Andoni ARABAOLAZA
PATAGONIA

Zenbait erpinetan mugimendueta «trafiko» handia egon da

Eguraldi egonkorrari esker, jarduera bikainak egin dira. Cerro Torreko «Ragni» bidean, berriz, ezohiko ilarak izan dira.

Azken bi asteotan Txileko Patagonian geldialdia egin dugu. Orain, berriz, Argentinara abiatuko gara hango erpinetan izan diren hainbat jardueraren berri emateko. Ohiko denboraldia aurrera egiten ari da, baina gutxi falta da udazkeneko ateak zeharkatzeko. Patagoniako “ohiko” eguraldiak denboraldia markatu du, batez ere Eguberrietatik urtarrilaren amaierara arte. Hain justu, duela hilabete bat aparteko leiho bat izan zuten Patagonian, eta El Chaltenen bildutako alpinistek ondo baino hobeto baliatu zuten. Egoera berezi horri esker, bide berriak ireki dira, errepikapen gutxi zituzten goi mailako marrak eskalatu dira, egun bateko zeharkaldiak egin dira, erpin asko igo dira, “trafiko” handia egon da...

Laburpenarekin hasteko, eskuartean ditugun hainbat jarduera aipatuko ditugu. Hasteko eta behin, inguru horretako gailur ikonikoenean, Cerro Torren, geratuko gara. Joan den urteko Everesteko ilaren argazkia gogora ekarri nahi dugu, erpin horrek antzeko egoera bizi izan duelako. “Ragni” bidea eskalatu dutenak asko izan dira, eta une jakin batzuetan kolapsoa nagusitu da.

Corra Pescek sare sozialetan igotako argazki batean hori ikusi da, eta italiarrak berak egoera horren aurrean nolabaiteko kritika egin du: «Baldintza bikainetan zegoen ‘Ragni’, eta horri esker makina bat eskalatzailek marra hori aukeratu zuten. Bazirudien Ama Dablam edo zortzimilako erraz batean geundela. Elur perretxikoa gainditzeko, adibidez, jende asko batu ginen. Egoera oso arriskutsua sortu zen, tunel bertikal hori zulatzerakoan botatzen den guztia kontuan hartzen badugu. Marran bildutako alpinisten %80 baino gehiagok gaitasun mugatuak zituztela iruditu zitzaidan».

Eta Cerro Torre zein “Ragni” bidea aipatu ditugunez, aurreratu behar dugu Fabian Buhl izan dela aurtengo denboraldiko lehen protagonista. 29 urteko alemanak izan da erpin hori igo duen lehena, eta, gainera, “Ragni” bidetik. Hori gutxi ez, eta tontorretik bertatik Buhlek parapente batekin salto egin zuen. Hori egiten lehen gizabanakoa izan da.

Alpinista alemanak adierazi du jarduera hori egiteko leiho on bat baliatu zuela: «Etxera itzultzeko nengoela, eguraldiaren baldintzak aldatu ziren. Hainbat aukera aztertu ondoren, ‘Ragni’-ren alde egin nuen. Marra hori igotzen lehena izan nahi nuen, eta horretarako talde oso motibatu bat bildu nuen. Hainbat sokadatan banatu ginen, garbiketa lanek horrela eskatzen zutelako. Izotz eta elur kantitatearekin zur eta lur geratu nintzen. Tontorra egin baino lehen, haize asko egiten zuenez, bibaka egin nuen. Biharamunean, berriz, ezustekoa izan nuen: haizea ez zen baretu eta kontrako norabidea zuen. Egoera horretatik babesteko, gailurretik bost metro jaitsi nintzen. Eta, azkenean, bertatik salto egin nuen. Aireratze unea ez zen perfektua izan, baina tira... Bederen, aurrean nuen 1.500 metroko amildegiari aurre egin nion. Adrenalinak gora egin zuen. Hamazazpi minutuko hegaldia izan zen; asko gozatu nuen!».

Sokada indartsua

Colin Haleyk eta Alex Honnoldek elkarrekin soka gerrira lotzen dutenean, goi mailako jardueraren bat espero behar dugu. Alabaina, esku artean dituzten asmo handi horiek ez dira beti betetzen. Eta denboraldi honetan horixe gertatu zaie.

Fitz Royn amaitzen den “Care Bear” zeharkaldi entzutetsua egin nahi zuten. Jarduera horretan 2.000 metroko goranzko desnibela gainditu behar da. Berez, aurretik ere egin da, baina ez egun bakarrean. Hori zen sokadaren helburua, baina izotzak eta elurrak erritmoa mantsotu zien eta jarduera erdizka utzi zuten. Hain zuzen, hiru orratz eskalatu zituzten Fitz Roy mitikoa dagoen mendilerroan: Guillaumet, Mermoz eta Val Biois. Eta egun bakarrean egin zuten.

Haleyk berak adierazi digu egun dibertigarria izan zela: «Zeharkaldia egunean egitea zen gure helburua, baina Brenner ertzaren bigarren luzean ohartu ginen zaila izango zela. Diedro izoztu batek ‘abisatu’ zigun erritmoa mantsotu behar genuela. Eta hala egin genuen. Nahiz eta aurreko egunetan prezipitaziorik ez zen izan, artesi zein heldulekuetan izotza eta erlaitzetan elur asko zegoen. Arazorik gabe eskala zitekeen, baina ez azkar joan. Guillaumet eta Mermoz orratzak eskalatu ostean, argi zegoen Fitz Royko tontorra ezingo genuela egun horretan zapaldu. Hala ere, lanean jarraitzea erabaki eta Val Biois orratzera abiatu ginen».

Saiakera horren ondoren, Honnoldek hain ezagun bihurtu duen estiloaren aldeko apustua egin zuen. Bakarkako jarduerei buruz ari gatzaizkizue. Eskalatzaile estatubatuarrak erakutsi du Patagonian ere gai dela estilo horretan eskalada bikainak egiteko. Eta horren adibide aparta da S orratzera eginiko irteera.

Erpin horretan “Thaw´s not Houlding Wright” bidea (6b+, 900 m) zain zuen. Joan den otsailaren 14an martxan jarri zen. Eskalada ondo zihoan, baina hura amaitzeko erdia falta zitzaionean, ekaitz batek harrapatu zuen. Ez zuen etsi. Eskaladarekin jarraitu zuen, tontorra zapaldu ere egin zuen, eta El Chaltenera onik iritsi zen. Denera, hamabi orduko jardunean, oinez 40 kilometro, 900 metroko eskalada eta 2.300 metroko desnibel positiboa egin zituen.

Eskalatzaile estatubatuarrak aurreratu du ezusteko handia hartu zuela eguraldiaren iragarpenarekin: «Ez zen bete. Euri pixka bat, haize moderatua eta tenperatura hotzak iragarri zituzten. Hots, mendi irteera bat egiteko baldintza normalak. Baina lehen 600 metroak eskalatu ondoren, elurra egiten hasi eta haizea asko indartu zen. Baldintza oso eskasak baziren ere, eskaladarekin jarraitu nuen. Egoera latza zen, baina artesi izoztuak gainditzeko aukera izan nuen. Eta tontorra ere erdietsi nuen. Zorionez, jaitsiera askoz babestuago dago. Orratzaren eki horma deseskalatu eta glaziarrera arazorik gabe heldu nintzen. Onartu behar dut izotzik gabe bide hori goi mailakoa dela».