Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Kontsumismoak irentsi ote du Everest mendia?

Azken urteotan espedizio komertzialek eragindako arazo larriei (hildakoak, ilarak ...) aurre egin beharra aldarrikatzen ari da eragileugari. Nazioarteko Eskalada eta Mendizale Federazioak (UIAA), esaterako, adierazpena plazaratu du hainbat neurri proposatzeko. Nepalgo agintariei eskatu diete mendiko turismoaren industrian benetako neurriak har ditzatela. UIAA erakundeak ere iritzia eman du.

Iazko montzoi aurreko denboraldian Everesten sortutako ilaren inguruko argazkiek oihartzun zabala izan zuten. Biralak egin ziren, alegia. Alabaina, azken urteotan behin eta berriz ikusi ditugu irudi horiek. Irakurleak jakingo duenez, udaberriko denboraldia erabat itxita dago Himalaian. Beraz, egoera horiek ez ditugu momentuz ikusiko. Baina ziur gaude hedabideen azaletara berriro itzuliko direla. Hori gertatuko da, munduko mendi garaienean zein beste zortzimilako batzuetan (Makalu, Cho Oyu ...) espedizio komertzialen negozio eredua aldatzen ez bada. Baieztapen hori egin du Britainia Handiko Alpine Club-ek, adibidez. Iazko udaberriko denboraldian Everesten gertatu ziren hainbat egoera negatibo idatzi batean jaso ditu: «Gainezka egiteaz gain, zaborra eta giza hondakinak ugaritu dira. Horretaz gain, ikusi da mendizale askok eskarmenturik ez dutela eta garaiera handi horretan jarduten duten langileen segurtasuna eskasa dela. Uste dugu horrek guztiak kezka sakona piztu duela mendizaletasunaren komunitate zabalean».

Adierazpen horrekin Nazioarteko Eskalada eta Mendizale Federazioak (UIAA) eta Nazioarteko Mendi Gidarien Erakundeak (IFMGA) bat egin dute. Erakunde horiek praktika onak bultzatu nahi dituzte: «Ez Everesten soilik, baizik eta Himalaia osoan. Bestalde, Katmanduko Adierazpenean jasotako mendien kontserbaziorako printzipioak ere onartzen ditugu. Eta, bide batez, mendizale afizionatuek eta espedizio komertzialek eragindako arazoei behar bezala aurre egiteko Nepalgo agintariak egiten ari diren ahaleginak babesten ditugu. Adibidez, hartutako neurri hau: erabilera bakarreko plastikoa debekatu. Hala ere, kezka handiz ikusten ditugu Everestera hurbiltzeko zabaltzen ari diren errepide berriak; horrekin turista kopurua handitu egingo da. Finean, Everest kudeatzeko era aldatu behar da, gailurrera igotzen saiatzen diren bezeroen kopurua ez baita jasangarria».

Horregatik guztiagatik, erakundeok neurri praktiko batzuk aurkeztu dituzte. Aurkezteaz gain, iazko azaroan UIAAk eginiko Batzar Nagusian onartu ere egin zituzten. Helburua: «Nepalgo turismoaren irudia hobetzea eta mendiko turismo industrian egindako inbertsioak babestea. Horrela, herrialde horretako ekonomiari eta mendiko komunitateari mesede egingo zaio».

Hainbat neurri iradokitzen dituzte arlo hauetan: langileen eskubideak, mendi gidarien kontratazioa, helikopteroen iruzurra, turismo jasangarria, segurtasun eta jardunbide egokiak... Honako webgunean irakur daitezke guztiak: www.theuiaa.org. Ondorioak ere plazaratu dituzte: «Guztien segurtasuna bermatzea ezinezkoa den arren, uste dugu praktika egokiak indarrean jartzen badira Nepalen mendiko turismo industria bideragarria izan daitekeela, Alpeetan edo beste mendilerro batzuetan bezala. Prezioei dagokienez, beldur gara murgilduta dauden ‘lasterketa’ horrek ez ote dion kalte egingo Nepalgo turismo sektorearen sinesgarritasunari; betiere, tokiko ekonomiaren kaltetan. Gure proposamenak kontuan hartu eta elkarrizketa mahai batean jartzen badira, hortik ateratzen diren eztabaiden ondorioak garrantzitsuak izan daitezke. Batez ere, mendiko turismoaren kalitatea eta etorkizuna ziurtatu nahi baditugu».

