ernai sortu zen Euskal Herrian fase politiko berri bat hasi zenean. Fase horren eraikuntza dinamikoa izan da eta Ernairen sorreran oraindik ez geunden fase berri horretan. Antolakunde bat zen oso lur ezegonkorrean. Aurreko fase politikoko ezaugarri askorekin, baina berriak bilatu nahian, jakin gabe oso ondo non lur hartu. Ernaik ezaugarri finkoago batzuk ditu orain eta esan daiteke azken urtean bere tokia aurkitu duela.

Larrialdi ekonomikoa, krisi ekologikoa, feminismoa... Urte berriari begira, nola heltzen die Ernaik horrelako erronkei?

I.D.: Olatu bat izan da feminismoarekin Ernairen sorreratik. Uste dut Ernaik asmatu zuela irakurtzen feminismoak izango zuen ibilbidea eta horrek bihurtu zuela feminista askorentzat militantziarako espazioa. Horri gehitzen zaio ekologismoarena. Oso berria da, olatu honek dakartzan berritasunak kontuan hartzea beharrezkoa da eta integratzea kostatuko zaigu, zeren eta eskatzen dizu erabat berrikustea, baina egia da datozen belaunaldi berrien ikuspegi politikoen parte dela. Larrialdi ekonomikoarena agian potoloagoa da ez dugulako bizi izan olatu bezala. Egia da Ernain dauden nagusienek bizi izan zutela 2008ko krisia, geroztik militatzen hasi zen jendeak prekarizazio oso bortitza bizi izan du, baina ez krisi forman.

Ernai gazte antolakunde bat da proiektu politiko batekin: independentzia, feminismoa eta sozialismoa. Bere burua kokatzen du estrategia baten baitan, eta horrek prozesu independentista eta Estatuarekin haustura prozesua erdigunean kokatzen du. Beraz, erronka horiei guztiei erantzuteko gure markoa hori da.

Maddi Isasi: Gazte belaunaldi berriek daukaten mundu ikuskera da injustiziarena, larrialdi ekonomikoarena; baina Estatu espainolaren autoritarismoarena ere bai. Hortik ere gorpuzten ari da kezka bat, jarrera aktiboago batera pasatzen ari dena. Ernaik jakin izan du bizi baldintzei lotutako eskaintza bat edo irakurketa politiko bat egiten.

I.H.: Ernairen jokaera intuitiboa izan behar da. Gure borroken atzean teorizazio bat egon behar da, ezker abertzaleak askotan asmatu du teorizazio batekin, baina intuizioz jokatzen eta momentu jakin batean herria zertan dagoen harrapatzen ere bai. Gure kasuan, gazteria. Ezin dugu ekologismoa ez landu belaunaldi berriak datozen bezala. Ezin dugu feminismoa ez landu, hor teorizazio bat dagoelako, ulertzen dugulako sisteman jokatzen duen papera, baina baita ere eskatzen zaigulako eta intuizioa dagoelako.

Borroka asko abian jartzeak ez al du helmuga lausotzen?

I.H.: Hain zuzen, gure erronka da borroka sektorial horiek guztiak lotzea horrekin eta markoa jartzea horri guztiari. Hori da gure helburua egiten dugun guztian, borroka sektorial horiekin konektatzea eta erantzuna ematea. Erantzuna da hemen (Euskal Herrian), orain eta gu.

I.D.: Helmuga Ernaik jartzen du, eta horretara ez goaz bakarrik. Guk esaten dugu independentzia eta sozialismoa, eta ez dago independentzia eta sozialismorik. Prozesu bat egin behar dugu eta helmuga argi izanda, gaitasuna izan behar dugu beste jende batekin analisiak konpartitzeko eta bideak eraikitzeko. Agian espazio berri horren helmuga ez da zuk nahiko zenukeena, baina prozesuak gatazkak dira. Hori konplexurik gabe bizi behar dugu, borrokan markatzen dituzun ardatz desberdinak helburu horrekin lotuz. Gure apustu nagusia gazte mugimenduetan lanean jarraitzea da, elkarrekin borrokatuz herria egitea.

