Amaia ZURUTUZA
Entrevue
UGO MAYOR
IKERBASQUEKO IKERTZAILEA

«Zientziak horrelako une larrian eman zezakeena ez da behar bezala bideratu»

EHUk sustatutako PCR test eredua abian jartzeko pausoa eman du azkenean Lakuako Gobernuak. Ugo Mayor izan da lan honen koordinatzailea. Carlos III.aren onespena nahikoa zela uste du eta ez du ulertzen atzerapena; «sentsazioa da ez zegoela urgentziarik».

Ugo Mayorrek uste du koronabirusari aurre egiteko zientziaren ekarpena ez dela «onartu nahi izan» edo ez dela jakin «behar bezala bideratzen». Kritikan leun, auzolana balioan jartzeaz aritu zen atzo NAIZ Irratian.

Zer dira zehazki PCR testak?

Material genetikoa anplifikatzeko erabiltzen den teknika bat da. Laborategietan proiektu askotan baliatzen dugu, baina justu test hauek egiteko behar den teknologia ez da sinpleena, QPCR da, konplexuagoa.

Protokolo propio bat osatzea lortu zenuten. Zaila izan zen?

Momentu batean ikusi zen arazo larriak zeudela kit komertzialak, erreaktiboak, dagoeneko paketean dena prest erabiltzeko datozen horiek, lortzeko eta guk planteatu genuen behar zela erantzun zientifiko bat beste modu batean egin ahal izateko test horiek. Oinarrizko zientzia egiten dugun ikerlariak elkartuta lortu genuen topatzea konponbide bat, aukera ematen duena horrelako kitik gabe gauza bera egiteko. Hori azpimarratuko nuke. Askotan indarra edo garrantzia ematen zaio zientzia aplikatuari, baina larrialdi egoera honetan oinarrizko zientzian gabiltzanok gai izan ginen erantzun bat emateko.

Testen inguruko argazki orokor bat egingo zeniguke?

Orokorrean bi mota daude; batzuk dira serologikoak, odola begiratzen dutenak, eta besteak dira PCRak, lagin bat hartzen dutenak faringean, sudurretik sartuta edo ahotik. Bigarren honek detektatzen du birusa aktibo dagoen edo ez. Oso garrantzitsua da teknika hau jakiteko nor den kutsakorra, pertsona hori isolatu ahal izateko eta bere kontaktuak trazatu ahal izateko. Bestetik, serologikoek, odola begiratzen dutenek, esaten digute ea gure gorputzak kontaktua izan duen birusarekin, izan ahal da orain dela bi aste edo bi hilabete. Horrek balio du jakiteko zein hedapen izan duen orain arte, baina ez dizu argitzen momentu honetan pertsona hori kutsakorra den edo ez. Horregatik, bi metodologiak beharrezkoak dira, baina bakoitza bere momentuan. Momentu honetan, birusa oraindik hor zehar dabilenean, PCRak erabiltzea oso garrantzitsua da, kutsakorra nor den jakin ahal izateko.

Prezio nahiko baxuan egin ahal den testa topatu duzue...

Erreaktiboen kostua du soilik eta PCRak egiteko lagin bakoitzerako behar den erreaktiboa ez da horren garestia.

Protokolo unibertsala osatu eta edonoren esku jarri duzue.

Larrialdi egoera honetan ez zuen zentzurik informazio hori ahal bezain azkar ez ateratzeak, eta garatu eta berehala publiko egin genuen. Zuk ahal duzu dispositibo bat sortu eta patentatu, baina kasu honetan protokolo bat da eta ez du zentzurik informazio hori ez zabaltzeak. Guk behintzat horrela ulertu genuen eta berehala jarri genuen gure webgunean hizkuntza ezberdinetan denek erabiltzeko.

Zuek esana da egunean 10.000 test egiteko aukera dagoela Euskal Herrian laborategi guztiak testak egiten jarriz gero.

