GARA
londres

Oxfordeko ikerleak hasi dira txertoak probatzen

Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak Covid-19aren aurkako txertoa aurkitzeko probak egiten hasi ziren atzo. Unibertsitateak jakinarazi zuenez, ehunka herritar boluntario agertu dira ikerketan parte hartzeko, eta atzo arratsaldean hasi zuten euren lana, pertsona osasuntsu bati lehen dosia eman baitzioten. Beste boluntario bati meningitisaren aurkako txerto bat emango zaio, entsegu klinikoan konparazio metodo gisa erabiltzen dena. Oxford Vaccine Group taldeak bihar prozesua errepikatzea espero du, beste sei boluntariorekin, eta astelehenari begira, kopuruak gora egingo du.

Adituen arabera, berrogeialdiko neurriak ezarri dituzten herrialdeak normaltasunera itzultzeko bide bakarra koronabirus berriaren aurkako txertoa aurkitzea da, eta txerto hori modu orokorrean erabili ahal izatea. Ildo horretan, Oxfordeko ikertzaile taldearen kalkuluen arabera, irailean txertoa lortu eta haren milioi bat dosi gutxienez izango dituzte. Londresko Imperial Collegek urte amaieran gauza bera egitea espero du, aztertzen ari den beste batekin.

Aurten erabiltzea, oso zaila

Nolanahi ere, Chris Whitty Britainia Handiko Gobernuko mediku kontseilariak adierazi zuenez, Oxfordeko Unibertsitateko lanak aurten banatu daitekeen txerto eraginkor eta seguru bat ekartzeko aukera «oso txikia» da. Gobernu britainiarrak 20 milioi libera (22,60 milioi euro) jarri ditu Oxfordeko taldearen esku, eta beste 22 milioi libera (24,90 milioi euro) Imperial College-ren proiekturako.

Lydia Guthrie aste barruan hasiko da entseguaren parte izaten, eta atzo BBCri azaldu zionez, boluntarioak bilatzen zituzten iragarkia ikusi zuenean, bostehun lagun baino gehiago biltzen dituen talde honi «ekarpen txiki bat» egin ziezaiokeela iruditu zitzaion.

Txertoa bilatzeko ikerketan parte hartzean bere gain hartzen duen arriskuaren jakitun dela esan zuen, adituek azaldu diotela, baina gaineratu zuen lanak arrakasta izango duen itxaropena baduela.