Maider IANTZI GOIENETXE
AMAIUR
Entrevue
NORA SALBOTX
AMAIURKO HERRI ESKOLAKO ZUZENDARI ETA IRAKASLEA

«Kurtsoa gaur bukatzeak ez luke inolako trauma izan behar»

Elkarrizketa goxo eta hunkigarria izan dugu Nora Salbotxekin. Zuzentzen duen Amaiurko eskolan osasun krisialdi honi nola erantzuten ari diren kontatu digu. 3 urtetik 12 urte bitarteko 25 ikasle dituzte, 16 familia. Komunitate trinkoa osatzen dute. Salbotxen iritziz, eskolak zaintza lana egin dezake, urrunetik bada ere, baina ez du uste zintzoa denik hemendik aitzinera gertatuko dena kalifikatzea. Bere ustez, hezitzaileek eta eskolak «bertze funtzio bat» dute.

Nora Salbotxen iritziz, osasun krisialdi honek balio izan digu jendarte gisa zerbitzu publiko eta komunitarioaren garrantziaz ohartzeko eta eztabaida hori erdian jartzeko.

Konfinamenduan sartzen lehenak izan zineten ikastetxeak. Laugarren astea dagoeneko. Zer moduz daramazue eguneroko martxa?

Ongi. Martxoaren 9ko aste horretan jada bagenituen lehenbiziko neurriak: garbitasunari buruzkoak, ateraldiei buruzkoak… Lehenbiziko pausoa familiei erantzun bat ematea izan zen, sekulako zurrunbiloa eta ezinegona sortzen baitzuen ez jakite horrek. Batez ere, goxoa eta pausatua izan zen erantzun hori, lasaitzeko. Baliabideak ere jarri genituen: eskolan zeuden ordenagailuak, ipuinak, jostailuak, zorrozkailuak ere joan dira etxeetara. Gero, ikasmaterialak antolatzeari eta koordinatzeari ekin genion. Sekulako erronka izan da maisu-maistrentzat bat-batean online lan egiten hastea, eta horrek koordinazio handia behar zuen. Arrapaladan zurrunbilo bat izan zen, ekoizpen handia egon da maisu-maistren aldetik, baina hori dena bideratu egin behar zen gero.

Sentsazioa da beti Hezkuntza departamentuen aurretik joan izan garela. Adibidez, zer gertatzen zen etxean ordenagailurik edo internetik ez zutenekin? Geure kabuz erantzunak bilatzen ibili gara, arriskatzen, arauditik kanpo zeudenak gero bilakatu direlako araudi.

Eskola topagune bat da, komunitate bat; begiradaz, laztanez, irribarrez osatzen da, modu sinkronikoan aritzen da, aurrez aurrekoan, eta hori gabe gelditu den zuloa ez du betetzen inolako aplikazio teknologikok. Harreman sare hori bat-batean desagertzea ez da trauma bat, baina galera handia da.

Hori da hezkuntzaren oinarria.

Hain zuzen ere. Hezkuntza pertsonen artean egiten den zerbait da, egunero elkarrengandik ikasten dugu: eskolako langile guztiok, sukaldariak, garbitzaileak, haurrak, irakasleak…

Hasiera horretan zein kezka zituzten familiek?

Gobernuak bat-batean eskolak ixtea ezarri eta kezkak sortu ziren: nola antolatuko gara? Haurrek lanak izanen dituzte? Nola eginen dugu baliabide askorik ez badaukagu? Lehenbiziko mezu hori batik bat lasaitasunarena izan zen. Erran genien pixkanaka edukiekin eta eskolarekin zerikusia zeukaten gauza horiek bideratuko genituela. Familien esker on mezu pila bat jaso genuen, eta aitorpena: «Eskerrik asko, hemen zaudete». Emozionatu egiten naiz orain kontatuz, barkatu... [negarrez hasi da].

Lasai. Ona da negar egitea. Beharbada, kasu berezia da Amaiurrekoa, herri txikia izanik erlazio estua izanen duzue.