Eraldaketa berriak izan dira gazte mugimenduaren barnean. Izan ere, Ernai eta Ikasle Abertzaleen arteko aliantza estrategikoa bertan behera gelditu zen, eta Gazte Koordinadora Sozialista ere sortu da. Nolako eragina izan du horrek Ernairengan?

I.D.: Eragina handia izan da. Haustura hori ez da egun batetik bestera gertatu, ezker abertzalearen estrategia aldaketaren baitan gertatu da. Bai ezker abertzaleak bai eragile sozialek ibilbide bat egin dugu, fase politiko berrian kokatzeko. Eta IAk bestelako bide bat egin du. Bide hori ez zen Ernairekin konpartitua izan. Ez dugu IAren irakurketa osoa ezagutzen, publiko egin dutena baino ez dakigu. Horretan oinarrituta ikusten genuen egiten genuen irakurketa, ikasle mugimenduaren beharrei buruz, ezberdina zela. Gure ustez behar da ikasle mugimendu bat, masa ezaugarriak dituena eta fase politiko honetan artikulatu behar duena hezkuntza sistema propio baten aldeko mugimendu zabala: Euskal Herrian zer hezkuntza sistema izango den erabakitzeko prozesu bat martxan jartzea.

Hortik dator GKSren sorrera, IArekin gorpuztu den aliantza, argi erakusten duena haustura hezkuntza eremutik harago doala. IAk bere bidea egin du eta zilegia da. Bakoitzak bere bidea egingo du, baina guk ez diogu uko egiten ikasle mugimendu bat antolatzeari. Momentuz agerikoa da ez dagoela baldintzarik elkarlan estrategiko baterako, horrek ez du esan nahi espazio ezberdinetan batera egon ezin garenik.

I.H.: Guk publiko egin genuenean aliantza hori bukatutzat ematen genuela, ordurako aliantza hori, praktikan, aspaldi zegoen hautsita. Guretzat izan zen argipen ariketa bat kanpora begira, baita ere barrura begira militantziari aitortza bat egitea eta kapitulu hori ixtea, zeren estrategia terminoetan hitz egin daiteke, baina baita zer kostu izan duen honek pertsonetan eta militanteengan ere. Urte batzuk nahiko nahasiak izan dira eta dramarik gabe baina minetik bizi izan dute militante askok, gure komunitatean eragina izan duelako. Ez gara hitz egiten ari etxetik kanpoko jendeaz, baizik eta ondoan genituen kideez eta haustura mingarria izan da. Orain militatzen hasi den belaunaldiak hau naturaltasunez bizi du, aniztasunetik ulertu behar da eta inondik inora ez korapilo bat bezala. Argipen horren aurretik sektore horri begiratzen jarraitzen genuen, eta hori aldatu da.

M.I.: Gure militantzian eta komunitatean egonkortze fase bat egon da. Ez dago gazte mugimenduetan dinamizazio lanak egingo dituen antolakunde bakar bat, baina gero eta argiago ikusten da gure bidea argi daukagula, baita zer momentutan egin behar ditugun aliantzak beste eremu batzuekin ere.

Trantsizio fasea amaitu ondoren identitate borrokalari eta erakargarri bat osatzeko erronka zenutela aipatu duzue. Lortzen ari zarete?

M.I.: Baietz esango nuke, trantsizio amaieran gaudelako, testuinguruak laguntzen duelako. Badago konprometitzera pausoa ematen duen gazte asko. Ernaik ere gazte horiekin konektatzeko gaitasuna dauka, eta hori bere baitan bada asmatu delako identitate borrokalari berri baten eskaintza egiten.

I.H.: Bulkada Berrien Garaia dinamika ez zen dinamika hutsa izan. Belaunaldi berri bat militatzen hasi da. Orain arte militanteak tantaka hasi dira, baina dinamika horren ondoren belaunaldi berri bat hasi da eta antolakundeak gorputz berri bat hartu du. Ikusten da badagoela identitate berri bat. Hasi da militatzen feminista delako, edo Katalunian edo Altsasuko injustiziaren aurrean antolatzeko beharra ikusi duelako.

