XABIER SÁNCHEZ AGUIRREGOMEZCORTA
Errenteria
GUTUNAK

Zaldibar, Lezo… Ez dugu hau merezi

2020ko otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegiko luiziak AP-8 autobidea erabat itxi zuen. Lehen ordu nahasien ondoren, bi langile lurperatuta zeudela jakin zen.

Hortik aurrera, zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago nahasten da egoera; irregulartasunak antzeman zituzten ikuskaritzek (eta horien aurrean Eusko Jaurlaritzak «zerbait egingo zuen»), amiantoa, ziurrenik lindanoa, eta ez dakigu zer gehiago, dirudienez ez zegoelako hor isurtzen zenaren gaineko kontrolik. Nahasmena, beldurra, eragozpenak eta protestak eskualdean, erakundeek familiei eta gizarteari, oro har, inolako informaziorik edo babesik ematen ez dietelako; eta okerrena, desagertutako bi pertsona eta hor egon daitekeenerako baliabide egokiak ez dituzten langileak haien bila.

2018ko abuztuaren 2an, txatarra pila batek su hartu zuen Pasaiako portuan. Suhiltzaileek eta deskarga egiten ari ziren langileek azkar erreakzionatu zuten arren, ke zutabea kilometrotara ikus zitekeen eta inguruko bizilagunen osasunari, Lezokoenari batez ere, eragin zion. Hortik aurrera, historia bera: portuko lurretan mugitzen denaren gaineko mesfidantza, kezka eta kontrol faltaren sentsazioa; airera eta uretara egindako isuriei edo sutearen arrazoiei buruzko informaziorik ez; azalpenik ez Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren edo Portuko Agintaritzaren aldetik. Izan ere, agintariek portura egindako lehen bisitak –hiru hilabete geroago egin zuten– ez zuen gertakariarekin zerikusirik ere.

Egunotako argazkia autobidea berriz irekitzearena eta zabortegiari buruzko galderaren aurrean lehendakariaren jarrera desafiatzailearena da.

2018ko abuztuko argazkia Kontxako badiaren gaineko ke zutabearena izan zen, eta ez Lezoko hirigunearen gainekoa, nahiz eta hura sutetik 100 metro pasatxora egon.

Azkenean, kasu batean edo bestean (eta hemen aipatzen ez ditudan beste askotan), hildakorik izan edo ez, hutsak ordaintzen dugunok jende bera izaten jarraitzen dugu. Mota honetako instalazioen ondoan bizi behar dugunok, gure bizitzentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak izan daitezkeenak, baina, dirudienez, familia jakin batzuetako edo poltsikoan karnet jakin bat dutenei etekin handiak ematen dizkietenak.

Ez dugu hau merezi.

Ez diegu horrela tratatzen utzi behar.