POLIO EPIDEMIA BATEK ZIU-EN SORRERA BULTZATU ZUEN
1952. urtean poliomielitis epidemia handi bat izan zen Kopenhagen. Hiriko ospitaleek gainezka egin zuten eta gaixo larrien %87 hiltzen ziren. Medikuek indarrak batu zituzten eta tasa hori %31ra jaistea lortu zuten. Hortxe dago egungo ZIUen jatorria.
Ospitaleak bete egin ziren, eta hala ere jendeak bertaratzen jarraitu zuen. Arnasteko arazoen ondorioz hiltzen ari ziren. Mediku eta erizainek ezin zuten ezer egin egoera horren aurrean. 1952. urtean Kopenhagen izan zen poliomielitis epidemian gertatu zen hori. Sekulako kolpea izan zen medikuntzarako, baina horri esker ditugu egungo Zainketa Intentsiboetako Unitateak. Osasun langileak lankidetzan aritu ziren lanean ahalik eta pertsona gehienen bizitzak salbatu ahal izateko.
Garai hartan, polioak hainbat pertsonengan eragiten zuen arnasteko zailtasunak hobetzeko modua presio negatiboko haizagailua zen. Baina epidemia hura polioak jota munduan inoiz izan zen handiena izan zen, eta Danimarkako hiriburuko ospitaleak gainezka zeuden. Egunero 50 pertsona iristen ziren, eta horietatik 6-12 inguruk arnasteko arazoak garatzen zituzten.
Baina arazorik larriena zein zen? Bada, hiri osoan presio negatiboko haizagailu bakarra zegoela. Hala, lehen asteetan polio bulbarra edo bulboespinala zuten pazienteen %87 hil egiten zen. Erdiak haurrak ziren.
Etsita, Blegdam ospitaleko mediku nagusiak bilera bat deitu zuen. Bertaratu ziren medikuen artean Bjorn Ibsen zegoen, Bostonetik itzuli berri zen anestesiologoa, eta ideia bikain bat izan zuen, medikuntza modernoaren bilakaera aldatuko zuena.
Presio negatiboko haizagailuak gorputzaren inguruan hutsune bat sortu eta birikak handitzera behartzen zituen, eta ondorioz airea trakeatik jaistera behartuta zegoen hutsune hori betetzeko. Horrela paziente batzuen arazoak konpontzen baziren ere, pertsona asko hil egiten ziren listua edo urdaileko edukiak irentsi eta biriketara joaten zitzaizkielako.
Urteetan zehar teknika hori erabili bazen ere, Bostoneko bi irakaslek 1928an Drinken haizagailua asmatu zuten, eta Ibsenek horren berri bazuen. Haizagailu horren sistema oso bestelakoa zen, airea biriketara bideratzen zuelako zuzenean. Hala, Ibsenek antzerako teknika bat proposatu zuen: trakeotomia bidez –lepoan zulo bat eginez– trakean tutu bat jartzea eta bertatik oxigenoa sartzea presio positiboaren teknikaren bitartez. Ebakuntzak egiterakoan ohiko teknika zen hori, baina ospitaleetako geletan ez zen erabiltzen.
Ibsenek teknika hori probatzeko baimena izan zuen hurrengo egunean eta horri esker Vivi Ebert izeneko 12 urteko neskato bati bizitza salbatu zion lepoan jarritako tutuari poltsa bat txertatuz, eta horri eraginez. Emaitza ikusita, Blegdamen arnasteko laguntza zuten paziente guztiekin berdina egin zuten. Arazoa zen haizagailu automatikorik ez zegoela.
Horri erantzuna emateko, medikuntza komunitatea martxan jarri zen eta elkarrekin lanean hasi ziren. Kopenhageko Medikuntzako eta Odontologiako ikasleek eskuz haizatu zituzten pazienteak, sei orduko txandetan. Nola egin behar zuten informazioa jaso, eta txandaka lanean aritu ziren asteetan zehar. Hilabete batzuk geroago konturatu ziren heriotza tasa %31ra jaitsi zela, eta 120 pertsonaren bizitzak salbatu zituztela.
Esperientzia horretatik ondorio batzuk atera zituzten. Hasteko, ulertu zuten zergatik hiltzen zen hainbeste jende polioak jota; ordura arte uste zen giltzurrun-gutxiegitasunarengatik hiltzen zirela, baina Ibsenek frogatu zuen haizatzerako garaian egiten ziren akatsak zirela heriotza gehienen arrazoia.
Bestetik, Blegdameko ospitaleak erakutsi zuen mediku komunitatea batzea posiblea dela eta hori gertatzen denean gauza on asko gertatzen direla. Gainera, konturatu ziren arazo berdintsuak dituzten pazienteak elkarrekin kokatzean, arazo horiei aurre egiteko prestatu diren medikuak gertu izatean, errazagoa dela horiek zaintzea.
Horrela sortu zen zainketa intentsiboetako unitateen kontzeptua. Hurrengo urtean zabaldu zuten Kopenhagen lehen ZIUa, eta pixkanaka munduan zehar gehiago ere sortu ziren. Presio positiboko haizagailuen erabilera ere zabaldu egin zen, eta lan hori automatikoki egin ahal izatea erraztu zen. Hasierako urteetan haizagailu automatiko horiei begira egotea beharrezkoa zen, ezustean itzaltzen baziren pazienteak hil egiten zirelako. Egun, makinak gai dira pazientearen biriken neurria hartu eta zenbat aire behar duten kalkulatzeko, baita arazoren bat egonez gero informatzeko ere.