Andoni ARABAOLAZA
PIRINIOAK

Izotz eta mistoko «eskola» berria Bernerako mendigunean

Urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra, Mikel Zabalzak zuzendutako Fedme-ren alpinismo taldeak «Lizara» izeneko sektorea zabaldu du. Lau bide ditu, eta guztiek ala guztiek ez dute aseguru finkorik.

Fedme-ren alpinismo taldeko zuzendari Mikel Zabalzak lehen irteera izan berri du hainbat ordezkarirekin; Ruben Santamaria, Bernat Vilarrassa, Javier Guzman eta Alvaro Lafuenterekin, hain zuzen ere. Irteera hori urtarrilaren 25etik otsailaren 2ra bitartean egin zuten, eta, Zabalzak adierazi duenez, berez, Kanderstegera joan nahi zuten: «Izotz alpinoan zein mistoan estutu nahi genuen, baina inguru horrek ez zuen baldintza egokirik. Eguraldia ez zen egonkorra, izotz gutxi zegoen, ziur aski alpinista asko bilduko ziren... Egoera hori ikusirik, etxean, Pirinioetan geratzea otu zitzaidan».

Bete-betean asmatu zuen nafarrak. Irteera hori baino egun batzuk lehenago mendilerroan elurra bota zuen, eta, baldintza horiek ikusita, Zabalzak inguru seguru bat bilatu zuen: «Bernerako mendigunearen ipar isurialdera joan ginen; Bisaurin eta Asperen artean. Nahiz eta aurretik elurra bota zuen, hautatutako alderdi hori, Oliboneko zirkua, nahiko segurua da. Horrez gain, Lizara aterpetik hara iristeko ia hiru orduko ibilaldia egin behar da. Eta ziur nengoen bakar-bakarrik egongo ginela».

Erabat garbiak

Ukitu gabeko sekzio batean izan dira, eta horrek, jakina, plus bat erantsi zion. Alabaina, taldekide batzuk Pala de Ip mendiaren ipar hormaren behealdean zegoen izotz-kandela handi bat eskalatzera abiatu ziren. Paraboltik jarri gabe eskalatu nahi zutenez, asmoa bertan behera utzi zuten.

Azkenean, Zabalzak eta bere “ikasleek” jo eta su jardun zuten Oliboneko zirkuan aurkitutako altxorrean: «‘Topo’-an ikusten den bezala, zabaldu ditugun lau bide horiek nahiko laburrak dira; luzeena 130 metrokoa da. Hala ere, uste dugu kalitatezkoak direla. Horrez gain, aipatu behar dut arroka ona duela, eta marra guztiak garbi-garbiak daudela. Iltze batzuk soilik jarri ditugu bide horietatik jaisteko».

“Lizara” izena jarri diote sektore berri horri, eta alpinista iruindarrak azpimarratu nahi izan du hurbiltzen direnek une intentso berberak biziko dituztela: «Denok argi geneukan bide guztiak garbi-garbi utzi behar genituela. Zer edo zer artifizialean egitea onartzen genuen. Eta ez librean, baina txapak jartzen. Luzeren bat edo beste librean egin gabe utzi dugu».

Lau bide horietatik “Aitz” da gogorrena: «M7/A2 gisa utzi dugu, baina librean M9 izan daiteke. ‘Oiga’-k, berriz, arrokan 7c mailako luze bat izan dezake. Guk luze hori 7b/A2+ gisa gainditu genuen».