Ekhiñe Zapiain Arlegi
Gora Ikasleon Borroka-ko bozeramailea
KOLABORAZIOA

Hezkuntza krisiak ere txertoa behar du

Bizi dugun salbuespen egoera honetan, espainiar zein frantziar estatuek unibertsitateko sarbide proben zein ikasturte bukaeraren gaineko erabaki desberdinak hartu dituzte. Horren aurrean, ikasleok zeresan handia dugu.

Lehenik eta behin, historikoki ikasle mugimenduak selektibitatearen eta baxoaren zein ebaluazio sistemaren aurka izan duen jarrera babesten dugu. Ikasturteetan egindako lan guztia ezin delako proba bakar batera bideratu, ez DBH 4. mailan, ez eta Batxiler 2. mailan ere. Ikasturtez ikasturte gainditu beharreko oztopoak jartzen dizkigute, eta lasterketa horretan jausten dena akabo, haiek ez digute altxatzen lagunduko. USEren %60ko nota ateratzeko edo DBHtik hasi eta Batxilergora arte ebaluazioz ebaluazio egiten ditugun probak itogarriak dira eta herritar sumiso eta obedienteak hezten direla bermatzeko erabiltzen dituzte.

Hezkuntza eredu hauen ebaluazio sistemak izatez hutsuneak baldin baditu, aurten inoiz baino ageriago geratu dira. Hezkuntza sistema osoan zabaldu den kaosak ez du inongo zalantzarik uzten. Laburbilduz, hirugarren ebaluazioko edukia euskarri informatikoen bidez hala nola landu da. Ikasle eta zentro bakoitzak eredu hori erabiliz ikasketa prozesua modu duinean aritzeko aukerarik dagoen ez du kontuan hartu. Geure larruan bizi dugu ikasleon hezkuntza eskubidea ez dela bermatua izan.

Frantziar Estatuan, baxoa bertan behera uztea erabaki dute. Horren ondorioz haien unibertsitateko sarbide kalifikazioa ikasturteko azterketen emaitzetan oinarrituko da. Seaskako ikasleen aurtengo kalifikazioa euskaraz egindako azterketek osatzea positiboa da. Baina ezin dugu ahaztu Ipar Euskal Herriko ikasleekin hitz egin gabe eta haiengan pentsatu gabe Paristik inposatzen zaigun erabaki bat dela.

Espainiar Estatuan berriz, konfinamendu neurrien iraupena ziurtatu gabe dagoen arren, azterketa bat egiteko, agintari politikoek milaka ikasle biltzeko hautua egin dute, gure osasuna eta heziketa zaindu gabe. Ikasleak izango gara krisiaren ondorioak ordaindu beharko ditugunak, agintariek hartutako neurriek merkatuaren ongizatea baino ez dutelako helburu. Hala, krisi honen pisua hezkuntza komunitatearen gain utzi dute. Normaltasunaren antzerkiari eutsiz, krisi honen kalteak etorkizuna jokoan dugun ikasleok ordaintzea nahi dute.

Egoera honetan, Gora Ikasleon Borroka-ko kideok ikasleon beharretara egokituko diren neurriak hartzea aldarrikatzen dugu. Batetik, selektibitatea bertan behera uztea, horren ordez, ebaluazio jarraitua ezarriz (Batxilergoko bi mailak kontuan izanik). Baina hau ezin da edozein baldintzatan egin; ikastetxeen artean sor daitekeen kalifikazio arrakala gerta ez dadin neurriak hartzea ezinbestekoa izango da. Gure heziketa prozesua modu duinean garatu eta ikasturte bukaera ahalik eta egokien ebaluatu behar da.

Bide beretik, ikasleon bizitzak erdigunera ekartzea ezinbestekoa da, eta ikasturte bukaera modu duinean garatzeko tresnak sortu behar dira: baliabide material zein pedagogikoak, irakasleentzako tresnak, edukia moldatzea, metodologia parte hartzaileak garatzea eta ikasleei horiek jasotzeko baliabide teknikoak (hardware zein konexio egokia) eskaintzea.

Salbuespen egoera honetan agerian geratu da berriro ere hezkuntza sistema hauek ez dituztela ikasleon beharrak asetzen. Ez dutela ikasleen beharrizanei erantzuteko inongo interes politikorik. Eta ikasturte hasieran esaten genuena egoera honetan ozenago diogu: hezkuntza sistema propioa da aterabide bakarra. Eta horretan jarraituko dugu, lanean. Ez izan zalantzarik.