Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Aje gozoan eta indarberrituta

Martxoaren 8ak aje gozoa utzi du. Ez da grebarik izan, baina kalean plantatu eta aldarrikapenak edukiz hornituta feminismotik sistema honen miseriak azaleratu dituzte beste behin dozenaka mila emakumek. Aspaldian utzi zion mamirik gabeko zoriontzeak jasotzeko eguna izateari, lotzen gaituen kate horri beste tiradizo bat emateko okasioa da eta. Elkartzeko eta elkar sentitzeko egunak ere badira nazioarteko zita honen bueltakoak. Aspaldian elkar ikusi eta agurtu gabeko emakumeen topaketarako, gazteak, helduak eta horien artean kokatzen direnak elkarri helduta, nork bere erara sistema honek eragiten dien ezinegona azaltzeko ahaleginean; elkar hartzeko eta ahalduntzeko eguna bada izan ere; eta ikastekoa, nola ez, aldarrikapenak zein modu desberdin eta, aldi berean, aberatsetan egin daitezkeen erakusten duelako.

Egun bakarrean edota haren bueltako egunetan halako hustualdia egiteak badu gazitik, ordea. Martxoaren 8ak, gainerakoek bezala, 24 ordu ditu eta sakon eta bizi sentituta ere, azkar joaten dira. Eta ondorengoetan, aldarrikapenaren mozkorralditik leheneratu behar izaten da, lanean jarraitu, eta zalaparta handirik gabe. Izan ere, beste behin, erakunde ofizialen agendetan moreak indarra galduko du, egutegiak agintzen du horien koloreetan. Komunikabide zenbaitek ere egin beharrekoa egin dutela pentsatu eta ez diete leihorik zabalduko egunotan, birusaren eta futbolaren artean zirrikitua eginda, plazaratu dituzten eskaerei... Ezer berririk ez.

Baina Martxoaren 8aren bueltan sortzen den indarra pizgarri da inurri lanean aritzen diren emakume askorentzat; horiei ere badagokie, izan ere, asteburu honetan lehen aldiz feminismoaren aterkira hainbat neskatila gerturatu izanaren meritua, baita erreparoak gainditu eta gizarte honek eskaini dien patua aldatzeko pausoa eman duten helduagoak hurbildu izanarena ere. Urteak egun asko ditu guztientzat eta aurtengoak, gainera, egun bat ekarri du opari, nork bere modu eta moldeetan borrokan jarraitzeko.