«Leccoko armiarmek» sarea ehundu dute Patagonian
Matteo Bernasconi, Matteo Pasquetto eta Matteo Della Bordella italiarrek Standhardt orratzean zein El Mochon bide berri banazabaldu dute. Poincenot orratzean, berriz, duela 40 urte sortutako marra baten lehen errepikapena sinatzeko aukera izan dute.
Patagoniako aurtengo ohiko denboraldian ere, Italiako Ragni di Lecco taldeko hainbat ordezkarik protagonismo berezia izan dute. Walter Bonatti, Ricardo Cassin, Luigi Esposito, Casimiro Ferrari eta beste alpinista historikoek bezala, kolektibo horretako egungo alpinistek argi uzten dute atzean gelditu ordez azpimarratzekoak diren urratsak egiten dituztela. Patagonia inguru kuttuna dutenez, aurten ere sarea bota eta uzta oparoa erdietsi dute.
Matteo Della Bordella, Matteo Bernasconi eta Matteo Pasquettok, adibidez, bizkar-zakua xede handi batekin bete zuten: Cerro Torreko “ingelesen diedroa”. Iaz, Della Bordella eta Pasquetto biribiltzeko zorian izan ziren. Diedro hori bukatzeko 80 metro falta zitzaizkienean atzera egin behar izan zuten. Arantza handia geratu omen zitzaien. Eta “kolpea” leuntzeko asmoa bazuten ere, azken bidaia honetan ez dute “zauria” ixteko aukerarik izan. Della Bordellak berak onartu du eguraldi zein baldintza kaskarrak izan dituztela: «Patagoniak aurpegi gordina erakutsi digu. Horregatik, beste jarduera batzuk egitea adostu genuen».
Horietako bat Standhardt orratzaren ipar isurialdean izan da. Hiru Matteo hauek 600 metroko marra berri bat zabaltzeko aukera izan dute: “Il dado e´tratto” (7b, A1). Della Bordellak esan duenez, xede nagusirako aukerak oso-oso urriak ziren: «Cerro Torreko baldintzak noiz hobetuko zain geunden. Kanpaleku aurreratura joan eta ohartu ginen ekialdeko horma hori ezin zela eskalatu. Bidearen sekzio batzuk, batez ere azken 400 metroak, antzigarrak eta izotzak estalita zeuden. Eskalatu behar genuen arrokazko pareta ez zen ikusten! Beraz, arrakastarako aukerarik ez genuen. Gainera, egoera oso arriskutsua zen; izan ere, marraren goialdetik izotzezko blokeak erortzen ziren».
Leiho on bat iritsi zen. Jakina, geldirik egoteko asmorik ez zuten, eta Della Bordellak eginiko bidaia batean ikusitako marra horretara abiatu ziren. Alpinistok zabaldu berri duten bide horri dagokionez, esan behar dugu duela zazpi urte Bernasconik eta Luca Schierak igo zuten “Festerville”-ren (6c, 90°, 400 m) ondoan dagoela. Zutoin oso erakargarria da, eta taldeak aho batez erabaki zuen une aproposa zela hura eskalatzeko.
Jardueraren lehen eguna joan den otsailaren 6a izan zen, eta denera hiru eguneko lan eskerga egin behar izan zuten. Della Bordellak dio emaitzak ezustean harrapatu duela: «Kalitate handiko marra bat sortu dugu; irudikatu nuena baino askoz ere hobea. Agerikoa den artesi sistema bati jarraitu genion. Eta luze guztiak ikusgarriak izan ziren; adibidez, marraren erdialdean dagoen 100 metroko artesi perfektu bat! Edozein eskalatzailek amestuko lukeen luzea zen! Goialdea, berriz, errazagoa zen. Ez zituen luze oso teknikoak, baina sekzio hori ere ederra baino ederragoa izan zen».
Hirukote hori pozarren zen Standhardt orratzaren gailurrean; besteak beste, Ragni di Lecco-k Cerro Torren eta Egger dorrean zabaldutako marrei “ahizpa” txikian beste bat gehitu diotelako.
Beste bi
Jarduera hori biribildu ondoren, eguraldi egonkorrak beste aurpegi bat erakutsi zuen. Cerro Torren itsatsita zegoen izotza erortzen edo urtzen ari zen. Egoera berri horrek itxaropenari ateak zabaldu zizkion. Alta, beste behin Patagoniako klimak ezetz esan die; aurten ere esku hutsik itzuli dira etxera: «Saiatu gabe uko egitea da guretzat zailena. Baina tenperaturak gora egin zuen, eta ekialdeko horma horrek izotz asko zeukan. Oso-oso arriskutsu zegoen! Horregatik, berriz ere B planari ekin genion».