Oso komunitate trinkoa da eta elkarren aitorpena beti hor egon da. Eskolan gauza pila bat egiten dira auzolanean, jangela adibidez. Azkenean hori dena erein genuen… [hunkitua dago]. Hau ez nuen espero, e! [dio irriz eta negarrez. Elkarrizketa eten dugu pixka batean].

Zein agertoki edo aukera ikusten dituzu ikasturte honetan?

Udaberriko bakantzen ondoren hirugarren ebaluazioa hasiko da. Pertsonalki, eta toki gehiagotan ere ikusten ari naiz, batez ere Katalunian, ez naiz eduki berriak sartzearen aldekoa, arrakala pila bat sortzen dituelako egoera honek. Uste dut gehiago dela horiek pausaz aztertzeko eta nola konpentsatuko ditugun begiratzeko unea. Orduan, ikasturtea gaur bukatu baldin bada uste dut inolako traumarik gabe hartu beharko genukeela. Ikuspegi konpetentzial baten arabera lan egiten dugu aspalditik, teorian bai behintzat. Beraz, ez du zentzu handirik edukiekin aurrera egiteak. Arras kontzeptu zentriko bilakatu dira egun hauetan curriculumak, eta ez lukete izan beharko. Orain arte konpetentziei eta ikaslea erdian jartzeari garrantzia ematen ari ginen, erronka ezberdinen aurrean bizitzarako prestatzen ari ginen. Bat-batean oso kontzeptualak bilakatu gara, eta ez da justua. Produkzio industrialarekin du zerikusia. Parametro horretan kokatu dugu neurgailua: zenbat orrialde inprimatu dituen gaur, zenbat buruketa egin dituen… Eta hori ez da helburua. Alde batetik hori eta bestetik arrakala guziak ikusita, ni ere ikasturteak aurrera ez egitearen aldekoa naiz.

Agertoki desiragarria niretzat hori da, eta eskolara itzuliko bagina eskola laguntzaile bat planteatzea, patxadaz, honek sortu dituen zauri guziak sendatzera dedikatuko dena eta hausnartzeko denbora bat eskainiko duena. Aurtengo ikasturtean itzuliko bagina, horretarako izan beharko luke: hezkuntza sistema zein pribilegioren gainean eraikia dagoen eta honek denak zer arrakala sortu dituen ongi pentsatu, segregazioak nola sakondu dituen pentsatu eta hori gainditzeari ekin beharko genioke. Kontzientzia hartu, planteamendu kritiko bat egin, eta zaindu. Egoera zaurgarrian dauden edo egon diren ume eta familia horien zauriak sendatzera jo beharko genuke, eta ez edukietan tematu.

Hori guztia nolabait egiten ari zarete dagoeneko?

Nik uste dut ari garela, baina kolektibizatu egin behar da, taldetasunetik pentsatu. Udalak ere ari dira arrakalak gainditzeko saiakeretan, komunitateko zaintza sareak hausnarketa horren parte izan daitezke, eta maisu-maistra asko ere ohartu gara bat-batean halako krisi bat aurrez aurre jarri zaigunean, alfonbra azpian zeuden sistema kapitalista-heteropatriarkal honen zabor guzia goratu eta ikusi dugunean zein eragin zuzena daukan gure hezkuntzan.

Zuen inguruan sumatu dituzue arrakalak?

Baztango Udalak azterketa bat egin du hasieratik horren inguruan eta erran digu halako egoera zaurgarrian detektatzen bagenuen ikaslerik beraiek jarriko dituztela beharrezko baliabideak. Balorazioa zorion handi bat izan da Udalaren aldetik beraiek ekimen hori martxan jarri aurretik ere ikastetxeetatik eginahal hori egin zelako, zuloak betetzeko gai izan garelako gure baliabideekin, oso hasieratik jarri ginelako horretara.

Zeintzuk dira zaurgarritasun egoera horiek?

Gehienak baliabide teknologiko eta konektibitate faltarekin lotuak daude. Baztanen kasuan erabat lotuta daude egoera ekonomiko zaurgarriekin. Beste arrakala bat landa eremuena da. Ikasle pila bat ditugu baserrietan bizi direnak eta toki horietan konektibitatea ez da hirietan edo karrikan den modukoa. Kasu honetan dena teknologiara hain baldintzatua dagoenez horrek ondorio batzuk ekarri ditu. Badira baserritik ez dakit zein tokitara joan behar dutenak telefono mugikor batekin konektatu ahal izateko eta baliabideak jasotzeko.

