Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Zergatik?

Haurren galderei erantzun egin behar omen zaie, baita «zergatik hau» eta «zergatik hura» bata bestearen atzetik errenkadan iritsi eta behar bezalako erantzuna emateko arnasa sakon-sakon hartzea eskatzen badu ere. Bitxia da askotan buru txiki horietan zer modutako galdera katramilatu eta argiak sortzen diren.

Felisari bere etxe ondoan, Donostiako Amara auzoan, sortu zitzaizkion seguru asko bizitzako galdera handiak, etxe arteko zirrikituetatik zerura begiratzen zuen bitartean. Haiei erantzuna bilatu nahian Madrilera joan zen eta han hasi zen jakin-min hura apaltzen eta galdera berriak egiten. Fisika ikasketak egin zituen eta arlo honetan Estatu espainolean doktore titulua lortu zuen lehen emakumea izan omen zen 1926an.

Gerra tartean, garai politiko aldrebesa bizitzea egokitu zitzaion eta horregatik bizimodu eta ibilbide akademiko zalapartatsua izan zuen. Igeldoko Meteorologia zentroko buru izatera ere iritsi zen, ordea. Bai, ekarpen garrantzitsuak egin zituen, besteak beste, elektrizitate atmosferikoaren alorrean Felisa Martinek, baina bere izena ez da, agian, behar bezainbeste ezagutzen.

Jakintza arlo zehatzetan egindako bide oparoaz gainera, emakume askok bideak zabaltzen ere ahalegin handia egin behar izan dute. Felisak ondoren etorri zirenei apur bat leundu zien, eta haiek, beste apur bat ondorengoei. Guztiei esker asko aurreratu da, baina ezin da esan bidea laua denik, neska-mutilek aukeratzen dituzten ibilbide desberdinei edota zientzian aritzen diren emakumeek goi karguetara iristeko dituzten zailtasunei erreparatzea baino ez dago.

Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur, eta akordura ekarri nahi izan dut Felisa Martin, bidea samurtzen egin zuen lanagatik, baita haren ondotik etorritakoak ere. Baina buruan, batez ere, Onintza, Malen eta Laia txikiak ditut edo munduratu baino egin ez den June. Laster hasiko dira «zergatik hau?» eta «zergatik hura?» galdezka eta sortuko zaien jakin-mina askatasunez asetzea eta galdera berriak inolako mugarik gabe egitea besterik ez diet opa.