Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Roger Schaelik Patagoniako erpinetan leku berezia du

Alpinista suitzarrak eginiko zortzigarren bidaian lau orratz eskalatu ditu. Dagoeneko Fitz Roy zein Cerro Torren hamaika ditu.

Roger Schaeli soilik Eigerreko ipar hormarekin lotzea hanka-sartze handia da. Bai, jakin badakigu pareta enblematiko horrekin erabat harrapatuta dagoela, eta goi mailako makina bat jarduera egin dituela. Baina alpinista suitzarrak erakutsi du etxetik kanpo ere ondo baino hobeto moldatzen dela. Alaska, Himalaia eta Karakorum ere “jolas-eremu” ditu, eta ezin dugu ahantzi Patagonia leku kuttuna duela ere.

Ohiko denboraldia amaitzear zela (edo koronabirusak nahitaez ixteko agindua eman zuen), lerrootako protagonistak prentsa-oharra bidali zigun. Eta lerroburuetan honakoa azaltzen zigun: «Jonas Schildek eta biok beste lau orratz lortu ditugu».

Gauzak horrela, alpinista honek bilduma berezia du Argentinako Patagonian; izan ere, Fitz Royko mendilerroaren zortzi erpin nagusiak igo ditu, eta Cerro Torren beste hiru. Eta hori guztia zortzi bidaiatan sinatu du. Esan dugun bezala, azkena, Schildekin egin du, eta GARAri bidalitako idatzian zehatz-mehatz kontatuko digu patrikara sartu dituen beste lau orratzen inguruko esperientzia.

«Zortzigarrena»

«Joan den urtarrilaren amaieran, modu harrigarrian, Jonas Schild-ekin batera El Chaltenera bidaiatu nuen. Bisita horretan, denera, lau orratz eskalatu genituen. Beraz, nire bilduma berezi horrek hamaika erpin jasotzen ditu; hain zuzen ere, Fitz Roy eta Cerro Torre mendilerroetan kokatuta daudenak. Cerro Torre orratza, adibidez, bitan eskalatu dut. Eta horregatik guztiagatik, pozarren nago.

El Chalten niretzat leku paregabea da. Haizeteek astintzen duten inguru honek magia du, eta behin eta berriro itzultzera behartzen nau. Munduaren amaieran dago, eta Fitz Roy eta Cerro Torre bezalako bi mendi dotore daude. Zure aurrean. Zalantzarik gabe, munduko ederrenetarikoak dira.

Patagoniara bidaiatu aurretik, Jonasek eta biok hainbat helburu zehaztu genituen. Baina jakin bagenekin urrutiko alderdi horretako eguraldiak ziur aski gure jarduna baldintzatuko zuela. Dagoeneko ondo baino hobeto ezagutzen dut eguraldi nahasi hori. Gu urtarrilaren amaieran heldu ginen, eta esan ziguten ordura arte ezer gutxi egin zela. Hots, azpimarratzeko jarduerarik ez zela egon. Jakina, horren errua eguraldi kaskarrak izan zuen.

Aitortu behar dut hori guztia entzun eta gero, Jonasek eta biok zorte handia izan genuela. El Chaltenera iritsi bezain laster, eguraldi leiho txiki on bat zabaldu zen. Jakin banekien eskaladaren bat edo beste egiteko baldintza egokienak ez genituela izango; besteak beste, garai hartan uholde-urak eta elur asko izan zituztelako.

Egoera berriak esku artean genuen plana aldatzera behartu gintuen. Alabaina, uste dut ondo egokitu ginela aurrean genuen errealitatera. S izeneko orratzera abiatu ginen; hain zuzen ere, ekialdeko hormara. Eta han ‘Austriarren’ bidea (6a, 50°, 350 m) eskalatzeko aukera izan genuen. Beraz, El Chaltenera heldu eta biharamunean geure lehen gailurra zapaltzeko gai izan ginen. Baten batek esango digu Patagoniako erpin txikienetako bat dela, eta ez duela zailtasunik. Ados nago, baina kontuan hartu behar da baldintzak ez zirela batere onak, eta horregatik ez dut uste jarduera hori gutxietsi behar denik.

Haranera itzuli ginenean, El Chalteneko ohiko egunerokotasunera moldatu ginen. Lagunekin bildu, kafea hartu, haragi errea jan, hizketaldi luzeak egin, boulderra praktikatu... Eta garrantzitsuena: eguraldiaren iragarpen on baten zain egon. Zorionez, lauzpabost eguneko leiho on bat iritsi zen. Martxan jarri eta hurrengo hiru egunak mendian egin genituen. Eskalada interesgarria, rappel batzuk oso basatiak, bibak ederrak... Denera, hiru orratz eskalatu genituen: S izenekoa, Saint-Exupery eta Rafael Juarez. Baina baldintzek ez ziguten lagundu (hotza, elur asko eta arriskua) eta Poincenot orratzean sartzeko erabakia bertan behera utzi genuen.

Mendian bost egun egin eta gero, El Chaltenen ginen berriro. Jonas eta biok ados geunden: ezohiko eguraldiak lagundu zigun. Beste aukera bat izango ote genuen galdetu genion geure buruari. Zalantza asko genituen, baina berriro antizikloia erpin horien gainean jarri zen. Ikusi genuen Fitz Roy-ren mendebaldeko pareta lehortu zela. Erabakia argi zegoen: zeharkaldiarekin jarraitu behar genuen.

Eguneko lehen argi izpiekin Poincenot orratzaren hegoaldeko aurpegiko ‘Fonrouge-Rosasco’ bidean (900 m) sartu ginen. Goialdean ensamblean pare bat luze eskalatu ondoren, bide klasikoari lotu (‘Whillans-Cochrane’) eta gailurra zapaldu genuen. ‘Whillans’ bidetik rappelatzen hasi ginen. Asko eskatu zigun. Aldats klasiko horretan elur asko zegoen; ia gerrira iristen zen. 10 kilometroko ibilbideak El Chaltenera itzuli gintuen. 24 orduko jarduna izan zen.

Hitz gutxitan esanda, nire sokakideak eta biok jabetu gara azken bidaia honetan zorte ikaragarria izan dugula. Patagoniako eguraldia lagun izan dugu. Baldintzak, berriz, ez dira oso egokiak izan. Eta horregatik, esku artean genituen helburu guztiak biribiltzea ezinezkoa gertatu zaigu. Baina onartzen dugu eskalada onenak egiteko aukera izan dugula.

Bestalde, jarduera hauen guztien inguruan balorazio positiboa egiten dugu. Eta argi dugu datorren denboraldian itzuliko garela; geure buruak ondo baino hobeto prestatuta ikusi ditugu. Bide batez, ohartu naiz Saint-Exupery edo Rafael Juarez bezalako erpin ‘txikiago’ horiek eskalatzea ez dela batere erraza izan. Aurkitu ditugun baldintzek asko eskatu digute.

Bide klasiko gehienak igo ondoren, gero eta zailagoa da Patagonian amets berritzaileak eta zailak irudikatzea. Gainera, onartzen dut erpin ‘txiki’ horiek gutxiestea ere akats handia izan dela.

Azkenik, Jonasen lana txalotu eta eskertu behar dut. Nahiz eta gaztea den, aurrera eramaten duen jardunean oso diziplinatua da. Eta bidaiarako ‘ezarritako’ plangintza guztia une oro errespetatu du».