Konponbidea topatu diezue baliabide falta horiei?

Bai. Eskoletako baliabideak utzita. Komunitateak ere sekulako indarra hartu du. Badira ikasleak ondoko baserri batera hurbiltzen direnak, etxean sartu gabe, bizilagun batek konexioa utzi dielako.

Zuk jada ikasturtea amaituko zenukeela erran duzu. Baina zer uste duzu gertatuko dela?

Espainia eta Frantziako buletin ofizialek iragarriko digute zer egin behar dugun. Sistema propio bat aldarrikatzen aspalditik gabiltzan komunitate bat izanda sekulako zaplaztekoa da hori. Hegoaldean gobernu autonomikoak ez dira inolako ekimen propiorik erakusten ari, euren konpetentziaren defentsarik ere ez; beraz, Espainia eta Frantziako buletin ofizialetan jakiten dugu gure herriko eskola eta ikastoletan zer erabaki hartu behar diren. Hori oso larria da.

Heldu ugariri aditu diot umeak lezio bat ematen ari zaizkigula. Ados zaude?

Bai. Haurrek ere beharko dute aitorpena bat etxetik ateratzen garen egunean. Eta omenaldirik politena agian ez dira txaloak izanen, baizik eta gure espazio urbanoak, kaleak, etxebizitzak birpentsatzea. Egoeraren bertze pertzepzio bat daukate, orokorrean badabiltza irudimentsu, sortzaile, etxeko zaintzan eta eguneroko martxan izugarri inplikatzen eta oso gauza politak sortzen, gurasoekin denbora asko konpartitzen, dantzarako, musikarako, jolaserako, aspaldi egiten ez genituen gauzak egiteko. Jolas-ordu horiek altxor baten gisara begiratu beharko genituzke. Ume horiek ongi-ongi zaindu orain eta etxetik ateratzen garen egunean ere bai.

Haurren beharrez ohartzen ari gara jendarte mailan. Gure komunikabideetan ere toki bat eskaintzen diete hasieratik. Hori ere sekulako aitzinamendua da. Eta gelditzeko etorri da. Guk ez dugu barkatzen: GARAko denbora-pasa egunero egiten dugu alabarekin, baita zumba ere. Momentu goxo bat pasatzen dugu GARAri esker.

«Herri hezitzailetik hurbilago gaude»

Zein egoera ekarri ditu krisiak? Teleirakaskuntza eta telelana uztartzen ari da hainbat familia. Zer diote?

Krisiak jendarte honen alfonbrape guztia agerian utzi du, eta eskola ez dago salbu. Bestetik, aitorpen bat egin nahi nuke: maisu-maistra eta irakasleak sekulako eginahala egiten ari dira. Teleirakaskuntzak, telelanak jardunaldi bikoitzetara behartzen gaitu: etxekoak, lanekoak, haurrak irakaskuntzan laguntzearena. Beste ondorio bat da etxe aunitzetan gertatzen ari den euskararekiko deskonexio izugarria. Eta beste bat, multinazional zenbaiten baliabideen garaipen bat-batekoa. Alderdi onak ere badira. Honek guztiak balio izan digu zerbitzu publiko eta komunitarioaren garrantziaz ohartzeko. Eta iruditzen zait herri hezitzailetik hurbilago gaudela. Komunitate zaintza sare horiek bisibilizatu eta indartu direlako, udalak ardura horietan jarri direlako buru-belarri, ohartu garelako zein garrantzitsua den haurrek jolas egitea eta horretarako espazio duinak edukitzea… Iruditzen zait honek ez daukala atzera bueltarik.

Nola moldatzen ari zara zu?

Dilistak erre zitzaizkidan lehengo egunean, eta abar eta abar. Ez da batere erraza izaten ari. Ohartzen zara zaintza sare horiek zein puntura arte sostengatzen duten gure eguneroko bizitza ero hau. Eta horien balioa nabarmentzeko, aitortzeko eta bihotz asko banatzeko garaiak dira.M. I. G.