Lehen intuizioarena aipatzen nuen, eta nire ustez hori da: asmatzea gertatzen ari diren gauzak interpretatzen eta horri ematen militatzeko eta antolatzeko eskaintza. Aurten, agian koiunturak lagunduta, egia da Altsasukoak eta Kataluniakoak ekarri duela independentismo edo abertzaletasun berri bat, ez dakit oso ondo nola deitu, baina hori Ernain ikusten da. Militatzeko ereduaren aldetik ere, askotan esaten da konpromiso falta ikusten dela belaunaldi berrietan, baina uste dut militatzeko beste modu bat dagoela. Lehen konpromisoa 24 orduko bilerak egitea zen, eta orain belaunaldi berriek esparru guztietan militatzen dute; kirol taldean, naturaltasunez militatzen dute sare sozialetan.... Horrekin ez diot garrantzirik kendu nahi taldean militatzeari.

I.D.: Identitatea gazte antolakunde baten ezaugarri inportanteenetakoa da, uztartzea pertsona bezala mugitzen zaituen hori, jasaten duzun zapalkuntza espezifikoagatik. Kontzientzia esperientziak ematen du, ez bakarrik ideologiak edo teoriak. Sistemaren indibidualizazioaren aurrean, borrokatzearen tresna eskaini behar du Ernaik. Borroka kolektiboaren elementua eskaintzen dugu arazo hori ez delako zurea, sistemikoa da.

Horren harira, nola lotzen dira iraganeko borrokaren epika eta egungo fase politikoa?

I.Z.: Salto hori naturalki gertatu da. Trantsizio hori gertatzen ari da jende berria etorri delako. Jende berri horrek ez du epika hori ezagutu; benetan estrategia aldaketaren ondoren hasi da militatzen eta beste epika batzuk ditu. Ez dut esango iraganeko epika baztertuta dagoenik, ez da baztertu behar. Baina mahai gainean berri batzuk daude. Eta hori esan daiteke beste jardun bat dagoelako. Epika ez da bakarrik sortzen, jardun baten gainean sortzen da. Ernai pixkanaka eskaintza bat egiteko gai da.

I.D.: Zaharraz eta berriaz hitz egiten dugunean, epikaren planoan egiten dugu, baina plano gehiago daude. Niretzako hor dago funtsa, hau da, zer dialektika sortzen den ibilbide luze eta solidoa daukan mugimendu politiko batean eta bertara batzen diren belaunaldi berrien ikuspegien artean, eta nolako gaitasuna daukan proiektu politiko horrek eraberritzeko, ez bakarrik gehitzeko. Gaur egun, ezkerreko mugimendu askotan bi drama daude. Bat da atzera begiratze horretan lotuta geratzea, eta ezker abertzalean gertatu daiteke. Ezkerreko beste mugimenduetan izan daiteke mesfidantza mugimendu sozial berriei, klase borrokaren irakurketa zurrunak planteatzea. Baina beste aldea ere hor dago: etengabe berritzen, zaharra den guztiak ez digu balio eta teorizazio berri bat asmatu behar da.

Ematen du fase politiko berriaren belaunaldia garela, baina oraindik kartzelan dauden presoak ezagutzen ditugu, erbestean daudenak. Salbuespeneko auzitegiak ezagutzen ditugu eta terrorismoz akusatuta kartzelatu dituzten gazteak.

M.I.: Uste dut funtsa dela nola goazen egokitzen eta nola goazen potentzialki borrokarako aktiboak izan daitezkeen eremu guztiekin konektatzen, oinarriak berdinak izanda. Duela hamar urte militatzera batzen zinen arrazoi berdinengatik batzen dira, beste elementu batzuetatik edanda ere, gaur egungo belaunaldiak. Grina berdina da, mundua injustua dela eta aldatu nahi dugula, horregatik konpartitzen dugu proiektu politiko batekin eraldatu behar dugula.