Maider IANTZI
Entrevue
AMAIA BACIGALUPE DE LA HERA
UMEEN DESKONFINAMENDUAREN INGURUKO TXOSTENAREN EGILEETAKOA

«Haurrek ariketa fisiko nahikoa bermatzen duten irteerak beharko lituzkete»

Irakaslea da EHUn, Osasun Publikoan doktorea eta Gobernu espainiarrak eskatutako «Haurren osasuna konfinatua» azterlana egin duen ikerketa taldeko kidea da. 11.500 umeren datuak bildu dituzte bertan, gurasoei egindako galderen bidez.

Espainiar Estatua da orain arte umeen konfinamendu zorrotza mantendu duen bakarra. Italiak duela egun batzuk malgutu zuen neurri hori. Amaia Bacigaluperen iritziz, ez da kasualitatea. «Umeen inguruko politikekin dago lotua: haur eskolak, amatasun bajak eta umeen ongizatearekin erlazioa duten beste hainbat auzi ez dira erdian egon, eta beste herrialde askotan bai. Horrek isla dauka gero egoera ezohikoetan, konfinamenduan kasu, egiten den kudeaketan», hausnartu du.

Umeak pixka bat kalera ateratzeko erabakia hartu du Espainiako Gobernuak, baina oraindik ez du zehaztapenik egin: zenbat denbora ateratzen ahalko diren, norekin, nola, non... Zeintzuk dira 'Haurren osasuna konfinatua' zuen txostenetik ateratzen diren proposamenak?

Gure txostenak ez du planteamendu politikorik egiten, helburua ez da hori. Hori esanda, argi dago jaso ditugun datuek mahai gainean jartzen duten errealitatea kontuan hartuta beharrezkoa dela umeen konfinamenduaren baldintzak malgutzea. Zorionez, hala egingo da. Zein baldintzatan? Espazio eta denbora aldetik ariketa fisiko nahikoa bermatzen duten irteerak egin beharko lituzkete, osasun fisikoari zein emozionalari lotutako datuek erlazio handia baitute etxean ez mugitzearekin. Hori da nire susmoa. Beste behar batzuk asetzeko, adibidez harremanetarako beharra, batez ere txikienen artean hain premiazkoa dena, hainbat estrategia jarri ditugu abian etxeetan, bideodeien bidez-eta horri pixka bat eusteko. Baina ukaezina da etxeetan mugitzea eta gorputza askatzea ezinezkoa dela. Hortaz, denborari dagokionez ateratzeko ordutegia mugatuegia ez izatea, eta umeak noraino mugi daitezkeen, kontuan hartzeko bi aldagai oso inportante izango lirateke.

Datu kezkagarriak jaso dituzue konfinamenduak haurrengan dituen ondorioez. Zeintzuk dira nabarmenenak?

Lehenik eta behin, osasunarekin lotutako bizi ohiturek eragin dezente izan dute. Umeen %20-22k ez dute batere ariketa fisikorik egiten etxean. Horretaz gain, pantailen aurrean denbora ikaragarria ematen dute: %25ek sei ordu edo gehiago. Ziurrenik, eta hori ez dugu zuzen aztertu, barazki eta fruta kontsumoa ere jaitsi izango da, eskolako jantokietan orokorrean gutxieneko kontsumoa bermatua zegoelako, baina orain ez dakigu. Umeen %70ek ez dute behar beste barazki jaten.

Guretzat aurrekoa bezain inportantea den beste emaitza bat da gizarte ezberdintasun ikaragarriak daudela. Hori bagenekien, gure ikerketa taldean aztertua genuen zein neurritan baldintzatzen duen gizarte egiturak osasuna eta ongizatea, generoari, klase sozialari eta gurasoen ikasketa mailari lotuta. Eta beste behin argi geratu da zenbat baldintzatzen dituzten bizi ohiturak. Batez ere osasunarekin lotutako eguneroko ohiturak, ez horrenbeste konfinamenduaren inpaktu fisiko eta mentala. Aipatutako ehuneko orokor horiek askoz ere altuagoak dira maila sozioekonomiko baxuko etxebizitzetan. Hori eztabaida publikoan kontzienteki isildua izan denik ez nuke esango, baina ez da aintzat hartu. Neurriak hartu dira gizarte osoa berdina izango balitz bezala, eta ulergarria da egoera oso ezohikoa bizi izan dugulako, baina bigarren astetik aurrera gobernu eta administrazioek pentsatu beharko lukete familiek konfinamendua bizitzeko duten moduak eragina izango duela euren osasunean eta bizi kalitatean. Eta hori erabat kanpo egon da eztabaidatik.