«Konplizeak»

Arestian aipatu dugu Britainia Handiko Alpine Club izan dela adierazpenaren bultzatzaile nagusia. Bada, mendizale talde ospetsu horrengana jo dugu; izan ere, jakin nahi dugu zergatik otu zitzaien neurri horiek jasotzen dituen egitasmoa bultzatzea: «Hedabide orokorrek makina bat galdera egin zizkiguten Everesteko iazko irudien inguruan. Ilara luze horiek eta 11 hildakoek nolabaiteko jakin-mina piztu zuten. Hedabide horiek ez dute ulertzen agentzia komertzialek Everestera antolatzen dituzten espedizioek alpinismoarekin loturarik ez dutela. Mendizale britainiarrak garen heinean, uste dugu Himalaiako mendizaletasuna zaintzeko eginkizun historikoa dugula. Agiri bat idatzi genuen, eta, gure helburua mendiko turismoan dauden praktikak hobetzea denez, babesa eskatu genuen. Premiazko agiri bat behar genuen, eta pixkanaka agente batzuekin hartu- emanetan jarri ginen: UIAA, IFGMA... Eta, azkenean, Nazioarteko Eskalada eta Mendizale Federazioaren Batzar Nagusian babes osoa jaso zuen».

Hedabide orokorrek zein alpinismoan jarduten duten hainbat eragilek Himalaiako mendiko turismoaz duten irudiaren inguruan, Alpine Club-ekoek argi utzi nahi dute mendizaleak, oro har, irudi horren konplizeak direla: «Liburuak idatzi, hitzaldiak eman eta mendi zinemaldiak antolatu ditugu. ‘Abentura’ eta eskalada osasungarriak direla esanez ehun urte egin ditugu; hori sustatu dugu. Eta espedizio komertzialak horren produktu bat besterik ez dira. Baina helburu bat sortzen duzunean norberaren ardurak kontuan hartu gabe, orduan jarduera hori ez da osasungarria. Everest nahien zerrendan xede gisa hartzen duten mendizale dirudunek esperientzia hori degradatzen dute; adibidez, Balirako bidaia pakete batekin antz handia izan dezake. Oso-oso arriskutsua da sinestea mendiko mendi garaiena igotzeko txartel bat eros dezakezula».

Antza denez, sektore batzuetatik adierazpen horrek kritikak jaso ditu. Proposamen kolonialista dela aurpegiratu diete; besteak beste, Nepalgo agintariei neurri batzuk har ditzatela iradokitzen zaielako: «Guk ez dugu zalantzan jartzen administrazio horrek zer egin behar duen. Ez da gure mendia. Inori ez diogu esaten zer egin behar duen. Soilik gure babesa eskaintzen ari gara; izan ere, gai hauetan eskarmentu handia dugu. Gure helburua da neurri horiek mendiko langileentzat eta turistentzat (askotan gure bazkideak dira) onuragarriak izan daitezela».

Nepal munduko herrialde pobreenetako bat denez, adierazpenaren sinatzaileek uste dute mendiko herritarrekiko begirune berezia izan behar dela: «Urrutiko herritarrak dira, eta herrialdeak dituen aurpegi ezberdinak ulertu behar ditugu. Inolako zalantzarik gabe, turismoak Himalaiako jende asko pobreziatik atera du. Horrekin batera, horietako asko eta asko Malaysia edo Persiar golkora lanera joatea saihestu du. Turismoak lanpostu asko sortu ditu Nepalen, eta turisten bisitak ezinbestekoak dira herrialdearen ekonomia bermatzeko. Oso garrantzitsua da gauzak ondo egitea».

Amaitzeko, turismo hori jasangarria izan dadin hondakinen kudeaketa egoki bat ezinbestekoa dela diote adierazpenaren sustatzaileek: «Honetan ere ez dugu zalantzarik, klima aldaketak Nepalgo mendietan bizi direnak mehatxatzen baititu. Dagoeneko, eragin hori nabaritzen ari dira. Gure asmoa herritar horiei ingurumenaren inguruko aholku batzuk ematea da. Kultura aldetik hainbat gauza aldatu behar dituzte».

[Hurrengo atalean, mendiko langileen iritzia jasoko dugu].