Geldirik ez egoteko, Ragni di Lecco-ko hainbat ordezkarik Poincenot orratzean zabaldutako bide batera abiatu ziren. Duela 40 urte, erpinaren ipar isurialdean Mario Panzeri, Paolo Vitali, Marco Della Santa eta Daniele Bosisiok 800 metroko marra berri bat sortu zuten.
Lerrootako protagonistek adierazi dute bide izugarri ona dela, eta den-dena era askean eta bistan eskalatu zutela: «Zabaldu zutenek era alpinoan eta bi egunean lan ederra egin zuten. Pasarte batzuk artifizialean gainditu zituzten, eta gure asmoa horiek era librean eskalatzea izan zen. Lehendabiziko egunean orratzera hurbildu eta lehen luzeak igo genituen. Lan hori egin eta gero, rappelatu eta hormatzarraren oinarrira jaitsi eta gaua han bertan igaro genuen».
Biharamunean oso goiz irten ziren. Artifizialeko sekzioak askatzea zuten helburu, eta, jakina, egun horretan tontorra zapaltzea: «Bernasconik eta nik neuk era librean saiatzearen ardura hartu genuen. Pasquettok, berriz, petatea igotzen eta antolatzen jardun zuen. Sakrifizio handia egin zuen! Marra oso agerikoa da. Tximiniak, artesiak... asko gozatu genuen. Hitz gutxitan esanda, era librean eta bistan eskalatu berri dugun bide hau ikaragarri ona, luzea, asko eskatzen duena eta zailtasunean iraunkorra da. Hori bai, zailtasunean ez da oso zaila; gehienez, 6c gainditu behar da. Bide batez, zoriondu behar ditugu marra hau zabaldu zutenak; izan ere, oso bisita gutxi jasotzen duen alderdi honetan intuizioa izan zuten. Gurea marraren lehen errepikapena izan da».
Patagoniako bidaia amaitzen ari zela, Ragni di Lecco-ko ordezkari hauek hirugarren eta azken jarduera bat egiteko aukera izan zuten. Tira, zehaztu beharra dago hirukote horretatik azken irteeran Pasquetto eta Della Bordella aritu zirela.
El Mochoren iparraldeko hormara joan ziren; hain zuzen ere, iaz, Brette Harrington kanadarrarekin batera hasitako lan bat bukatzera. Sokada horrek dio pareta hori berezia dela oso: «Cerro Torreren aurrean dago, eta oro har eskalatzaileek ez diote garrantzirik ematen. Guretzat, hala ere, oso erakargarria da. Iazko saioan bost luze eta erdi zabaldu genituen. Artesi sistema bikain bat eskalatzeko aukera ematen du. Konpromisoa eskatzen du, eta espero genuen baino askoz ere luzeagoa eta zailagoa zen. Beraz, gutxietsi ezin den horma baten aurrean geunden. Une jakin batean bide horretatik jaitsi ginen».
Otsaila amaitzen ari zela, 28an hain zuzen ere, bi eskalatzaile hauek bigarren saiakerari ekin zioten. Bernasconi gripeak jota zegoen: «Haizea indartu zenez, kanpalekutik goizeko bederatzietara arte ez ginen irten. Iaz irekitako luze ederrak, zorrotzak eta fisikoak era askean gainditu genituen. Bidearen giltzara heldu ginen. Haizea ez zen baretu, baina gu oso motibatuta geunden. Alegia, ez geneukan amore emateko inolako gogorik. Sekzio zail hori gainditu ondoren, bazirudien amaiera lasaia izango genuela. Baina ez zen horrela izan. 40 metroko artesi batek buruhauste handiak eman zizkigun. Bazirudien Yosemiten geundela. Luze horretan sokaburu joan nintzen, eta energia guztiak xurgatu zizkidan. Azkenengo luzeek, berriz, ez zuten zailtasun handirik, eta lepo batean bidea amaitu genuen. Handik tontorrera heltzeko ez dago arazorik».
Sorkuntza-lan berriari “Jurassic Park” izena jarri diote. 320 metro luze da, eta gehienez 7b mailako zailtasunak ditu.