Umeez gain, hirugarren emaitza deigarri bat da gurasoen osasunean genero ezberdintasunak ezarri dituela konfinamenduak. Espero genuen, emakumeok beti okerrago sumatzen dugulako gure osasuna, arazo kroniko gehiago ditugulako. Eta ezohiko egoera honetan, non bizi baldintzak egun batetik bestera okertu diren, emakumezkoongan inpaktua handiagoa izan da. Horrek lotura izan dezake lan merkatuaren okertzearen inpaktuarekin, emakumeengan handiagoa izatea gerta litekeelako, edo etxeko lanen eta zainketen partekatze erreala egitearekin edo ez egitearekin, edo emakumezkook jasaten ditugun beste indarkeria egoera batzuekin. Faktore horiek, beste askorekin batera, azal ditzakete guraso gazteen artean ere amek aitek baino inpaktu negatibo handiagoa sumatzea osasun fisiko eta mentalean. Emakumeen %30ek uste dute konfinamenduaren eragina epe luzerako izango dutela. Kontuan hartzeko datuak dira, orain arte eztabaida publikotik nahiko at egon direnak.

Krisi soziala ere badela hau eta ez dakigula zer uzten ari garen bidean adierazi duzu. Zer susmo dituzu? Zer erakusten dute datuek?

Egindako analisitik harago doan hausnarketa bat da. Argi dago osasun krisi bat bizitzen ari garela, baina Espainian ahaztu egin zaie, zaigu, eta beste herrialdeetan susmatzen dut ez dela horren agerikoa izan, gizarte krisialdi bat ere izaten ari dela, egiturazkoa. Nola da posible orduan krisialdi hau kudeatzeko egin dituzten hainbat aditu-batzordetan profila medikuntzakoa, prebentiboa, epidemiologiakoa, laborategikoa izatea soilik? Deigarria da zein kudeaketa mota egiten ari den, kontuan hartuta bigarren mailako ondorio pila bat biziko ditugula, ekiditen ditugun edo ekiditen ez ditugun heriotzez aparte.

Orbain askorekin bukatuko dugu, ez umeek soilik, helduok ere bai. Gure aitona-amonak etxean daude duela hilabete eta erditik eta, zorionez, horren inguruan zerbait pentsatzen hasi dira Gobernuan. Mugikortasuna neurri horretaraino mugatzeak hauskortasun handiko pertsonengan zer nolako ondorioak izango ditu haien osasun fisiko eta mentalean? Hori guztia zerk justifikatzen du? Ez dut oso argi ikusten zer ikerketa zientifiko dauden horrenbeste erabaki politikoren atzean. Egoera, hain ezohikoa izan denez, segur aski batere ez. Orain arte halako zerbait esatea, ingurukoei ere, txarto ikusia zegoen. Baina gauzak egin daitezke egoera bizigarriagoa izan dadin eta gutxiago sufritu dezagun, ziurrenik emaitza berdintsuekin.

3 eta 12 urte bitarteko umeengan dituen ondorioak aztertu dituzue. Nola aldatzen da eragina adinaren arabera?

Ideia da lagina bi adin tarteetan banatzea, baina oraindik ez dugu egin. Orduan ez dakit.

Politikan ez direla gauzak ongi egin azaldu duzu, ez direlako umeen beharrak kontuan hartu. Beste herrialdeetara begiratu behar dela defendatu duzu. Nora? Zer egin daiteke hobeki?

Ia edozein herrialdetara begiratuta zerbait irabaziko dugu umeentzat. Krisialdia hasi zenean Norvegiako lehen ministroak umeei zuzendutako prentsaurreko bat eman zuen, zer eskatzen zieten azaltzeko, zergatik, noiz arte? Oso sinbolikoa izan zen. Hori da umeak eta ahulagoak diren kolektiboak erdian jartzearen edo ez jartzearen ezberdintasuna. Ez dakit herrialde bakoitzaren egoera, baina dakidana da Espainia dela orain arte umeen konfinamendu zorrotza mantendu duen herrialde bakarra. Italiak duela egun batzuk malgutu zuen neurri hori. Ez da kasualitatea Italia eta Espainia izatea orain arte neurri hori mantendu dutenak. Ziurrenik erlazioa du umeen inguruko politikarekin. Haur eskolak, amatasun bajak eta umeen ongizatearekin erlazioa duten beste hainbat politika ez dira erdian egon Italian eta Espainian, eta beste herrialde askotan bai. Horrek isla dauka gero egoera ezohikoetan, konfinamenduan kasu, egiten den kudeaketan. Zientzian ez dago ezer esaten digunik umeak transmisio bektore arriskutsuagoak direnik helduak baino. Birus karga handiagoa dutenik ere ez. Beraz, ez dago frogatua kutsakortasun handiagoa dutenik. Eta neurri politikoak askotan izaten diren modukoak izan dira, arrazoitu gabeak. Eta jendeak irentsi egin zuen. Denok irentsi genuen hori eta orain dela lau egunera arte inork ez zuen kolokan jartzen. Korrelazioa dago gizartearen eta agintarien arteko modus operandian.