Aspalditik jakina den kontua da hori, aspalditik edo... Euskal Herriko sare teknologikoa prest egon da martxoaren erdialdetik PCR horiek guztiak egiteko, eskaintza hori egin du.

Carlos III.a osasun institutuak apirilaren 15ean eman zion balioztapena zuon lanari. Joan den astean sinatu dute hitzarmena Lakuak eta EHUk. Carlos III.aren onespena ez zen aski?

Gure ustez, bai, baina sentsazioa izan dugu inolako urgentziarik ez zegoela hau martxan jartzeko. Hori da esan dezakedana.

Edonork daki, ordea, egoera zinez urgentea zela, ezta?

Guk horrela planteatu genuen hasieratik, momentuan ikusi genuen beharra zegoela denon elkarlanerako; atsedenik gabe jarri ginen lanean, astean zazpi egunez, goizean goizetik gauean oso berandu arte eta horregatik lortu ahal izan genuen emaitza; horrenbeste ikerlari koordinatuta, oso lan giro politean gainera; benetako auzolana izan da, eta lortu genuen hamar egunean garatzea atsedenik gabe lan eginda. Gero denborak mantsoago joan dira, baina hori jada gure eskuetatik kanpo zegoen.

Zergatik ez diote, beraz, hainbesteko garrantzirik eman?

Ez dugu ulertu. Esan behar dut guri argi eta garbi esan zigutela sistema gai zela PCR gehiago egiteko, baina ez zutela beharrezkoa ikusten. Gu lanean hasi ginenean egunean 500 PCR egiten ziren, aurkeztu genuenerako 1.500 ziren, eta bat-batean gurea aurkeztu eta gero egunean 4.500 PCR egiten hasi ziren. Esaten zigutenaren arabera, osasun sistemak potentziala izan du PCR gehiago egiteko baina lehentasuna izan da test serologikoak egitea. Ez dugu ulertzen, komunitate zientifikoak argi du PCR gehiago egin behar direla. Orain gehiago egiten ari dira.

Azkenean iritsi zen hitzarmena. Nola baloratzen duzu?

Oso ondo. Espainiako Ministerioak proposatu duen ikerketan integratzeko aukera emango zaigu. PCRak egitea eskaini zaigu. Hori funtsezkoa da, jakiteko zer prebalentzia duen birus aktiboak, ea populazioaren %1, %5 edo %2k daraman birusa. Gure teknologiarekin arazorik gabe ikusi ahalko dugu eta aurrerantzean hartzen diren erabakiak egitateetan oinarrituko dira, birusaren egiazko hedapenean.

Zeini uste duzu egin behar zaizkiola PCR hauek?

Argi dago lehen lerroan dauden oinarrizko zerbitzuetako langileek jakin behar dutela kontaktuan egon badira kasu positiboekin ea eurek ere positiboak diren, ez baldin badakite birusa zabalduko dutelako.

Zuen test protokolo hau blokeatua izan da egun askotan. Zer erakusten du horrek?

Orokorrean ikerkuntza edo zientziari halako une batean duen balioa ez zaio onartu nahi izan edo ez daude tresnak hori behar bezala bideratzeko. Egia da, hala ere, hau guztia elkarlanean egin dela Osakidetzarekin eta integratuta ginela kontingentzia planetan. Baina hain egoera larrian beharko zen hor zegoen balioa erabiltzea. Hau ikaspen bat izan beharko da etorkizunerako, nola bideratuko ditugun baliabideak behar den unean.

Esan duzu zientziari ez zaiola behar besteko balioa eman. Atzetik datorren kontua da?

Egoera paradoxikoa da. Alde batetik ematen zaio balioa, baina ez da lortu bideratzea zegoen urgentzia kontuan hartuta. Zientzia zentroak, adibidez, Gobernuaren sail ezberdinetan daude. Beharko genuke hobeto integratu eta elkarlanerako bide gehiago izan.